Talentuaren Guneak bigarren edizioko irabazleak iragarri ditu
Talentuaren Gunea –
Talentuaren Guneak, ikus-entzunezko produkzioko eta errealizazioko profesional berriei bultzada emateko ekimenak, bigarren edizio honetako saridunak iragarri ditu gaur goizean. Joan den ostiralean, Bilboko Azkuna Zentroko Bastida Aretoan ekitaldi bat egin zen aukeratutako 14 proiektuak gertutik ezagutzeko, eta hausnarketa sakon baten ondoren, gaur eman dira aditzera irabazleen izenak. Hain zuzen ere, Talentuaren Guneak euskal ikus-entzunezkoen sektorean sortzen ari diren talentu berrientzako bozgorailu izan nahi du, industrian lehen urratsak ematen ari diren ekoizle eta errealizadoreentzako topagune izateaz gain.
Topaketara sektoreko profesional ugari hurbildu ziren eta, berrikuntza gisa, parte-hartzaileei feedback kritikoa eskaintzeaz arduratu zen epaimahai profesionala ere izan zen ekimenean. Honako profesional hauek osatu zuten epaimahaia: Nerea García Guillén (Lau Haizetara), Mathieu Béjot (Sunny Side of the Doc), José Luis Farias (Weird Market), Igor Heras (Monsters Pit), Pedro Andrade (Bartzelonako D ‘A Festival de Cinema), Manuel J. Lacasa (Abycine Lanza) eta Arturo Olea (Music Lybrary & SFX).
June Lasarteren ‘Ardiek jakingo dute’ proiektuak jaso du D’A Film Lab Barcelona jaialdiak emandako saria, 2025ean Producció Emergente atalean parte hartzeko zuzeneko hautaketa. Kataluniako jaialdiak aintzatespen hori ematea erabaki du, “euskal historiaren eta idiosinkrasiaren ikuspegi bereizgarria duen lana delako, eta proiektua gauzatzeko aukerak dituen sortzaile batek daramalako”.
TP1/Music Library & SFX/Acorde saria Naia Aranzamendiren ‘Koaxi’ lanari egokitu zaio. 1.500 euroko saria da, eta enpresak banatzen dituen produkziorako musika-katalogoetako titulu guztietarako sarbidea eskaintzen du, baita proiektu irabazlearen sinkronizaziorako deskarga mugagabeak ere. Epaimahaiak Aranzamendiren lana saritzea erabaki du, “emakumeen erretratu bizia” delako. “Etengabe gogoratu behar den gertuko iragan batera itzultzen da, non aukerarik eza eta erronka mordoa dagoen gizarte patriarkalaren eta komunitate-bizitzak ezarritako arazoen ondorioz. Proiektuaren segmentu musikala oso erabilgarria izango da filmaren narratiban eta, beraz, ziur gaude gure saria aprobetxatuko dutela”, adierazi zuten epaimahakideek.
Bestalde, Lau Haizetara Saria Lucía Monteroren eta Carlota Darnellen ‘Peter’ proiektuarentzat izan da. Hala, pitchak prestatzeko laguntza jaso eta Donostia Zinemaldiaren baitan Dokumentalen Koprodukzio Foroan parte hartzeko aukera izango dute. Epaimahaiak lan hori nabarmendu nahi izan du, garapen-maila onagatik eta aurkezpenaren argitasunagatik.
Weird Marketek, berriz, Ekain Zabalaren ‘Ñop Ñop’ lanari mentoria pertsonalizatua eskaintzea erabaki dute, proiektua garatzen jarraitu ahal izateko eta merkaturatzeko.
Azkenik, Abycine Lanza jaialdiak Oier Bravoren eta Josep Caboren ‘Magastiko koplak’ filmari eman zaio Abycine Lanza Conexiones saria. Proiektuaren bi ordezkariak akreditazio profesionalarekin eta ostatu gasturik gabe joan ahal izango dira merkatura. Halaber, izen bereko jaialdiaren inaugurazioaz gozatzeko aukera ere izango dute.
Antolatzaileek eta epaimahaikideek eskerrak eta zorionak eman nahi dizkiete parte-hartzaileei, eta aurkeztutako lan guztien maila altua nabarmendu nahi dute. Era berean, sortzen ari diren ahots guztiak animatu nahi dituzte lanean jarraitzera eta Talentuaren Gunea bezalako ekimenetan parte hartzera.