Shanghaiko XIV. Biurtekoko komisarioa Euskadin da bertako testuinguru artistikoa ezagutzeko
Shanghaiko XIV Biurtekoko komisarioa Euskadin da bertako testuinguru artistikoa ezagutzeko –
Anton Vidoklek artearen kulturaren eta teoriaren inguruko diskurtso kritikoak ditu aztergai, eta gizartea baldintzatzen duen kosmosaren ulermenean zentratzen da bere ikerketa.
ZABAL egitasmoaren bidez Etxepare Euskal Institutuak nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariei euskal artearen testuingurua gertutik ezagutzeko aukera ematen die.
Anton Vidokle, Shanghaiko XIV. Biurtekoko komisarioa Euskadin da egunotan ZABAL programaren baitan. Uztailaren 2tik 5era, Euskadiko proiektu, eragile, eredu eta praktika artistikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango du. Vidoklek artearen kulturaren eta teoriaren inguruan diskurtso kritikoa duten mugimenduak ditu aztergai eta gaur egun errusiar kosmismoan zentratzen du bere ikerketa eta praktika. 2023ko azarotik 2024ko martxora bitartean, ‘Cosmos Cinema’ izenburupean, Shanghaiko 14. Biurtekoak unibertsoaren funtzionamenduaz eta bertan dugun lekuaz hausnartzeko espazio-denbora eskainiko die bisitariei. Vidokleren ikuspegi kuratoriala mugaz gaindiko espazioaren eta bidaia espazialen inguruko narratiben zientzia fikzioaren kontzepziotik haratago doa. Shanghaiko Biurtekoa Txinako arte garaikidearen nazioarteko lehen biurtekoa eta Asiako ekitaldi artistiko garrantzitsuenetarikoa da.
Anton Vidokle ikerlaria, artista eta komisarioa izateaz gain, E-flux argitalpen-plataforma ospetsuaren sortzailea da. E- fluxek arte garaikidearen inguruko gaur egungo eztabaidak, hausnarketak, erakusketak, kontzeptu kuratorialak eta ideia artistikoak biltzen ditu. Bista honetan, Etxepare Euskal Institutuak E-flux plataformarekin elkarlanerako aukerak lantzen hasi da. Diskurtso kritikoaren korronte ugari biltzen ditu E-fluxek (artea, arkitektura, zinema eta teoria), eta erakunde artistiko garrantzitsuenetako asko mundu osoko publikoarekin lotzen ditu.
Horrekin batera, Anton Vidoklek Bilbon, Donostian eta Gasteizen museo, estudio eta arte espazioak bisitatuko ditu euskal sorkuntzan murgiltzeko, horien artean, Bilboko Arte Ederren Museoa, Azkuna Zentroa, Atoi, Guggenheim Museoa, Etxepare Euskal Institutua, Euskadiko Filmategia, Tabakalera eta Artium Museoa. Ibilbidean zehar bere interes artistikoekin bat egiten duten euskal artistekin bilduko da haien obra ezagutzeko.
Gaur, uztailaren 4an, 13:30etan Shanghaiko XIV. Biurtekoaren aurkezpena egingo da Tabakaleran, non Biurtekoaren eta komisarioaren bisitaren helburuak eta nondik norakoak aurkeztuko diren.
Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da bisita hau. Programak euskal sorkuntza garaikidearen nazioarteko proiekzioa bultzatzea du helburu, euskal eta nazioarteko arte testuinguruen artean loturak josteko. Institutuak tokiko eta nazioarteko arte garaikideko proiektuen kudeaketan jarduten duen Artingeniumen laguntza teknikoa jasotzen du ekimena aurrera eramateko.
Shanghaiko XIV. Biurtekoa ‘Cosmos cinema’ izenpean, 2023ko azaroan hasiko da, eta 2024ko martxora bitartean luzatuko da. Power Station of Art-ean bilduko dira mundu osoko obrak, artistak, komisarioak, idazleak, teorikoak eta artearen jarraitzaileak.
14. edizio honen helburua kosmosa bere konplexutasunean arakatzea da, hainbat kulturatan mikrokosmosaren eta makrokosmosaren arteko harremanak ikertzen dituzten artistak aurkeztuz, alderdi ekologikoei arreta jarriz, gizakiak kosmosean duen zereginari buruzko hausnarketaren bidez, diskurtso dekolonialaren barruan tokiko kosmologiak irudikatzen edo horiei buruz hausnartzen duten artistak aurkeztuz, baita kosmosaren eta ideologiaren arteko lotura aztertzen duten artistak ere.
