Sautrela 461: Kirmen Uribe, Elena Ferrante eta Jon eta Mirka
Sautrela 461: Kirmen Uribe, Elena Ferrante eta Jon eta Mirka
Aste honetan Kirmen Uriberen hirugarren nobela izango dugu protagonista nagusi, Elkarrekin esnatzeko ordua. Ondarroako familia baten istorio (eta historia) liluragarria kontatzen du, eta XX. mendeko Euskal Herriaren historiaren zati handi bat hartzen. Karmele Urresti eta Txomin Letamendiren jirak eta bueltak gerraurrean, gerran zehar, eta batez ere, erbeste eta Frankismo luzean. Istorio latza eta aldi berean duintasunez betea, zeina Uribek fikzioaren eta kronikaren bidezĀ josi duen. Pertsonaia harrigarri horien patuaz, Euskal Herriaren historiaz eta liburuak izandako harreraz, eta abarrez mintzatuko gara larunbatean Uriberekin.
Bestetik, Elena Ferrante izango dugu erreportajeko protagonista. Egungo idazle italiar ezagunenetakoa dugu ezbairik gabe, eta, pseudonimo bat izaki, azken boladan auzitan egon da zein den haren benetako identitatea. Bere tetralogia ezaguna euskaratu berri du Igela argitaletxeak, eta horren harira, Ferranteren soslaia emango digute Fernando Rey itzultzaileak eta Alex Gurrutxaga literatur kritikariak.
Bukatzeko, Asun Agirianok komiki bat izango du mintzagai, Gregorio Muro eta Daniel Redondoren Jon eta Mirka. Duela hogeita hamar urte argitaratu zen estreinakoz, eta berrargitaratzera animatu da orain Harriet argitaletxea. Gaur egundik nola irakurtzen den azalduko digu, besteak beste, Agirianok.
Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.