Sautrela 399: Eider Rodriguez, Black is Beltza, Itsasoak ez du esperantzarik eta Joseba Sarrionandia
Berrikuntza handi bat izango dugu aste honetan. Joseba Sarrionandiari telefono bidezko elkarrizketa egin diogu eta horixe emango dugu datozen asteetako saioetan bost zatitan banatuta. Aste honetakoan zer ari den irakurtzen, zer ari den idazten eta euskal literatura nola ikusten duen esplikatuko digu.
Aurretik, baina, Eider Rodriguez oreretarrari egin diogun elkarrizketa izango dugu saioaren ardatz. Sarrionandiaren literaturgintzari buruzko liburua argitaratu berri du hain justu, Itsasoa da bide bakarra, eta hala, iurretarraren literaturan murgiltzeko parada izango dugu. Nola ageri zaigu itsasoaren irudia Sarrionandiaren obran? Ba al du garapenik? Zeren sinbolo da? Horretaz guztiaz ariko zaigu Eider Rodriguez.
Erreportajean, berriki argitaratu den liburu bat izango dugu hizpide orobat. Komiki eleberri bat da, Fermin Muguruzak, Harkaitz Canok eta Jorge Alderetek ondu dute eta Black is Beltza du izenburu. 60. hamarkadako New Yorken kokatutako istorioa da, Manex izeneko pertsonaia euskalduna protagonista duena. Kutsu poliziakoa duen istorioa baina baita beste hamaika kontu ere dituena: musika, borroka, artea, kontrakultura…
Beñat Sarasolak Luis Haranburu-Altunaren nobela ezagunena berreskuratuko digu: Itsasoak ez du esperantzarik. Maitasunezko istorio bat, kutsu frantses eta existentzialista duena eta bere garaian eskurik esku pasa zena irakurleen artean. Nola irakurriko ote da berrogei urte ondoren?
Ohiko legez, larunbatean izango dugu ikusgai, 15.00etatik aurrera, ETB1en.