Spoon River

Spoon River –

Spoon River antologia.

Aspaldiko kontuak dira, eta hara non azaldu zaigun Spoon River Antologia, Alain López de Lacallek itzulia, Balea Zuria etxeak argitaratua. Norberak bere akorduak eta akordatzeko erak ditu, norberak, adibidez, bere ibilkerak, erorkerak eta zutikerak dituen eran. Esku artean darabilt; bietara ari naiz, harrituta eta aldi berean koloka, orri artean gordetako poemak irakurtzen. Liburu hau bazenik, Joseba Sarrionandiaren bidez jakin nuen, izango dira honezkero hogeitabost bat urte baino gehiago. Ni ez naiz hemengoa gartzelako dietario moduko hartan izan zuen hizpide. Zergatik jakin ez, arrastoa utzi zuen txataletako bat izan zitzaidan.

Spoon RiverTxatal hura XX. Mende hasiera aldeko poema liburu bati buruzkoa zen, eta poema liburu hori idatzi zuen Edgar Lee Masters autoreari buruzkoa. Liburua hartaz irakurritakoak imajinatu gabeko burutazioen gisan harrapatu ninduen, eta liluratu: ulertu uste izan nuenez, poema liburu bat, zeinetan Spoon River herriko kanposantuko hilarrietan irarritako epitafio edo hilartitzak ziren poemak. Nonbait, liburuak arrakasta handia izan zuen irakurleen artean, handiak izan ziren bere sasoian salmentak. Alabaina, Edgar Lee Masters idazleren mundualdia ez zen bere lehen liburu haren hainakoa izan, baizik eta nahia eta ezina: egin zuela ahalegina, idatzi zituela beste hamaikatxo liburu, baina ez zuela berriro bere lehen liburu hura adinako gailurrik berriro ezagutu, ez errekonozimenduaren eztirik gehiago dastatu. Alderantziz, itxura zenez, plazaraturiko liburu berri bakoitzak gehiago balio izan zuen erdipurdiko idazlea zela konfirmatzeko eta, azken batean, noizbait sortu zuen interes hura handitxo geratzen zitzaiola ebazteko. Ez dut harrezkero Sarrionandiaren testua atzera irakurri, eta utzitako memoriaren apetaz ari naiz. Sentsazio hori geratu zitzaidan niri, behinik behin, testua irakurrita.

Eta, horiek horrela, ezustekoa hartu nik, hainbat urte geroago, Italian bizi nintzela, Claudio Patavino lagunak Spoon River ezagutzen nuen galdetu zidanean. Irakurzale amorratua izan gabe ere, edonork ezagutu eta goza zezakeen liburu bati buruz bezala ari zitzaidan, erreferentzia komun bat, aho batez gustatzen den horietakoa. Artean, Sarrionandiak Edgar Lee Masters literaturaren anekdotarioen biltegiko apalategiren baten azpialdetik atera zuela pentsatzen nuenez, Spoon River Anthology liburua ere eruditoek erreskatatzen dituzten bitxikerietako bat zelakoan nintzen. Ez zen hala, ordea, nonbait. Banuela haren aditzea, baina irakurri gabea nintzela, erantzun nion. Eta, berehala -gauzak horrela izaten dira- hasi ere hasi nintzen ohartzen Erromako liburu-denda zoragarrietan aise erreparatzen zitzaion liburuetako bat zela, hain zuzen ere, Antologia di Spoon River. Mondadorik argitaratua, Capolavori della letteratura sailean: Klasikoen trataera zuen. Oraintxe baino ez dut jakin Spoon River Ameriketatik Italiarako bidean Cesare Pavesek izan zuela enbaxadore; horra haren ospearen arrazoia. Artean, erosi ez erosi; aletxo bat gordean atera ez atera ibiliko nintzen; baina pasatzen utzi.

Eta aurrerago ere, berriro utzi nuen liburua eskuratzeko aukera pasatzen. Beste hainbat urte geroago izan zen, Bartzelonako Ona liburudendan parez pare aurkitu nuenean. 2012an argitaraturiko katalanerako itzulpena. Ederra zen edizio hura ere. Baina tarteka-tarteka dena ezin dela gogorarazi ohi diogu geure buruari; eta Spoon Riverrek bitxikeriatxoa behar zuela jarraitzen nuen pentsatzen, gaztaroarekin lotzen ninduen kapritxo bat: Ni ez naiz hemengoaren irakurketak eragin zigun hunkidurak zeharka balio sentimentala ematen ziona, baina ziur asko zahar-usaineko poema-bilduma bat baino gehiago ez zena.

