Sean Rowe: basajaun bat musikari lanetan

Sean Rowe madman

Basoan bizi ez denean, disko izugarriak egiten ditu iparramerikar honek. Adibidetarako balio beza argitaratu duen laugarrenak ere,  Madman izenekoak.

Azken urte honetan, Sean Rowe kontzertuan ikusi nahi izan  ezkero, hobe etxean geratuta. Izan ere, hartz txiki honek, tournée luze bat egin du bere zaleen etxez-etxe. Antzinako folk kantari bat dirudi, zaleen ninien aurrean kantatu nahi duena, beste inon baino.

Bere azken diskoak ere efektu hori egiten du, hurbiltasunarena. Ahots sinplea duela dirudi, baina sakona da lodia bezainbat. Ilargia gauaren erdian agertarazten duen horietakoa, denbora geratu eta burua kotoi artean jartzen dakien horietakoa.

Eta gero estiloaren kontua dator, folk, blues, soul, country… Ameriketako oihartzun benetakoak den denak, sofa eder bat egiteko moduko adabakiak zeure etxeko egongelaren erdian jartzeko, denok bertan etzan gaitezen.

Madman bere laugarren diskoa ez da, hala ere, monolitikoa edo gatzik gabeko salda. Kantu bakoitzak bere funtsa du, denak daude oso zainduta eta begiratuta, arregloak, koroak, eskusoinuak, kupreak…

Antzinako dandy bat ematen du, baina ez da  halakorik. Gaur bertako egitate bat da: basajaun kantari bat baino ez.

Batzuetan badirudi Barry White ari dela kantuan, edo Leonard Cohen, edo Tom Waits, edota guztiak batera… Desirée izeneko honetan, esaterako.

Zenbaitetan gure gezurmendietako Kevin Herediaren antza hartzen diot itxuran, esate baterako niri neuri, asko eta asko atsegin zaidan Downwing izeneko honetan.

 

 

Nire begietatik ...