Sautrela 372. saioaren aurrerapena (Iñigo Astiz)

Iñigo AstizIñigo Astiz kazetaria da ogibidez, Berria egunkariko langilea, baina aspalditik datorkio literatur zaletasuna. Ez da idazten hasiberria baina duela bi urte argitaratu zuen bere estreinako obra: Baita hondakinak ere. Poema liburu nabarmentzekoa, poesia zaleek harrera beroa egin ziotena. Hala, liburuak soka luzea izan du eta orain gutxi liburuan oinarritutako ikuskizuna estreinatu dute Astiz berak eta Mikel Ayerbek. Hondakindegia izena du ikuskizunak eta, esan bezala, liburu hartako testuak dira haren bizkarrezur. Honetaz gain, aurreko urteko akabera aldera itzulpen bat publikatu zuen Astizek Denonartean argitaletxean. Poesiazkoa hau ere, hain zuzen ere, Sylvia Plath poeta estatubatuarraren Ariel liburu sonatua ekarri digu euskarara poetaren beste zenbait poema lagun. Bere lehenengo liburu hartaz eta gainontzeko egitasmoez mintzatuko gara Astizekin larunbateko saioan.

Erreportajean XX. mende hasierako abangoardia erradikalenetako batengan jarriko dugu harrera, dadaismoan. I. Mundu Gerra bitartean sortua Zurich-eko Cabaret Voltaire jada mitikoan, ondorengo hamarkadetako artean eta literaturan eragin azpimarragarria izan duen mugimendua izan zen. Duela hilabete batzuk dadaismoaren manifestuaren bi euskarapen argitaratu dira, Danele Sarriugarte eta Koldo Izagirrek eginak, eta hori eta dadaista handienetako baten, Tristan Tzara-ren, heriotzaren berrogeita hamargarren urteurrena profitatuz gerturatu gara dadaismora. Zer izan zen mugimendu hori? Nola zertu zen literaturan? Zertan da egun?

Saioaren bukaeran Beñat Sarasolak Gabriel Arestiren lan bat ekarriko digu. Zehazki, bere azkeneko poema liburua, Harrizko herri hau. Bi zatitan banatutako liburua, Arestiren lan ezagunenaren, Harri eta herri-ren, ildoan kokatu daitekeen obra da, baina baditu hainbat ezberdintasun nabarmen ere. Horretaz guztiaz solastuko da Sarasola.

Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxuera, pitxi eta bestelakoekin.