Reed Hastings: “Telebista tradizionalaren etorkizuna heriotza da”
Reed Hastings: “Telebista tradizionalaren etorkizuna heriotza da” –
Ohitura bihurtu da. Egunaren akaberan, ohean edo egongelako sofan nekeak jota erortzean, serieak ikusteari ekiten diozu. Jada telebista piztu baino, nahiago duzu Netflix, HBO edo iragarkiz eta zaborrez betetako webgune batean streaming bidez serieak ikusten hasi. Eta konturatzerako irentsi dituzu hiruzpalau kapitulu, eta ohartzerako, jada gauerdia igaro da. Beste kapitulu bat gehiago? Horra dilema. Baina zeintzuk dira telesailen sukarraren arrazoiak? On Demand eta streaming ereduak telebista tradizionala itoko du? Netflixeko buruzagi Reed Hastingsek aipatzen dituen hainbat gako azter ditzagun.
Hasteko eta behin argitu dezagun ez dela moda huts bat. Ikusentzuneko industriaren eta bertatik sortutako edukien kontsumoaren errotiko aldaketa eragin du sareak. Paradigma aldaketa da. Dena eskurgarri eta dohain lortzeko aukerak, lehen pentsaezinak ziren aukerak zabaldu ditu eta telebista kate zein ekoizleak eredu itxi eta iragankorretik, nahierako eredura igarotzeko prozesuan dira.
Hona hemen Reed Hastingsek aipatzen dituen hainbat gako:
1 – Norbanakoa segmentu bakar
Sareak eskaintza erabiltzaile bakoitzari doitzeko tresnak eskaintzen ditu. “100 milioi erabiltzaile ditugu eta 100 milioi kate bezala ulertzen ditugu, bakoitzak bere gustuak baititu. Telebista kate tradizionala definizio estandar berrietara moldatzeko borrokan dabilen bitartean, Netflixen House of Cards 4K definizioan ikusi dezakezu, sareak gailu bakoitzera moldatzeko gaitasuna ematen baitigu, audio eta bideo teknologia berrietara uneoro moldatuz”.
2 – TB adimentsua
Hemendik 10 urtera sarea askoz ere azkarragoa izango da eta telebista, berriz, hormatik zintzilik dagoen Ipad erraldoi bat bezalakoa. Aplikazioz gainezka, APP Store batekin.
3 – Internet fenomeno globala da
“Sarea gure ekonomiaren sektore guztiak eraldatzen ari da. Aisialdia, komunikazioa, online hezkuntza, telemedikuntza eta Gobernu irekia”.
4 – Gizateriaren aro berria
Aro hau Interneten Aroa bezala ezagutuko dugu historia liburuetan. Ordenagailuak, sekulako asmakizuna badira ere, jendeak atzera begira jarritakoan internet ahalbidetu zuen tresna bezala oroituko ditu.
5 – Telebistari bi Teleberri geratzen zaizkio
Telebista transmisioa oso ideia ona izan zen, autoa asmatu zen unera arte, zaldia ere ideia bikaina izan zen era berean. Gaur interneta dugu. Telebista irekiaren aroa, 1930 urtetik eta 2030 urterakoa, aurki agortuko da sareko streamingak irentsita. Telebistaren emisio lizentzia bat lortzea ezinezkoa zen gehiengoarentzat, baina gaur egun Internetekin “nahikoa da eduki eder bat izan eta eskuragarri ipintzearekin”.
6 – Istorioak kontatzeko era berriak
Orain arte TB modelo tradizionalen modeloak behartuta, idazleek beren sorkuntza 30, 60 edo 120 minutuko formatuetara doitu dute. On Deman ereduarekin eta streaming-arekin luzera librean aritzeko aukera dute.
7 – Zuntz optikoa, demokratizazioa
Zuntz optikoaren sarea hedatzeak bi ondorio nagusi ditu: a) Buffering gutxiago eta b) erresoluzio handiagoak. Horrela etxe ia guztiek izango dute zinema esperientzia beren egongelan.
8 – Zinemek ere zinezko konpetentzia izanen dute
10 edo 15 urteren buruan, kontsumitzaileek ez dute batere itxaron beharko estreinalditik etxean pelikula bat ikusi ahal izateko. “Muga artifizialekin amaitu nahi dugu, bestela pirateriak goruntz egiten segiko baitu”, dio Hastingsek.