Pin parentala
Pin parentala –
Azken egun hauetan Murtzian VOXek bultzatutako “pin parental” delakoak harrotu ditu hautsak. Zertan datzan azaltzea erraza da: eskola ordutegi barruan jarduera osagarri batzuetan gurasoek erabakitzeko eskubidea izango dute, esango dute beren seme-alabek jarduera horietan parte hartuko duten ala ez. Batez ere genero eta LGTBren inguruko kontuetan egiten diren ekintza hezigarriak daude jomugan. Askok altxatu dute ahotsa “pin” hori kritikatzeko, arrazoi osoz.
Beste adibide lotsagarriak ere badaude: Estatu Batuetan, eta hainbatetan arrakastaz, guraso batzuek presionatu dute eboluzioa zientzia baino besteen arteko teoria moduan azal dakien ikasleei. Azken batean familia horiek defenditzen dutena zera da, beren sineskerak eta ideologia dutela eta eskubidea dutela seme-alabak horietan hezteko. Gurasoek nahi duten hezkuntza erabakitzeko eskubidea, azken batean. Hori da arazo honen muina.
Noski, guraso guztiok saiatzen gara seme-alabak gure baloreetan eta pentsaeraren arabera hezten, naturala da. Beste gauza bat da gurea eta gure gustukoa izatea umeek eta gaztetxoek hartu behar duten eragin bakarra. Kontua da ume horiek aske eta arduratsu garatzeko beste errealitate asko ezagutu beharko lituzketela, beste ahotsak, beste esperientziak, eta horiekin guztiekin aberastu. Eta horixe eskaini behar du eskolak. Eta horregatik gurasoek seme-alaben hezkuntza erabakitzeko eskubidea ezin da eskubide absolutua izan. Beste arrazoi askoren artean ikasleek ere eskubideak dituztelako, eta hezkuntza ahalik eta osoena hartzeko eskubidea dute, familiatik, eskolatik eta gizartean dauden beste hamaika bitartekotik ere bai.
Adin gutxikoak manipulatzeko tentazioari uko egin behar zaio, dotrinatzeko tentazioa baztertu behar da, heziketa ikasleen zerbitzuan jarri nahi badugu. Haiek askatasunez eta arduraz joka dezaten bitartekoak ematea da hezkuntza. Eta horretarako izpiritu eta gaitasun kritikoa garatu behar da haiengan, hori behar dute errealitatea begi kritikoz aztertzeko eta beren erabaki eta apustuak ganoraz eta kontzientziaz egiteko. Hori da eskolaren funtzio nagusienetako bat.
Hezkuntza ez da gurasoentzako zerbitzua, ikasleentzakoa baizik. Eta horrexegatik umeek eta gazteek behar dutena ezin dute soilik definitu beren gurasoek.
“Hezkuntza ez da gurasoentzako zerbitzua, ikasleentzakoa baizik. Eta horrexegatik umeek eta gazteek behar dutena ezin dute soilik definitu beren gurasoek”, gezurra galanta. Eskola ez da ezer absolutoa, gizarte eta kultura batean txertatuta dago eta tribuaren beharrak asetu behar ditu. Zergatik eskatzen dugu bada euskal eskola nazionala izatea? Gertatzen dena da, gaur egungo eskolak edukirik gabeko globalismo posmoderno bat bultzatzen ari dela, identitate oro ezabatu nahi du txikitatik hasita. Beraz ez etorri hona egia absolutuekin, aniztasuna eta ikuspegi ezberdinen onkeriaren apologia eginaz, funtsean adoktrinamendu bat bilatzen ari zarete eta.
Euskal Herrian aspaldian daukagu ezarrita “pin parentala”. Zeren hemengo gurasoen eskubide sakratua baita beren seme-alabei ez uztea euskara ikasten eskolan. Ez da hala? Ba hori, has gaitezen kalte handiena egiten diguten bidegabekerietatik.
Eskolak mundua eta bere ingurua ezagutzeko eta ikuspegi kritikoz ulertzeko tresnak eman behar dizkio ikasleari. Eta hori ez da ideologia edota sineskera jakin bat transmititzea (hau da adoktrinamendua). Euskal Herrian eskolak euskaraz trebatzeaz gain euskal kulturan murgildu behar ditu ikasleak, gure ondarea eta bizimoduak belaunaldi berrietara hel daitezen lagunduz. Eta funtzio horiek eskola askok betetzen dituzte egun, bere lorpenekin eta bere akatsekin (ezer ez da perfektua). Adin txikikoei eta gizarte osoari ematen zaien zerbitzu oso inportantea da hori. Gabeziak badaude, jakina, hango eta hemengo eskoletan, baina irakasle asko horretan gogotsu ari dena ere bai. Ez da “onkeria”, askoren egunerokoa baizik.
