Sautrela 459: Koldo Izagirre, Uhartearen altxorra eta Sans soleil
Sautrela 459: Koldo Izagirre, Uhartearen altxorra eta Sans soleil
Aste honetako saioan estreinakoz izango dugu bere azkeneko liburuaz hizketan euskal literaturako idazle nabarmenetako bat: Koldo Izagirre. Aurreko urtearen amaieran Franco hil zuten egunak ipuin liburua argitaratu zuen, bere haurtzaroko Pasaiako paisaian lekututako azkeneko lana. Aurrerik Non dago Basque Harbour, Sua nahi, Mr. Churcill? eta Egarri egunak portualdean zituen lerro berean, eta oraingoan 1975 inguruan kokatutako bederatzi ipuin bildu ditu, bakoitza bere taxuera eta idazkera ezberdinarekin. Izan ere, giro berberez bustitako kontakizunak izanagatik eta ipuinen artean aski lotura egin badaitezke ere, pieza bakoitzak bere izaera markatua dauka. Hari buruz, gatazkaz, memoriaz eta abarrez mintzatuko zaigu, bada, Izagirre.
Bestetik, erakusketa bat izango dugu aste honetako erreportajearen oinarri. Uhartearen Altxorra erakusketa dugu ikusgai Bilboko Alondegian, euskal haur eta gazte literaturari buruzkoa, eta handik abiatuta gure haur eta gazte literaturaz mintzatuko zaizkigu erakusketaren antolatzaile Gotzon Barandiaran, eta Eider Eibar ilustratzailea. Zer eman ote du haur eta gazte literaturak 80etatik hona?
Gainera, aurten hilean behin Lur Olaizola etorriko zaigu zinema eta literaturaren arteko harremanaz hitz egitera, saio bakoitzean film zehatz bat hizpide duela. Larunbat honetakoan Chris Marker-en Sans soleil film mugarriaz ariko zaigu. Saiakera-zinemaren aitzindaritzat jotzen da, eta beraz, literatura, filosofia eta pentsamenduarekin aski loturik dagoen filma dugu. Amaitzeko, liburu-denden aste honetako gomendioak eskainiko dizkizuegu.
Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.