Tabakalera dela eta

Aspaldian elkarrekin egon ez bagara ere, laguna dut Iñaki Beobide. El Mundo, Egunkaria, Berria eta Garan zutabegile nintzen garain, berak ikusarazi zidan oharkabean pasatua zitzaidan gertaera bat, alegia, nire zutabeetan egurrik gehien eta handiena  Joseba Arregi koitaduari emana niola.

Eta egia zen Iñakik esaten zidana, ez bainion batere kupidarik erakutsi Arregiri, nahiz eta garai hartan Ramses moduko bat izan eta berak bultzatu eta antolatu faraoikeriak: Egunkariaren kontrakoak, Sevillako Expokoa, Guggenheim eta abar.

Garai haietan Joseba Arregik nire jefeen jefea izateko ohitura handia zeukan eta larrutik ordaindu behar izan nuen insolentzia.

Neu bakarrik oroitzen naiz orain bizkarrean jasotako azotakada haiez, halakoxea baita bizitza: bonzoarena egiteko, publikoa behar da, bestela oholuts, eta nik ez neukan inor begira inguruan.

Egunkaria zela, Kultur Kezka zela, AEK-HABE zela… kolore desberdinetako eta kolorerik batere gabeko euskaltzaleon artean, jipoi eder askoak ezagutu genituen, oraingo gazteok sinetsiko ez zenituzketenak. Batzuk beti galtzaileen arteko ginen, jakina. Zorionez. (Jainkoak libra gaitzala karramarroen arteko izatetik, baita hauek euskal labeldunak direnean ere).

Gauza da orduko arduradun kulturalekin bezala, gaur ere arriskuan gabiltzala beste batzuekin geure iritzia ematen dugun bakoitzean. Egia esanda, lagunak ere galdu ditugu bidean oraikoan ere, edo epeldu egin zaizkigu halako batean, ez da hala Joxean?

Bai, Tabakaleraz ari naiz, inongo portu zoragarritara iritsiko ez den kultura egitasmo zoroaz.

Egin zaion formulazio bakoitza zuzentzen saiatu gara eta beti izan gara traidoretzat hartuak, kultura benetan interesatuko ez balitzaigu bezala edota terrorismoa bailitzan gure kredoa. Okerrago ere bai: interes zehatz eta partikularren zerbitzura genbiltzala sinetsi dute sarritan. Utikan!

Ematen du, enperadoreari  gainean arroparik ez daramala esaten diozun bakoitzean, jostunaren postu-eskean zabiltzala, baina ez da hori, ez da hori, inondik inora. Zin dagit, gainera.

Txabarri handiarekin ere izan nuen disputa eder horietako bat, Anoetarena espekulazio iturri bikain hura zela eta ez zela. Patxikontra deitu zidan kalifatxoak faraoikeria haren kontra idazteagatik. Aurpegira izan zen, behintzat, eta eskertzen da. (Non dabil Txabarri orain, HABEn bere jakintza paregabea isurtzen, agian? ) Dena den, nor akordatzen da orain Anoetarena hartaz? Katua ere ez gurean.

Eta Tabakalerarekin atzera eta aurrera dabiltzan honetan, milagarren formulazio genialarekin etorriko zaizkigun tenorean, aitor dut ezin dudala gehiago, ez dudala astirik galtzeko asmorik gaiarekin. Ez dudala deus fitsik asmatzen ibiltzeko intentziorik. Ez indar, ez asmo, ez gogorik. Alferrik baita izan.

Horregatik, baina, ez naiz ixilik geratuko, nahiz eta batek batek pentsatuko duen dagoeneko Abuelo Cebolletas bihurtuta gabiltzala geure borrokatxoak kontatzen. (Zertarako da ba blog pertsonal bat?)

Inork nire asmoen berri nahi badu, aski du azken urteotan Tabakalerari buruz hementxe bertan argitaratu ditudanak irakurtzearekin.

Bateko eta besteko politikariek egin dezatela nahi dutena —halaxe egingo dute eta azkenean— bainan ni ez noa pentsatzen eta idazten denbora gehiago galtzera. Ez eta pentsatu ere.

Hemen (bakarrik) argitaratutakoak:

Gehiago ere izango ziren idatzitakoak, batez ere aipatu hedabideetako zutabeetan argitaratuta, baina ez noa hastera bila. Aurki ditzala euren amamak, total, ez dute kasu zipitzik egingo eta.

Ikasi dut zein duten estrategia:  erabakia komeni zaien bezala  hartu lehenik,  eta horrexen menpe moldatu gero erretorika. Hainbeste dira Tabakaleraren benetako funtsaz orain arte entzun ditugun kontakizun desberdinak!  Eta beti dute arrazoia, aurrez esandakoen kontrakoak esaten dituztenean ere bai. Apustu egiten dizuet aurrerantzean entzungo dugun diskurtsoa dena delakoa izanik ere,  lau hitzetatik bat baietz izan estrategikoa.

Oraingoan, bederen ez naute edukiko luparekin begira. Egin dezatela nahi dutena, berdin-berdin egingo baitute nik zerbait esan edo ez esan.

Pd: Hala ere, hara hemen Tabakalerarentzat nire iragarpena: hamar urtean denok lotsagorrituko gaituen desastre itzel bat. (Hobe bai goitik behera erratuko banintz.)

ALUA MUNDUA ! Idazlea, kazetaria, gidoigilea, blogaria... Euskaldunon Egunkaria eta ZuZeuren sortzaileetakoa. ETBn hamaika saio zuzendu eta aurkeztutakoa. (Argitaratutako Liburuak)