Kritika Zinematografikoa: “Priscilla”
Kritika Zinematografikoa: “Priscilla” –
Zuzendaria: Sofia Coppola
Urtea: 2023
Herrialdea: AEB
-Neurrira egindako emaztearena-
Elvis Presleyren bizitza pantaila handira ekarri zuen duela pare bat urte Baz Luhrmannek (Elvis, 2022), eta bertan ezagutu zuten belaunaldi berrienek rock and rollak inoiz eman duen izen handienetakoaren goraldia zein gainbehera. Baina filmak bigarren maila batean alboratuta utzi zuen erabat bere emazte gaztearekin zuen hartu-emana, behar besteko interesik pizten ez zuelakoan edo. Hala gertatu izan da maiz zinemaren historian, mitoen gainean eraikitako errelatoek mami gehiago dutelakoan, eta ahaztu egiten zaigu inguruan dituztenen bizitzak ere haienak bezainbeste balio duela. Priscilla Beaulieu izan zuen Elvisek ezkonkide, baina inork gutxik jakin du Mendebaldeko Alemaniako kanpamendu militar batean elkar ezagutu zutenetik honek pairatu zuen amesgaiztoa.
1985ean argitaratu zuen ‘Elvis and Me’ memoria-liburuan oinarritu du Sofia Coppolak PRISCILLA, menpekotasun-harreman kroniko baten kontaketa beldurgarria eratuz. Emakumeen ahotsa lehenesten ondu du bere filmografia zinemagile estatubatuarrak –The Virgin Suicides (1999) edota Marie Antoinette (2006) kasu-, eta oraingoan ere aukera baliatu du Priscillari ukatu izan zaion tokia aldarrikatzeko. 14 urte zituela ezagutu zuen 10 urte zaharragoa zen Elvis, oraindik ere ikaslea zela, eta rock izarrak neskatoaren zaurgarritasuna/inozentzia paternalismo osoz nola aprobetxatu zuen erakutsiko digu Coppolak. Bere neurrira eta beharretara diseinatutako emaztea eratu izana leporatuko dio rock izarrari, neskatoaren zoriontasuna ‘erostea’, berarenganako zuen maitasun itsuaz probetxu ateratzea.
Cailee Spaenyk interpretatutako Priscillaren askatasun-galera eta bizi izan zuen isolamendua zein bazterkeria egikaritu egin ditu Coppolak pantaila handian, protagonista erabat bakartuz. Zer egin ez dakiela, ordu-egun-hilabete hilei nola aurre egin jakin gabe Graceland jauregi erraldoian giltzaperatuz; kontrapuntua lagunez inguratutako Elvisek (Jacob Elordik) jarriko du, bere isolamenduaren errudun miretsiak. Etengabe errepikatuko diren pasarteek -eskolarako irtenaldiak, korridore hutsetako joan-etorriak, soineko garestien probaldiak, otorduak-, pertsonaia ia guztien aurpegiak (batez ere, begiak) garbi ikustea galarazten duen argiztapen deserosoak, eta soinu bandaren hautu kasualak areagotu egingo dute Priscilla tokiz-kanpo dagoenaren sentsazioa, onartzen ez duen mundu toxiko batean harrapatuta egotearena.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Priscilla”