Sautrela 360. saioaren aurrerapena (Garbiñe Ubeda)
Literaturan klasikoetan klasiko dugu Hamlet. Horixe da Shakespeare-ren obra ezagunena eta antzerkigintzako gailurretako bat. Bitxiki, ordea, euskal antzerkiak inoiz taula-gainera eraman gabea zen, ez behintzat ofizialki, harik eta Artedrama, Le Petit Théâtre du Pain eta Debaju konpainiak batu eta klasiko handiaren euskarazko bertsio bat plazaratu berri duten arte, aski bertsio librea plazaratu ere. Horrexek eman digu erreportajean Hamlet berrikusteko bide. Testu originalaren euskaratzailearekin, Juan Gartziarekin, batetik, eta euskal bertsioaren zuzendariarekin, Ximun Fuchs-ekin, bestetik, mintzatu gara obraren inguruan. Zertan datza Hamlet obraren gailentasuna? Zer du azpimarragarri? Zerk egiten du laurehun urte baino gehiago eta gero oraindik irakurria eta antzeztua izatea? Zer esan nahi du egun Hamletek? Nola egokitu daiteke gaur egungo testuinguru eta eszenatokietara?
Elkarrizketaren atalean Garbiñe Ubeda (Tolosa, 1967) izango dugu gurekin bere estreinako fikziozko nobela aurkezten, Hobe isilik nobela. Ubeda ezaguna da kazetaritzan egin duen lanagatik eta aurretik idatzitako zenbait saiakera eta erreportaje-libururengatik, eta narratibarako sarraldia nolakoa izan duen azalduko digu. Nobelak protagonistak egiten duen senide baten iraganari buruzko ikerketaz dihardu eta halaxe gurutzatzen zaizkigu kontakizunean zehar hainbat gai: memoria, gerra, maitasuna…
Anjel Lertxundiren Hamaseigarrenean aidanez nobela entzutetsua ekarriko digu, berriz, Beñat Sarasolak, bere atzera begirakoan. 1983an argitaratutako nobela, garai hartan aski irakurri izan zen liburua izan zen, eta berehala bihurtu zen euskal literaturako azken hamarkadetako liburu erreferentzial. Egundik nola irakurtzen den esplikatuko digu Sarasolak.
Hori guztia izango dugu, beraz, larunbatean 15.00etatik aurrera; betiko moduan, Sautrela bereizten duten taxukera, pitxi eta bestelakoekin.
Saioa osorik