Sarriegi gu baino dibertigarriagoa zen
Sarriegi gu baino dibertigarriagoa zen –
“Emozioa” San Sebastian egunarekin lotzen den terminoa da. Egunean zehar hainbeste errepikatzen denez, arratsaldeko uneren batean gastatzen zaio esanahia, eguneko unerik hunkigarrienaren aurretik. Emozioa eskatzen diogu egunari: danborra jotzen dutenei, publikoari, txarangari, kaleak ixten dituztenei, eta baita gure buruari ere. Hunkigarria, zirraragarria, polita, eta abar dira behin eta berriz erabiltzen direnak, eta Donostia txikia eta aspergarria gelditu zitzaiolako urtean bitan datorrenak, modu ez ironikoan, bakarra munduan oihukatzen du, emozioak jota, noski.
Aitortu beharra dago, danborradak San Sebastian patroia eklipsatu duela. Ekintzak berak, danborrak eta upelak ahalik eta modu koordinatuenean jotzeak, patroiaren nagusitasuna apaldu du, eta nire partetik, egunari kutsu erlijiosoa kendu izana eskertzen diot. Baina danborradaren nagusigo horrek beste gauza bat ekarri du ere, eta da San Sebastian egunari, batzuek, danborrada deitzen diotela.
1861. urtetik hona, gure hiriko soinu bandak instrumentu eta izen propioa ditu, Raimundo Sarriegik bere lanik ezagunena 23 urterekin konposatu zuenetik. Gainera, izan zitekeen one hit man —abesti bakarreko pertsona—, baina Raimundok musika zainetan zuela argi dago, bere diskografiari erreparatzen badiogu. Hiriaren «arima liriko» eta jai giroa ardatz, hiri folklorearen nahasketa euskaldun, alai eta pikareskoa batzen zituen musika egin zuen. Donostiako inauterien ziklo osoa —San Sebastian danborradarekin hasi eta kaldereroak, inudeak, Momo erregearen harrera, Sardinaren Ehorzketa, eta abar— biltzen zituen errepertorio zabala konposatu zuen. San Sebastian martxa-ren hitzek, Pio Baroja idazle ospetsuaren aita Serafin Barojak idatzitakoek, inauterien etorrerari egiten diote erreferentzia, San Sebastian eguna, garai hartan, inauterien lehen gertakaria zelako.
Egun, eta esango nuke orokorrean, errepikakorrak iruditzen zaizkigu Sarriegiren abesti asko. Ordea, Retreta eta Tatiago abestiak, jatorriz danborrarekin jotzeko baziren ere, kalejiran dantzatzeko pasodobleak ziren, eta herriko semes abestiari Sarriegik ez zion ez danborrik ez upelik jarri, konpartsarako zirelako. Badirudi abestiak gaur egun bezala jotzean musikak bere alaitasuna galtzen duela. Ez nago inola ere danborraren aurka, hura jotzen duen emakume hautatuen talde txikikoa bainaiz, eta ziurta dezaket jotzeak asko ahalduntzen duela. Baina Sarriegik bere musika gehiena inauterien iruditegiaren baitan planteatu zuen, horrek esan nahi duen guztiarekin, horregatik uste dut ez ditugula bere abestiak ondo ulertu. Inauteriak herriaren festak dira, subertsiboak, satirikoak eta kritikoak, eta ez dakit nola eta noiz, festa hau desfile militar bat irudikatzen duen ekitaldi bihurtu da, zeinetan, aldian-aldian, norbaitek «ilarak!» oihukatzen duen, eta festaren desordena berriro antolatzen dugun. Agian denok noizbait uniforme bat jantzi eta gure barneko soldadu napoleonikoa askatu behar dugulako. Edo, besterik gabe, Sarriegi bera baino aspergarriagoak garelako. Hori bai, gure festak behintzat emozionatzen du.