[Kafe Aleak] Sam Cooke with The Soul Stirrers
[Kafe Aleak] Sam Cooke with The Soul Stirrers –
.
Sam Cooke with the Soul Stirrers
“Sam Cooke with the Soul Stirrers“ (Specialty, 1964)
.
Esan gabe doa, erabateko ergonomiaz uztar daitezke agnostizismoa eta erlijioa. Ateismorik puntakoena ere ebanjelizatzailea izan daiteke. Artearekiko sentikortasun apur bat duen oro aho bete hortz geratuko da, esaterako, Vatikanoko San Pedron, argazkia egingo du Leoneko katedralaren ondoan edo turismo erlijiosoari emango dio oporretako zati bat. Soilik astakirten atzeratu eta ezpraktikante batek, arrazoi horiengatik, ez luke lilurarik sentituko gerora historiako soul abeslaririk inportanteena bihurtuko zenarentzat irakasgai izan zen diskoaren aurrean. Marvin Gaye eta Otis Redding ere igoko zire tronu horretara, eta patuak hiruron heriotza goiztiar eta tragikoekin triangelu bat osatu zuen. Bere lana autoekoiztu zuen lehenengo artistetako bat izan zen, eta horrela negozioaren bi planoetan kokatu zen -gaur egun, guretzat, kontu arrunta da hau-. Modu bikainean uztartu zituen bi planoak eta dirua irabazi zuen, batez ere, musika zuriei salduz. Ondoren etorriko zen merkantilizazioak (“You Send Me” kanta da horren erakusgarri) eta zerrendetan lortutako lehenengo postuek ez lukete lausotu beharko ministro protestante baten semearen zintzotasuna -eta sua-. Mississippi aldeko Clarkdalen jaioa, baina Chicagon hazia, bere doinuekin gutariko asko (birtualki izan bazen ere) kristautasunera bihurtu gintuen lehendabizikoz entzutean. Bere ahotsak, belaunikarazten gaituen aldare horrek, 1950ean Soul Stirrers taldean sartzera eraman zuen -orduan RH Harris zen taldearen gidaria- eta “Touch the Hem of His Garment” bezalako kantuak grabatu zituen, non fraseatzeak eta backbeat-ak zazpigarren zerura eramaten gaituzten. Hemeretzi urte besterik ez zuen eta “How Far Am I from Canaan” kantuaren edertasuna adin horren duinekoa da, xahutasunagatik, pasioagatik eta bere erabateko biluztasunagatik. Bost hamarkada geroago Specialty zigiluak berriro argitaratu zuen, hamar kantu gehiagorekin -25 guztira-, “Peace in the Valley” abestiarekin hasten den disko hau, gospelarekin harremanik izan ez zutenentzat bataioa eta soulerako zubia eraikitzeko materiala izan zena. Gerora etorriko zenak beste atal bat mereziko luke.
Álvaro Fierro (1978, Bilbo) Musika kazetaria
“Kafe aleak” liburua erosteko
[Kafe Aleak] Sam Cooke with The Soul Stirrers