Aurten jakin dut zeinen oker nengoen. Eta, eskerrak, halere, urtetan aurrera tenore haiek pasatzen utzi izana, bestela ez bainituzkeen ari naizen xalotasunez hartuko pattar gustuko poema miresgarriok.  Alanbikeko hoditerian behera destilaturiko biografiak bezalakoak, zein bere istorioa esanez eta bere istoriaren berri ematen duela, arima biluztuz. Oso dira onak, bataren atzetik bestea, hutsik egin gabe, oso. Urduritasuna izango da, agian, biztanle hauen artean falta den emozioetako bat. Eta, arimak tarteko izan arren, metafisika eta transzendentzia gogorregirik ere ez dela ageri esango nuke: ez da lerroaz haraindiko ez paradisuari ez infernuari buruzko aierurik, ezpada kezka prosaikoagoak, bizi izandako gizarteko negozioak, ezkontza bizitza, askazia, idealen neurria, aukera galduaren zama eta baliaturiko aukeraren arintasuna, leialtasunen prezioa eta desengainuena.

Edgar Lee Mastersek berrogeita hamar urte zituela argitaratu zuen ospea eman zion liburua. Artean abokatua zebilen, lur-arrasean eta lohi mundutar nahastua, beraz, eta, beharbada, bere bizitzaren lehen parteko ogibide honekin du zerikusia metafisika falta horrek. Idazle berantiarra izan zela? Ziur asko ezin zuela bestela izan iruditzen zaizu: liburu horretan ageri direnei itxura emateko eskarmentuaz jabetzeko beharrezko dirudi halako neke eta ikusmira batek, beharrezko dirudi lehenengo berrogeita hamarren bat urtez bizita zailtzea. Pobrezian hil zela? Bai, baina errukirik ez, arren: wikipedian-eta irakurritakoagatik, eskainia nion kontsiderazioaz bestelakoa merezi luke. Ez zuen dirurik faltako abokatu jarraitu izan balu, ziur asko. Baina idazle bizi nahi, eta ogibide zaharra utzita, bere bizitzaren bigarren zatia idazle bizi izan zen. Nahi eta ezinean ibili zela? Nahi zuena eginez, ahal bezala ibili zela ere esan liteke eta, nolanahi den ere, hori berak bakarrik daki.

Spoon River Antologian berrehun pasa pertsonaiaren bizitza ematen da eta, batzuetan, autoerretraturen bat edo beste atera ez ote zitzaion bururatzen zaizu. Hala dio, esate baterako, herriko Theodore poetaren agurrak:

Mutikotan, Theodore, ordu luzez izan zinen
Spoon ur-arrearen ertzean eserita,
begiak iltzaturik karramarroen gordelekuan,
noiz agertuko zelatan; bultza eta bultza,
arto-bizar lako antenak lehenik,
eta gorputza gero, xaboi koloreko,
harribitxi beltzezko begiez ederreztatua.
Eta trantzean sartzen zinen, pentsakor, zeure artean galdezka
zer zekien, zer zuen desio, zertarako bizi zen.
Ostera, zeure begirada gizon-emakumeengan pausatu zen,
norbere patuaren zuloan ezkutatzen zirenak
hiri erraldoietan,
haien arimek noiz egingo azalera,
ikusgai zedin hartara
nola bizi ziren eta zertarako,
eta zergatik tematzen ziren arrastaka
ur eskaseko bide hondartsuan,
uda ilbeheran.

Bada hor esakune bat, “lurrak berdinduko gaitu”. Ongi ematen du formulak, itxurosoa da lehen bistan, baina ponperia dirudi; ez dut uste egia denik, baldin eta “lurra” dioenean heriotzaz ari baldin bada behintzat. Norbera bere istorio bakarraren emaitza da, eta hala izango da lurpean ere, bakarra eta desberdina.  Hizkuntza batetik beste hizkuntza batzuetara ekartzen diren literatur  lanak ere ez dira denak berdinak izaten; nahiz eta jatorrizko testua berbera izan, ez dira denak akontezimentu bera. Itzulpen lan bakoitzaren atzean aritu diren bizitzak, eta euren bizitzen munduak, istoria partikularra du. Badu bere mundua itzulpen italiarrak, eta badu berea kataluniarrak. Baliteke Alain López Lacallek ere , gazterik, Spoon Riverren lehenengo notizia Ni ez naiz hemengoa irakurriz izana. Hala balitz, ez ninduke harrituko. Hizkuntzaren lurpeko zainaren urregorria non den jakinez egin duela esango nuke. Euskal literaturako klasiko zaharren zein berriekiko gustua antzeman uste izan dut bere lanean eta, era berean, izebei sukaldean entzuten nien hizkera, dagoeneko nahi baino gutxiago, bakanduago somatzen dudana nire inguruan. Ipurtargiak dakarzkit gogora, atariaz kanpora. Talendu handiko lana egin duela ari zait iruditzen.

Baina kontuari bueltaka jarraitzen dut. Esakune hori, “lurrak berdinduko gaitu”. Eta “lurra” dioenean “ahaztura” esan nahi balu? Ezereza genuke: onar dezagun agian sententzia zuzena litekeela. Baina, eta segi dezagun , eta berdinduko gaituen “lur” honek “hitza” esan nahi balu? Orduan, ez litzateke gutxi. Hitzak berdinduko bagintu, ez litzateke gutxi, nik uste.

Spoon River