Sautrela 412: Markos Zapiain, euskal literatura erdaretan eta Guardasola ahantzia
Euskal literatura normalizatu ahala, erdaretara itzulitako euskal obrak ere ugaritzen joan dira urteen igarotzearen poderioz. Duela hamarkada batzuk balentria bat zen itzulpen bat argitaratzea baina egun hainbat hizkuntzetara itzulitakoak ditugu. Hala, itzulpen horiek guztiek zer eman duten aztertuko dugu aste honetako erreportajean. Noiz hasi ziren euskarazko lanak itzultzen? Zein hizkuntzetara itzultzen dira usuen? Zein izan da itzulpen horien ibilbidea? Zer eragin du idazle baten lanak itzultzeak idazle horren kanonizazioan?
Elkarrizketarako, berriz, Markos Zapiain izango dugu gurekin. Euskal literaturari buruzko zenbait saio argitaratutakoa dugu Zapiain. Azkenekoan Ramon Saizarbitoriaren obra aztertu du, Saizarbitoria eta iragana izeneko liburuan. Nolakoak ote dira Saizarbitoriaren nobeletako pertsonaiak? Zer gai lantzen ditu? Zer pisu du iraganak haren nobeletan? Zerk obsesionatzen du gure idazle handienetako bat den Saizarbitoria? Horretaz guztiaz ariko zaigu Zapiain.
Azkenik, Beñat Sarasolak Koldo Izagirreren lehen poesia liburuetako bat izango du hizpide, Guardasola ahantzia. Izagirrek berak zuzentzen zuen Ustela Sailean argitaratua, poema luze batek osatzen zuen liburua, umorez eta bizitasunez ondutako hitzen bidez.
Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.
Saioa osorik ikusteko klikatu hemen