Polizien literatura
Polizien literatura –
Joan Mari Torrealdairen tesia kaleratu berri du Jakinek “Zentsura gubernatiboa eta euskal liburua. 1936-1983” izenburupean. Poliziek idatzitako literatura hau etsaiek egindako irakurketa bat da, ezkutuko agentearen irakurtzeko modua dena. Irakurtzeko era horrek, azken finean, literaturaren beraren aurkako jarduera politikoak sostengatzen ditu, baina idazteko modu ezkutua bezain ezezaguna zaigu.
Etsaiaren irakurketa aurrez pentsatutako begirada batean enkistatuta dago. Irakurtzen duenak, ia beti, idatzitakotik ateratzen den esanahiak hunkitzea saihesten du. Irakurtzen duenaren gorputzak baztertu egiten du sorginkeria literarioaren tentazioa, eta izutu egiten da letren xarmarako grina posibleen aurrean. Irakurketa honek erabat desbideratuta eta terroristatzat jotzen du alde guztietatik irakurri ohi duen oro. Aski da norbaitek hierarkiak zalantzan jartzea eta bidezkoa dena eskatzea, etsaien irakurketa erne dadin. Zentsorean oinarritzen den irakurketa bat da, Camilo Jose Cela bezalako hitzen polizia eta borrero horrek egiten zuen bezalakoa, edo Gabriel Arestiren etsai ziren irakurle haiek duela hirurogei urte baino gehiago egin zutenaren antzerakoa.
Kritikaren ausardiak eta eztabaida pizten duten ideiak irakurtzen dituzte kalte arriskutsu gisa. Hitzak idazlearen kontrako froga moduan agertzen dira beraientzat, baina, historiaren auzitegian, eta Torrealdairenak bezalako lan trabei esker, orain guk ere bai, idazle eta literatura irakurleok, hitz-polizien etsai eta zentsuratzaile den literaturak idazten duena irakur dezakegu.
Duela hamabost bat urte Ariel Dorfmanekin harremanetan jarri nintzen, “Herioa eta dontzeila” (Txalaparta, 2010) euskaratzeko, eta horri esker jakin ahal izan nuen, Pinocheten kolpearekin 1973an Txiletik erbesteratuta atera ondoren, bertako poliziek berari buruz idatzitakoa irakurri ahal izan zuela. Dorfmanek etsaiaren irakurketa irakurri zuen ispilu gurutzatu batean ikusiko balu bezala, segurtasun zerbitzuek beren ibilbide historikoan ikusteko egiten zuten narraziora sartuz.
Dorfmanek zioen: «Agintari berriek ba al zekiten azken hilabeteetan Allende hil zen Presidentearen Jauregian kultura eta prentsa aholkulari lanetan aritu nintzela? Edo ezkerreko alderdi txiki batekoa nintzela, legezkontrakotasunetik diktadura bertan behera uzteko deia egiten zuena? Uste ote zuten “Donald Ahatea irakurtzeko” nire liburu subertsiboa, Disneyren mezu ezkutuak salatzen zituena, militarrek publikoki erre eta hirugarren edizioa itsasora bota zutena, arrazoi bat zela egilea, ni neroni, torturatzeko edo hiltzeko?».
Dorfmanek, bere lehen erbestean Argentinako heriotzaren eskuadroiei iskin egin ahal izan zien arren, bere buruari galdetzen zion «zergatik etorri ziren 1974ko hasieran nire bila?».
Denbora pasatu ondoren, etsaiaren irakurketa haren txostenak nik irakurrita, espioiren batek FAS (Frente Antimperialista por el Socialismo) delakoarekin funtsik gabe lotzen ninduela ikusi nuen.
Dorfmanek susmatzen zuen azalpen bakarra zera zela, Bilaketa Saileko funtzionarioren batek, bere nagusien aurrean emaitzak erakutsi nahian, arrisku bezala hartu omen zuela bere presentzia eta, izuaren burokrataren eskuetara kontakizuna iritsita, berau atxilotzeko eta itauntzeko agindu zuela.
Garaiz konturatu zen, ordea, eta Dorfmanek erbestearen bidea hartu zuen berriro ere. Orduan idatzi zuen “Herioa eta dontzeila”.
Askotan, literaturaren etsaiek kontrako emaitzak ere erdiesten baitituzte.