[Kafe Aleak] Pink Floyd “The Dark Side of the Moon”

[Kafe Aleak] Pink Floyd “The Dark Side of the Moon” –

.

Pink Floyd

“The Dark Side of the Moon“ (Harvest/Capitol, 1973)

.

ISPILUKO AURPEGI EZEZAGUNA

Imajina ezazue 13 urteko mutiko bat, ilunpean, zinema bateko besaulkian eserita eta Stanley Kubricken 2001: Espazio odisea bat lehenbiziko aldiz ikusten. Lehengusu-lehengusinekin, anai-arrebekin, gurasoekin eta izeba-osabekin etorri da baina orain bakarrik dago, txikle baten moduan bi ordu baino gehiago luzatzen den orain batean, dena hartzen duena, dakiena eta ez dakiena, ustez ulertzen duena eta sentitzen duena.

Egun, mutikoa hazi da, baina gehiegi ere ez, 18 urte ditu eta presaka paseatzen da Donostiatik, inora joango ez balitz bezala. Diotenez, ingurumarian eta astiro heltzen da nonbaitera, baina berak ez du heldu nahi.

Pink Floyd "The Dark Side of the Moon"Begirada azkar doakio erakusleihotik erakusleihora, eta musika tresnen denda batetik pasatzean gelditu egin da, tupustean. Irudi batek erakarri du, bere aurpegia erakusleihoaren kristalean islatuta disko baten, LP baten, azalari gainjarria; ez du sekula halako diseinurik ikusi musika lan bat aurkezteko. Ingelesez tutik ere ez daki baina THEDARKSIDEOFTHEMOON irakurri du, eta ez daki zer esan nahi duen, baina bere burua irudiz beteta dago eta ezinbestean 5 urte lehenagoko zinema hartako iluntasunean murgildu da berriro. Dendan sartzeko bulkada sentitu du eta bere burua imajinatu du, ziurtasun plantaz, eskatuz mesedez horko diskoko zerbait entzun nahiko lukeela; bai, prisma eta argia dituena, horixe, bai, pink zer? nola? tira, espaziokoa… zenbatean dago? Baina herabeegia da eta gainera ez du behin ere diskorik erosi, biniloz betetako espazioak inoren jainko baten jainkotegiak iruditzen zaizkio.

Hilabete geroago, ordea, ikastetxeko garaiko lagunak gonbidatu ditu Gusek bere etxera (unibertsitateak oro greban dira eta uda Gabonak arte luzatuko da) erosi berri duen diskoa entzutera, “Ilargiaren alde ezkutua” bere hitzetan.

Gelatxo txiki batean, barroko itxurako apalategiak gainera eroriko zaizkizula dirudien horietakoa, garaiko halako familietako gurasoen oso gustukoa. Zenbat eta apaindura gehiago, hainbat eta hobeto.

Handikiro, pertsiar moduko alfonbra horietako batean etzateko gonbita egin digu anfitrioiak, guztion artean lurrean zeuden altzari guztiak bertatik kendu ondoren.

Biniloa jogailuan jarri du eta argiak itzali ditu.

Film bakar bat ez, film batzuk bakar batean bizitzea bezalakoa izan zen.

Begiak itxi eta ahoz gora, soinuek eta melodiek leku batetik bestera eraman ninduten, Money kantuak bidaia eten zuen arte; bide batez, eta urteak igaro direnez, ausartu naiz esatera ez zitzaidala batere gustatu. Zer demontre egiten zuen diru-makina hark lehenengo planoan, uztartzen ari ziren plano-sekuentzia eder eta kitzikagarrien artean?

Tripoli, Libiako hiriburua, Alex lagun handiarekin eta bere senideekin. Solairu bakarreko etxea dute. Sotoa mendebaldeko produktuz mukuru dago, bereziki alkohola eta pixoihalak -neurririk gabe- (ezinbesteko produktuak muturreko adinetarako, gure kulturan, behinik behin).

Bere apartamentuan egiten dut lo. Leihotik, parez pare, berde kolore zehaztugabeko lorategi bat ikusten da eta gauetan, afalostean, musikaz mintzatzen gara, soinuez, zaratez, eta bere konposizioak entzuten ditugu gaueko ordu txikiak arte. Auzoak ditugu, baina ez ditut inoiz entzun, ezta ikusi ere, edo bai, gauero oheratu aurretik goiko leiho batean silueta ilun bat begiztatzen dut, emakume batena dela esango nuke, burua ere estaltzen dion jantziagatik. Oso geldi egon ohi da, guri begira, eta lo egiteko argia itzaltzen dudanean baino ez da desagertzen.

Goiz batean, ohean, kanpotik ozen-ozenki datorren musika bat entzun dut ustekabean. Bai, Pink Floyd da, “nire diskoa da”, eta emakumezkoaren silueta erakusten zuen leihoko etxebizitzatik dator.

Begirada jaso eta bertan dago, emakume ezkutua eta mutua, ilargiaren alde ezkutuaren moduan, eta neure artean diot: “hauxe da bere mezua, musika hau jitoan doan bere botila da”.

Eskuarekin agurtu dut, badirudi… ez dakit, eta desagertu da.

Disko osoa entzun ondoren isiltasun handia nagusitu zen.

Juan José Aranguren (1955, Donostia) Eskultorea

“Kafe aleak” liburua erosteko

[Kafe Aleak] Pink Floyd “The Dark Side of the Moon”