Sautrela 362. saioaren aurrerapena (Rafael Chirbes)
Rafael Chirbes (Tabernes de Valldigna, 1949) literatura espainiarreko egungo autore handienetakoa da dudarik gabe. Azkeneko nobelekin, gainera, Europa mailan ere sona nabarmena jaso du kritikari eta literatur zaleengan. Alemanian, esaterako, aski autore estimatua da Chirbes.
Aste honetako saioa Chirbesi eskainia izango da ia osoki. Elkarrizketan autore valentziarra izango dugu gurekin bere hondar nobela aurkezten: En la orilla. Olba-ko zingiran eta haren inguruetan lekututako nobela, krisi ekonomikoak utzitako paisaia eta pertsonaia suntsituak aurkezten dizkigu gupidagabeki. Estilo bizi eta indartsuz idatzia, urteko Espainiako nobela aipagarrienetakoa izateko traza du.
Erreportajea ere Chirbesi buruzkoa izango da. Valentziarraren ibilbide orokorra aletuko dugu: bere hastapenak zein azken urteetako goraldia. Horretaz gain, nobelez aparte Chirbesek eginiko beste zenbait lan eta testu ere aipatuko dira. Zertan datza Chirbesen kalitate literarioa? Nolakoa izan da haren garapena? Ze liburu dira mugarri bere obra oparoan? Horixe erantzuten ahaleginduko dira Jon Benito idazlea eta Mikel Iturria kultur programatzailea eta Chirbesen adiskidea.
Beñat Sarasolak liburu berezi bat ekarriko digu bere atalerako. Antton Luku-ren Botoiletan ipuin liburua. 1998an argitaratu zuen Maiatz argitaletxeak eta geografia oso berezi bat azalaratzen duen liburua dugu. Oso ezaguna ez izanagatik, literatur zaleen artean aski liburu estimatua da eta haren inguruan mintzatuko zaigu, bada, Sarasola.
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.
Chirbesena Espainiako nobela aipagarrienetakoa esaten bada (eta ez gaztelerazko literaturako, edo izatekotan literatura espainoleko) hausnartu beharko litzateke ea irakurle nafarrak zer pentsatuko lukeen esaterako Sánchez Ostizen edo Antoñanaren liburuak Espainiako aipagarrienen artean daudela (eta ez gaztelerazko literaturako edo izatekotan literatura espainoleko) irakurriko balu Vilawebeko albiste baten edo TV3eko literatur saio baten.