[Kafe Aleak] Sabrina Romerok Palace
[Kafe Aleak] Sabrina Romerok Palace –
.
Palace
“Arise Therefore” (Palace Records, 1996)
.
Orduak igarotzen nituen 1997-98ko fakultateko bigarren ikasturtean marrazten eta Palace taldearen Arise Therefore entzuten. Kasete batekoak ziren orduko entzuketak.
Konturatu nintzenerako nire musika unibertsoko errege bihurtua zen Will Oldhamen ahots triste urratua.
Marrazketak musikari jarraitzen zion eta bazirudien ez nuela beste ezeren beharrik bi elementu haietan barneratzen nintzen plazerezko momentu haietan. Esan bezala, orduak igaro nitzakeen neuregandik hain gertu sumatzen nituen doinu haien babespean.
Palaceren aurkikuntza izan zen bestelako izaera eta testuraz osotua zegoen musika moduak ere bazirela eta neure bizitzaren parte bilaka zitezkeela ohartarazi ninduena. Eta bai, iritsi ziren, benetan desio nituela jakin ere egin gabe, garai hartako egunak soinu banda desberdin batekin beteko zituzten doinuak.
Vic Chessnut, Nick Drake, American Music Club, PJ Harvey…denak joan ziren nire belarria osatzen eta aberasten eta ene bihotzeko zokoak musikatzen. Ordura arte sumatu ez nuen moduko musika gose batean barneratua nintzen.
Palaceren entzuketak, artifiziorik gabeko era garratz bezain samurra osatzen zuen soinu antolakuntza bat posible egiteak sorrarazten zidan zirrara posible egin zuen. Espazio eta denboran galdua egon den altxorra neurekin nuen eta nahi hainbeste aldiz entzun nezakeen. Garai hartako bizipenek beren musika eskuratua zuten.
Zaila zait disko hau entzuteak nora eramaten nauen adieraztea. Tristura eta malenkonia esan ditzaket baina misterioa, poza, samurtasuna eta goxotasunezko sentipenak ere jasotakoaren parte bilakatzen dira entzuten dudan bakoitzean.
Urteetan ondoan mantendu zaidan laguna bezala izan da diskoa.
Inoiz ikusi ez dudan lekua, badakidana aldi berean existitzen dela eta egunen batean agertuko dela.
Naizen gizakiaren izaera aldakorraren esentzia non aurkitu dezakedan adierazten didan soinua.
Saihesten saiatzen naizen itzalaren lagun izatera eramaten nauen presentzia.
Galdutakoa ere beti geure baitan daramakigunaren sentimendua.
Sinpletasuna balore bilakatzen denekoa.
Hori guztia da entzuketak neuregan pizten duena. Beharbada horretxegatik gaur egun entzutea erabakitzen dudanean, benetan horretarako momentua egokia den edo ez galdetzen diot lehenik neure buruari.
Hala dela erabakiz gero, neguan itsasoan bainu hotz bat hartzea izan daitekeenerako prestatzen dut ene izatea, denboran zehar eginiko bidaian murgiltzeraino.
.
.
Sabrina Romero Marcos (Azkoitia, 1977)
.