Sautrela 456: mahai ingurua
Sautrela 456: mahai ingurua
Urte berriarekin asmo berriak etortzen omen dira, eta gure kasuan ere zenbait berritasunekin ekingo diogu 2017 urteari. Hasteko, aurreko urteetan bezalaxe, saio berezia izango da urteko lehenengoa.
Ohiko formatutik aparte, mahainguru bat antolatu dugu euskal literaturak 2016an eman duenari errepasoa egiteko. Ez da lan erraza, gai eta liburu askotarako ematen baitu urte batek, baina 2016aren neurri literarioa ematen ahaleginduko gara larunbat honetan. Halaxe aztertuko ditugu zeintzuk izan diren iazko albiste nabarmenenak, zeintzuk izan diren nagusitu diren balizko tendentziak, argitalpen esanguratsuenak eta abarrekoak. Horretaz guztiaz hitz egiteko hiru lagun gonbidatu ditugu gure mahaiaren bueltara: Gorka Bereziartua kazetaria, Iratxe Retolaza literatur kritikaria eta Yurre Ugarte idazlea. Orobat, horietaz gain, beste zenbait lagunen iritziak jasoko ditugu bideo batzuetan, zenbait kazetari zein liburu-saltzaileren iritzi eta balorazioak. Halaxe jakingo dugu halaber zein liburu mugitu diren gehien dendetan 2016an, baita generoz-genero zenbat argitaratu den ere. Genero ez-hegemonikoen gorakadaz, belaunaldi berrien publikazioez, bilduma eta argitalpen berriez eta bestelakoez jardungo gara, beraz, aste honetako saioan.
Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.
Saioa osorik ikusteko klikatu hemen