Porno askea?

Porno askea?

Gaur Garak Wikimedia Fundazioko arduradunaren eta Wikipediako sortzailearen artikulu bat dakar Wikimedia Fundazioak irekitako eztabaidaren inguruan. Artikulu horretan proposamenak zabaltzeko aukera ireki dutela adierazten dute, prozesu ireki batekin erronkak jarriz eta galdera bati erantzutea eskatuz: “Non ikusten duzu Wikimedia 5 urte barru?“.

Zabaldun irakurri daiteke Unai Wikipediako lankideak idatzitako komentario batean proposamen anitz horien artean badela bat Pornopedia izeneko proiektua sortzeko. Bada, proiektu hori dagoeneko existitzen da (Adi: NSFW – LEZ), eta Wikipedian sexua eta pornografiaren inguruan dagoen informazio guztia bildu eta kategorizatzeko helburua du.
Webgune horrek pornografiari buruzko datu ugari biltzen ditu, hala nola argazki eta bideoak. Horrelako milioika orrialde egon daitezke, bai, baina honek cc-by-sa lizentziapean argitaratzen ditu bere edukiak, nolabaiteko pornografia askea eskainiz. Eta hortik doa ere Pornopedia garatzeko proposamenaren eztabaida. Zein mailararte kontsideratu daiteke hau ezagutza? Horrelako proiektu bat bultzateak Wikimedia fundazioari onurak edo kalteak eragingo dizkio? Proiektu hau bultzatzekotan eduki horiek Wikipediatik kendu beharko lirateke? Orain Wikipedian dauden mugapen batzuk horrelako webgune bat sortuz desagertu al daitezke? Zein mailararte suposatzen du honek autozentsura?

Eta bitxia bada ere pornografia ekoizleek ondo ulertu dute honek duen potentziala, eta euren irudi eta bideo batzuk doan uzten dituzte lotura bat eskaintzearren. Hau da, ondoren egin dezaketen negozioa handiagoa da horrelako irudi batzuk lizentzia librearekin uzteak sortzen duenak baino. Kultura librearen beste ikuspegi bat da, baina interesgarria, batez ere merkatu ikuspegia duten hainbat sortzailek aztertu beharrekoa.

Bitartean Pornopedia proiektuak handik eta hemendik edukiak jasotzen hazten doa, nahiz eta finantziazio arazoak direla eta publizitatea jarri behar duten euren webgunean. Eta softwarea librea denez edozein hizkuntzara itzultzeko aukera ere eman dezake. Gazteleraz ere antzeko proiektua bada, es.pornopedia.eu.

Geologian lizentziatua eta Primatologian masterra. Han-hemenka interneten...