Soziedad Alkoholika, Madrilgo debekuari erantzuna
Martxoaren 14an Madrilen jotzekoa zen Soziedad Alkoholika rock taldeari kontzertua debekatu dio Madrilgo Gobernuak; ez da lehen aldia, aspalditik baitator kontua.
Azken bost urteetan dozena erdi saiakera egin ei ditu S. A.-k Espainiako hiriburuan jotzeko, Gasteizko taldeak adierazi duenez, eta behin data iragarrita zegoenean, Vistalegre jauregian jo baino aste bete lehenago, heldu zaie debekua. “Zentsuratuak izan gara, beste behin”.
Kontzertuaren antolatzaileek Madrilgo Gobernuaren idatzi bat jaso berri dute, debekuarekin -hemen duzue-; Soziedad Alkoholikak eman dio erantzuna:
“Bagenekien eskuin-muturreko sektore batzuk gure kontzertua debekatzeko indarra egiten ari zirela, kultura aniztasunaren eta pentsamendu askatasunaren beldur dira-eta. Ez da kontu berria, eta zentsuzko jendeak jaramonik egiten ez dien arren, tamalez Madrilgo Gobernuak oraindik orain ere aintzakotzat hartzen du horrelako jendea.
Hamahiru urte pasa dira salatu eta atsedenik gabeko jazarpena egiten hasi zitzaizkigunetik. Beste horrenbeste urte indarkeria guztien aurka agertu ginenetik, indarkeria erabiltzearen kontra, konpondu beharreko arazoa edozein zela ere. Bederatzi urte dira jada biktimak umiliatzea leporatuta epaitu eta errugabe hartu gintuztenetik; baina Madrileko gobernuarentzako ezinbestekoa bihurtu da gure eskubideak betetzea eragoztea.
Beraien idatzi ofizialak zentsoreen gezurrak eta argudio barregarriak agertzen ditu, Madrilgo udaltzaingoak egindako informe patetiko batetik hartuak:
– AVT-k biktimak umiliatzea leporatu eta epaitegietara eraman gintuztela orain zortzi urte.
Egia da, lortu zuten azkenean, baina Audientzia Nazionalak, gu epaitu ondoren, absolbitu egin gintuen, eta Epaitegi Gorenak berretsi egin zuen epaia. Horrela izanda ere, Madrilgo gobernuarentzako garrantzitsuagoak dira salaketa faltsuak absoluzio epaiak baino; beren ustean zentsura merezi dugu, zer eta behin delitu bat egitea leporatu zigutelako, epaia gure aldekoa izan arren.
– Beste hau oso barregarria da: “sare sozialetan kontrako ideologia duten taldeen iritziak argitaratu dira, kontzertua ospatzearen aurkakoak”, diote. Tumatxa!
– Beste bat, demasekoa: Gure kontzertu batean -Villenako (Alacant) Aupa Lumbreiras 2014 jaialdiaz ari dira- `istiluak piztu zirela´ diote.
Espainiar estatuan 800 kontzertutik gora jo ditugu, 30 inguru Madrilen: salatuak, epaituak eta absolbituak izan baino lehen, bitartean eta gero, eta inoiz ez da bertan istilurik izan; ondo dakite beraiek. Baina akanpada gunean eta jaialditik kanpo gertatutakoa dute helduleku. Aipatzen dituzten `istiluak´, beste talde batzuek jo bitartean gertatu ziren, eta ez zuten zerikusirik ez talde horiekin, ez gurekin, ez bertan hiru egunez jo genuen 78 taldeekin (Rosendo, The Toasters…). Baina nahikoa argudio edo `froga´ dira Madrilen jotzekoak ginen kontzertua zentsuratu eta debekatzeko; nahita esandako gezurrak direla ondo dakiten arren. Zein polita den hauen demokrazia!
– Bukatzeko, argudiorik potoloena, pisuzko arrazoia, Madrileko inkisizioak bere benetako aurpegia agerrarazi duena: Madrileko poliziak egindako txostenaren arabera, gure kanten hitzek “gehiegikeriak ditu iritzietan, irain mingarriak eta dohakabeak”.
Agerian gelditu dira. Madrileko gobernuari ez zaio gustatzen guk dioguna, ezta nola diogun ere; nahikoa da hori kontzertu bat debekatu eta adierazpen askatasunaren kontra egiteko, eta bide batez, honela jokatuta gure zuzenekoa entzun nahi duten madrildarren burmuinak babesteko.
Ahoa betetzen zaie “adierazpen askatasunez” eta urrutian gertatzen diren urraketak salatzen dituzte, Txinan, Venezuelan edo Parisen izan badira, baina katamaloa erortzen zaizkie beraiek direnean adierazpen askatasunari mugak ezartzen dietenean, azken finean ezin dute jasan-eta. Hipokritak!
Hogeita bost urteko musika ibilbidean, 800 kontzertutik gora jo eta gero, ez da inoiz istilu, gatazka edo antzekorik sortu gure emanaldietan; eta badakite. Nahi duen oro, uzten dietenean behintzat, askatasun osoz etortzen da gure kontzertuetara, beste musika batez gozatzera, medio gehienetan zabaltzen diren ideia ezberdinak entzutera. Ez dago besterik. XXI. Mendean gaude baina agintetik zentsura eta adierazpen askatasuni egindako erasoek bere horretan jarraitzen dute.
Soziedad Alkoholika
P. D. Gure Madrilgo jendeari.
Zuzeneko ahaztezinak eman ditugu bertan, okupas-eko lehenengoetatik, San Blas-eko Canci-tik, La Riviera eta Las Ventas-eraino. Lagun onak egin ditugu, mordoa, eta ez gara besoak gurutzatuta geldituko; gure eskubidea delako, Madrilera bueltatuko gara. Bai ala bai”.
Madrilgo gobernuaren idatziak AVT-k egindako salaketa aipatzen du, S. A. taldearen hiru kanta aipatuta, “Explota Zerdo”, “Síndrome del Norte” eta “STOP Criminalización”. Hona bigarrena, soinuaren eta irudien arteko txantxa egiten duen bideo batean.