Sortzaileekin solasaldiak Udagoieneko Ostera kultur zirkuituan
Udagoieneko Ostera, Bizkaiko kultur zirkuitua, azaroaren 5etik 29ra bitartean izango da. Aurtengoa 15. edizioa izango da, eta lehen aldiz, zirkuituan parte hartuko duten zenbait sortzailerekin solasaldiak egongo dira.
Euskarazko kultur produkzioa Bizkaiko antzokietara gerturatzen du Udagoieneko Osterak, euskaltzaleei aisialdian euskaraz gozatzeko aukera eskainiz. Guztira, bost emanaldi eta hiru solasaldi izango dira, Getxon, Balmasedan, Bilbon (bi aretotan) eta Igorren.
Solasaldien antolaketan, tokian tokiko euskaltzaleen elkarteek eta hedabideek hartuko dute parte. Elkarteen kultur eskaintza aberastearekin batera, zaleak euskaltzaleen mugimendura gerturatu eta hauei kultur sortzaileekin harreman bide zuzenak ematea dira helburuak.
Musika eta antzerkia izango ditu ardatz aurtengo zirkuituak, eta herritar guztiei zuzendutako emanaldiak izango dira. Aipatu bezala, bost ikuskizun izango dira, eta horietako hiruren aurretik solasaldiak izango dira kultur sortzaileekin. Hona hemen programazioa, labur:
- Azaroak 5, Getxo. Gari musikariarekin solasaldia, Egizuk eta UK aldizkariak antolatuta.
- Azaroak 9, Getxo. Gari – Maldanbera (kontzertua).
- Azaroak 15, Balmaseda. Jainko Txiki eta Jostalari Hura (emanaldia).
- Azaroak 22, Bilbo. Anne Etchegoyen eta Aizkoa Abesbatza (kontzertua).
- Azaroak 25, Bilbo. Napoka Iria taldeko kideekin solasaldia, Zenbat Garak antolatuta.
- Azaroak 27, Bilbo. Napoka Iria eta Anari (kontzertua).
- Azaroak 27, Igorre. Pankreas antzerkiko Patxo Telleriarekin solasaldia, Zertuk antolatuta.
- Azaroak 29, Igorre. Pankreas antzerkia.
Solasaldiak doan izango dira, eta emanaldietarako sarrerak Kutxabanken orotariko kutxazainetan, interneten zein aretoetan bertan eros daitezke. Napoka Iria eta Anariren kontzerturako, Kafe Antzokian (zein interneten) eskuratu daitezke sarrerak. Informazio gehiagorako, Udagoieneko Osteraren atalera jo daiteke.
Udagoieneko Ostera, Bizkaiko Foru Aldundiaren babesarekin antolatzen du Euskaltzaleen Topaguneak.