Biurtekoak mugaz haraindiko espazioa espekulazio-leku gisa tratatzen duten obrekin osatuko du erakusketa, orainaren eta etorkizunaren ikuspegi alternatiboak sustatzeko xedez. Biurtekoaren egitura muntaia-printzipio bati jarraituz antolatuko da, erakusketa osoa zinemaren beraren izaera kosmikoari buruz hausnartzen duen iraupen luzeko film gisa ulertuz.
Shanghaiko Biurtekoa 1996an inauguratu zen, eta Txina kontinentaleko arte garaikidearen nazioarteko lehen biurtekoa izateaz gain, Asiako ekitaldi artistiko garrantzitsuenetariko bat da. Shanghaiko Biurtekoak 2021ean parte hartu zuen lehen aldiz ZABAL programan, non Marina Otero komisarioak euskal testuinguru artistikoa ezagutu zuen.
.
Komisarioaren inguruan
Anton Vidokle (Mosku, 1965) ikertzaile independentea, editorea, artista bisuala eta komisarioa da. E-flux argitalpen-plataforma ospetsuaren sortzailea da (1998), arte garaikidearen egungo eztabaidetan erreferentziazko argitalpena. Gaur egungo bere ikerketa artistikoa errusiar kosmismoan oinarritzen da, oro har gutxi ezagutzen den mugimendu artistikoa, zeinaren jarduera sobietar utopia estetikoaren urteetan kokatzen den, baina XIX. mendeko errusiar pentsamendu mistikora hedatzen diren sustraiak dituena. Korronte artistiko eta ideologiko honek hilezkortasuna aldarrikatzen du zientzia eta arteen garapenaren helburu gisa. Vidoklek XX. Mendeak izandako kosmismoaren eragina eta horren gaur egungo eragina aztertzen ditu.
Proiektu horren barruan, ‘Inmortality for All’ trilogia zinematografikoa sortu zuen, hainbat museotan formatu anitzetan erakutsi dena, hala nola Centre Pompidou, Tate Modern edo Blaffer Art Museum-en. Bere obra hainbat jaialdi eta biurtekoetan izan da ere, hala nola, Gwangjuko 7. Bienalean (2008), Documenta 13-n (2012), Veneziako 56. Biurtekoan (2015) eta Shanghaiko 12. Biurtekoan (2019), besteak beste. New York eta Berlin artean bizi eta lan egiten du gaur egun.
.
ZABAL egitasmoa
Shanghaiko Biurtekoko komisarioaren bisita Etxepare Euskal Institutuak abian jarritako ZABAL programaren emaitzetako bat da. Honen helburua da sortzaileen, profesionalen, eragileen eta tokiko erakundeen arteko epe luzeko trukea eta lankidetza sustatzen eta errazten duten nazioarteko sareak garatzea, baita Institutuak nazioarteko arte erakusketa garrantzitsuenekin lankidetza ildoak garatu eta harreman iraunkorrak ezartzea ere. Horretarako, nazioarteko komisario, arte kritikari eta museo zuzendariak gonbidatzen ditu Institutuak Euskal Herrira, harreman zuzenaren bitartez euskal artistekin elkarlana sustatzeko. Proiektua gauzatu ahal izateko, tokiko eta nazioarteko arte garaikidearen inguruko proiektuen kudeaketan lan egiten duen Artingeniumen laguntza teknikoa jasotzen du.
2019an abiatutako egitasmo honen bidez, euskal sortzaileen eta nazioarteko programatzaile desberdinen artean elkarlanerako hainbat aukera sortu dira. Euskal Herriko artisten lana bisitatu dute nazioarteko ekimen garrantzitsuenetariko batzuen komisarioek: São Pauloko biurtekokoak (2019 eta 2022an), Documenta Fifteenekoak (2020), 13. Shanghaiko Biurtekokoa (2021), Veneziako Biurtekoa (2022), Istanbulgo Biurtekokoak (2022), Art Jameel erakundekoak (2022) eta Sydneyko Biurtekokoak (2023).
Programa honek dagoeneko fruituak eman dizkio euskal sorkuntzaren nazioarteko zabalkundeari. Consonni Bilboko argitaletxe eta kultur espazio independenteak parte hartu zuen 2022ko ekainean Kassel-en (Alemania) inauguratutako Documenta Fifteen nazioarteko erakusketan eta June Crespok 59. Biennale Venecian (Biennale Arte 2022) bere obra erakutsi zuen.
Shanghaiko XIV Biurtekoko komisarioa Euskadin da Shanghaiko XIV Biurtekoko komisarioa Euskadin da