Sautrela 380. saioaren aurrerapena (Antton Luku)
Gabriel Garcia Marquez, 1927. urtean Aratacata herri kolonbiarrean jaioa, herrialde horretako idazle ezagunena da ziur aski. 1982an Literatura Nobel Saria eskuratuta, espainieraz idazten duten idazle garaikideen arteko autore nabarmenetakoen artean kokatu zen. Arrakasta horretan izan zuen zerikusirik ere Cien años de soledad (Hamar urte bakardade) nobelak. Macondo herri imaginarioan kokatutako istorio horrek eragin nabarmena izan zuen mundu osoko idazleengan, eta neurri batean, aro bat markatu zuela esan daiteke. Izan ere, errealismo magikoaren epigonotzat jo izan da maiz Garcia Marquezen literatura, eta gurean ere estilo horrek arrastoa utzi zuela agerikoa da. Aurtengo martxoan zendu berritan, ordea, Garcia Marquezen literaturaren gorespenekin bat adierazi izan du batek baino gehiagok estilo horrek halako betekada bat eragin zuela. Horrela, bada, zertan da Garcia Marquezen literatura? Ze azpimarra dezakegu egungo testuingurutik?
Saioaren zati handiena elkarrizketari emango diogu ohi moduan. Aste honetan Antton Luku izango dugu gurekin. Libertitzeaz izeneko ikerketa mardula argitaratu berri du Pamiela etxean, dantza eta antzerkiaren inguruko saio sakon eta mardula. Tradizioa eta modernotasuna, kultura eta libertimendua, jolasa… ez dira nolanahikoak han aztertzen diren gaiak eta beti dira aztertzen Lukuren ohiko begirada kritiko eta zoliaren bidez. Berriz ere euskal kultura auzitan ipintzen du: nola transmititzen da ondare hori guztia? Nola ari da aldatzen? nola ulertu ingurune urbano globalizatu batetik kultura hori guztia? Galdera horiei eta beste zenbaiti erantzungo die larunbatean Lukuk.
Beñat Sarasolak Joan Mari Irigoien-en lehendabiziko nobeletako bat ekarriko digu gurera. Orduko bere proiektu handienetako bat: Poliedroaren hostoak. Liburu konplexua eta Irigoienen literatur ibilbidearen erakusgarri ona. Ea nola irakur dezakegun liburua, bada, gaur egun.
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.