Sautrela 449: Karlos Linazasoro, telesailak eta Denbora galdu alde
Sautrela 449: Karlos Linazasoro, telesailak eta Denbora galdu alde
Sautrelak denboraldi berriari ekingo dio larunbat honetan. Hamasei urte ondoren lehen aldiz, tamalez, Hasier Etxeberria ezin izango da saioaren aurkezle izan eta Beñat Sarasola arituko da gidari lanetan. Hori izango da denboraldiko aldaketa nagusia. Gainontzean, saioaren protagonistak, ohiko legez, letrak eta literatura izango dira.
Denboraldiko lehenengo saioan, dagoeneko 449.enean, Karlos Linazasoro izango dugu gonbidatu nagusi. Trilogia hiperlaburra izeneko liburu berria argitaratu du eta hari buruz mintzatuko gara. Linazasoro ez da medioetan gehiegi agertu zalea, eta beraz, balio erantsia izango du elkarrizketak, aspaldi baita gurera etorri ez dela. Trilogia hiperlaburra mikroipuinez osaturiko liburua dugu, autorearen ohiko ironia eta umorez –zenbaitetan beltza– bustirik datozenak. Generoaren zaleek ziur gozamenez hartuko dituztela. Hor irakurriko ditugu istorio harrigarri eta ezinezkoak, aldian irribarrez irakurtzekoak, aldian sentimendu hits batez, gizakion makurkeria eta baldarkeriek ere lekua baitu liburuan.
Erreportajean, literaturaren esparrutik pixka bat aldenduko gara, telesailei arreta ipintzeko. Dakizuen bezala, azken urteotan boladan dagoen ikus-entzunezko generoa dugu telesailena, eta ikusiko dugu ea ze harreman duen literaturarekin. Telesailetako gidoilariak idazleak ote dira? Zenbat literatura dago The Wire, The Sopranos eta enparauetan?
Juan Luis Zabala ere etorriko zaigu astero bere liburu kutunen bat gomendatzera, eta aurten Bitoriano Gandiagaren liburu berezienetako batekin etorriko zaigu. Denbora galdu alde 1985ean eman zuen argitara eta Zabalak azalduko digu ze ezaugarri nagusi dituen liburuak eta ze leku duen Gandiagaren obra osoaren barnean.
Hau guztia, ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.