Tanabata, izarren festibala
Tanabata, izarren festibala –
Urtero, uda-aroa behin helduta, ekialdeko zenbait herrialdetan; batik bat, Txinan, Korean, Vietnamen eta Japonian udako ekitaldiei hasiera ematen zaie. Ekitaldi hauen artean “izarren festibala” deituriko ekitaldia ospetsuenetariko bat da, mendebaldeko San Valentinekin konparatu egin dena. Japonian festibal honi Tanabata no matsuri izenaz ezagutzen ohi da, eta izatez, Txinako Qi Xi festibalaren nahasketatik dator; hau da, VIII. mendean (Nara aroan) Koreatik zeharkatuta Japoniara heldu zenetik. Hori dela eta, ospakizun hau nahiko zaharra omen da eta sustrai folkloriko zein mitologiko nabargarriak ditu, ez bakarrik Txinan, baizik eta beste inguruneko asiar herrialdetan.
Festibal honek Japoniako matsuri-ei hasiera ematen die, Obon deitutako ekitaldirako prestaketakak sortaraziz. Ekitaldi berezi honen data urtearen ilar-egutegiaren arabera lekuratzen denez, ekitaldiaren benetako data aldakorra bide da. Hala ere, Japoniako data ofizialak uztailak 7 eta abuztuak 7 ohi dira; zonaldearen arabera egun batean ala bestean ospatzen baita. Sendai eta Hiratsukako ekitaldiak, adibidez, ospe handienetarikoak ohi dira. Lehenengoa abuztuaren 6tik 8ra arte ospatzen da, eta bigarrena, berriz, uztailaren 7an.
Festibalaren istorioa
Ekitaldi honen zergatia eta jatorria sekula interesgarriak zein miresgarriak direla esan genezake, data hauetan bi konstlelazio ospetsuak inoiz baino gertuagoak baitaude gure galaxian; konstelazio horiek badira, hain zuzen, Altair eta Vega izarrak. Izar hauen lotura maitasunezko kondaira japoniar batean (jatorriz txinatarra) azaltzen omen da.
Maitasunezko kontakizun honen arabera, antzinean, bazen behin bi gazte; Orihime (Zhinü txineraz) printzesa, zeruko jainkoen alaba, jainkoentzarako arropak eta bordatuak josten ohi zituen neskatila, eta Hikoboshi (Niulang txineraz), lurran bizi zen mutil adoretsua, idiak eta mandoak larreratzen zituena. Egun batean, Orihime oso bakarti sentitzen zenez, lurrara gerturatu zen, eta han egonda, Hikoboshi mandazaina ezagutu zuen. Batak bestea ikustean, biok berehala maitemindu egin ziren. Haien maitasuna hain sakona zenez, goiz elkar ezkondu ziren, eta haien ardurak egiten jarraitzeari utzi zioten. Orihimeren aitak, kosmoseko enperadoreak, bi gazteen utzikeria ikusterakoan, haserre betez hauek banantzea erabaki zuen. Horiek horrela, bi gazteak erreka handi baten bidez banandu zituen (Esne Bidea).
Orihime jostunak bere arduratara itzuli bazen ere, Hikoboshetik urrun egoteagatik bere barnean tristura izugarria sentitzen zuen. Beraren goibeltasuna hain handia zenez, aitari bere senar maitearekin itzultzeko eskamena egin zion. Aitak baimena eman zion, baina baldintza bakar batekin; bi gazteek gogor lan egin behar zuten, gero urtean behin bakarrik elkartu ahal izateko; alegia, zazpigarren hilabetearen zazpigarren gauean. Bi gazteen amodioa hain erraldoia zein etenezina zenez, enperadoreak kurrilo multzo bat (txinatar bertsioan lapurtxoriak) bidali zuen zeruan zubi bat eraikitzeko. Horrela, Hikoboshik urtero esne bidea zeharkatu dezake eta bere emazte maitearekin berriro elkar daiteke. Zoritxarrez, egun horretan euria egiten badu, kurriloek ezin izango dute zubia bere hegoekin eraiki, eta maitale gizajoek beste urte bete bat itxaron beharko dute. Hori dela eta, japoniar sinestunenak egun berezi honetarako eguraldi ona desiratzen omen dute.
…
Ekitaldian egiteko jarduerak
Ekialdeko herrialde hauetatik paseatuz gero, kaleak zein eraikin asko apaindura, argi eta banbu arbolez beteta ikus ditzakegu. Japonian, bereziki, banbu zuhaitz horietan ume zein helduek zintzilikatutako kolorezko paperak ikus daitezke. Paper horietan etorkizunerako desirak eta olerkiak idazten ohi dira, hurrengo egunean zonaldeko tenpluetan erretzen direnak edota erreketara botatzen direnak, japoniar jainkoek eta jainkosak desio guztiak betearazi ditzaten. Horretaz gain, jendeak paperezko kurriloak eta txoriak egiten ohi dituzte (origami modukoak).
Txinan, jatorriz Qi Xi gauean emakumeek jainkoei haien desirak eskatzen zizkieten; hala nola, zoriontasuna, jakituria eta alaitasuna haien familian. Zonaldearen arabera jarduera ezberdinak egin ohi dira gaur egun arte; besteak beste, arropak edota liburuak eguzkira jartzea, joskera lehiaketak antolatzea edota paperezko su-argiak erreketan uztea, Niulang mutikoak esne biderako bidea ondo ikus dezan eta bere burua galdu ez dadin.
Korean, aldiz, gaur egun gazte gehienek, Japonian bezala, haien maitasunezko desirak paperezko orrietan idazten dituzte eta zuhaitzetan zintzilikatzen ohi dituzte. Halaber, koreatarrek haien lagun zein kideenganako ongizate eta alaitasunerako desirak egiten dituzte. Vietnamdarren kasuan, berriz, hauek maitasunerako, ezkontzarako zein familiarentzako desioak eskatzen dituzte batez be.
Japoniako tenpluetan zein kale ugarietan azoka pilo aurki daitezke ere, non jolas, janari eta edari ohikoenetaz goza daiteke. Azoka hauen plater ospetsuenak, besteak beste, dorayaki, taiyaki, mochi, yakitori, dango etab. izaten ohi dira. Guzti-guztiak sekula gozoak! Era berean, japoniarrek haien jatorrizko antzerkiak eta desfileak antolatzen dituzte ere, musika tradizionalaz josita eta dantza folkloriko xelebreekin. Halako ekitaldi hain ikusgarriak eta ezberdinak sekula merezi dute behintzat behin batean ikustea, mendebaldeko mundutik haratago ospakizun guztiz xelebreak eta xarmagarriak ohi baitaude.
Beraz, ekialdeko kultura maiteleok animatuko al zarete jardueraren bat egitera ospakizun liluragarri hau ospatzeko? Zuen desirak kolorezko paperetan idazteari ekingo duzue ala origamizko txoriren bat egiteari animatuko al zarete? Baietz izatekotan, zorte on zuen desio guztiekin, eta disfrutatu udako egun hau zoragarriaz! Nire aldetik, desiraren bat zintzilikatuko dut, eta agian origami itxuraren bat saiatuko naiz egiten, ea etorkizunean nire desirak jainkoen oniritzia jasotzen duten…
Tanabata, izarren festibala
Tanabata, izarren festibala