Ados Garrettekin, gurasoen iritziak (aurreiritzuak) ezin lukete ozpotatu ikasle guztiek euskara ezagutzeko duten eskubidea. Eta hori ere pin parentala da. Euskara ardatza duen sistema behar dute ikasleek euskaraz trebatzeko.
Ez, barkatu, ikasleek ez dute euskara ikasteko eskubidea, derrigortasuna baizik. Baina hori ez da pin parentala, eskola nazionala baizik. Ez nahastu kontuak. Eta gainerakoan, eskolak ez dio esan behar nire umeari LGTBren inguruan ezertxo ere. Stop adoktrinamenduari.
Barkatu, eskolak LGTBren inguruan ezagutza eman behar dio zure semeari, hau da, identitatea eta sexualitatea bizitzeko era desberdinak daudela; eta inor ez dela ez gehiago ez gutxiago homosexuala izateagatik, modu batean espresatzeagatik …
Barkatu, arlo honetan eskolak errespetua irakatsi behar du. Zuri gustatu ala ez.
Ez dut gustuko gaia baina noizean behin deabruaren abokatu lana hartzeko ariketa ere egin behar da: eskolan zer esan behar zaie umeei, ETAko kideak hiltzaileak zirela ala Herriaren gudariak? Zeren hemen errespetuaren izenean adoktrinamendu asko eta asko egin daiteke. Eta zuk ez didazu niri esan behar, ez zuk eta zure sistemak matrimonio bat zer den.
“Zuri gustatu ala ez…”, esatea ere ausartu! Hor ikusten da zein den talantea, Hezkuntza Sisteman dauden profesionalen parte handi batek ez du mailarik. Ez da nire iritzia, konstatazio bat baizik. Magisteritzan jendeak zer egiten du?
“Euskaldun bat”. Nik “gustatu ala ez” esan dut ikasleei irakatsi behar zaiela bi gauza:
Bat. Modu asko daudela identitatea eta sexualitatea bizitzeko.
Bi. Errespetuaz (berdintasunean) tratatu behar dugula elkar, desderdintasunak desberdintasun.
Bietako zeinekin ez zaude ados?
Bi gauza:
Bat. Modu asko daude identitate nazionala bizitzeko.
Bi. ETAko kideak ez ziren gudariak identitate nazionala bizitzeko moduak errespetatzen ez zituztelako.
Bietako zeinekin ez zaude ados?
“Euskaldun bat”, Espainiako gobernuak bezala zeuk ere erabiltzen duzu “ETAren komodina” gauzak nahasteko?
Bai, konsziente naiz horretaz, horregatik esan dizut deabruaren abokatu izango naizela. Baina ea ulertzen dugun elkar: azken aldiko ideologia posmo guzti honetan ideia guztien atzean zerbait amankomunean badago, hori egia absolutoak dira. Sexu heziketa, ekologia, migrazioa… denen atzean ageriko arrazoi ukaezina dago, bai ala bai. Eta sentitzen dut, baina ez. Matematikako egiak ez dizkizut ukatuko, Fisikakoak ere ez beti ere teoria guztiak hurbilketak direla garbi utzita eta beste guztia politika da. Nahi baduzu politika ezberdinak erakutsi genitzake eta gero beraiek aukeratuko dute. Eskolako umeak “ongi etorri errefuxiatuak” dioen pankarta baten atzean jartzen badituzue, ez zarete ondo ari. Ni adibidez errefuxiatuak hartzearen aurka nagoelako, eta errefuxiatuen alde dagoenak bezainbeste eskubide dut aurka nagoela esateko. Gertatzen dena da, ideologia posmo honetan dena absolutoa dela, dena markatuta dago eta beste guztia politikoki ez zuzena da. Eta hezkuntza sistema posmoz beteta dago, agian hezkuntzan dagoen maila eskasaren erakusle garbia.
Nahi duzuna, ez dut eztabaidatuko planteatzen duzun hori guztia, nahiko nahasia iruditzen zait eta. Ez dakit zerk kezkatzen zaituen hasieran esan duzunean LGTBri buruz zure seme-alabei ezin zaiela eskolan hitz egin. Gogoratzen dizut hortik hasi dela eztabaida