Pier Paolo Pasolini, santu heretikoa

Pier Paolo Pasolini, santu heretikoa –

Pier Paolo Pasolini, santu heretikoaPelikula bat ikusten pasa dudan tarterik txarrena Saló filmeari begira igaro nuen (Salò o le 120 giornate di Sodoma); orduan ezagutu eta sentitu nuen interesa Pier Paolo Pasolinirengatik. Duela gutxi Sebastien Lapaque idazleak Pasoliniren bueltan plazaratutako artikulu batekin egin dut tupust, eta italiarraren inguruan entzun gabe neuzkan hainbat kontu aipatzen dira bertan.

Pasolini Bolognan, Italian, jaio zen 1922an. Zinema zuzendaria, olerkaria, idazlea eta intelektuala izan zen. Komunista, homosexuala eta sortzaile aparta, polemikoa eta bakarra munduan, majo harrotu zituen hautsak gerra ondorengo Italia katoliko eta kontserbadore hartan. 1975eko azaroaren 2an topatu zuten hilik, eraila.

Lekuko bat galdu dugu, lekuko ezberdin bat. Hein batean, bera erreakzio aktibo eta onuragarriak eragiten saiatu zen italiar gizartearen hilotzean. Bere ezberdintasunak probokazio onuragarrian zetzan…“. Hitz horiekin agurtu zuen Alberto Moravia idazle eta lagunak.

Bere gaztaroaren zati bat Frioul izeneko herri batean igaro zuen, eta bertan ikusi zuen bazirela langileak eta jabeak, erasoak eta erosoak: “oraindik ere bazeuden gune feudalak, Sizilian bezala: latifundioak. Horrela ikusi nuen nik, fisikoki: alde batean jornalariak, zapi gorriekin; bestean jabeak. Eta badakizu zer? Inongo irakurketa marxistarik egin gabe, era naturalean, Friouleko jornalarien alboan jarri nintzen“. 1945ean hasi zen Marx irakurtzen.

Lapaquek dio Pasolinik ez duela biograforik behar, bere bizitza bere lanean baitago barnebilduta. Moraviaren arabera, interes pertsonalik bilatu gabe egiten zuen lan, eta horrek azaldu dezake, neurri handi batean, bere bizitza osoan egin zuen lan eskerga izugarria.

Pier Paolo Pasolini, santu heretikoaBere burua modu askotan definitzen zuen Pasolinik: “santu heretikoa”, “sekula aita izango ez den semea”, “poeta marxista pribilegiatua”… Bere aita faxismoarekin lerratutako ofizial bat izan zen; bere anaietako bat, ordea, partisanoa, eta gerra amaitu aurretik hil zuten.

Mussolini exekutatu eta zintzilikatu ondoren, ez zitzaion gustatu urteen poderioz antifaxismoak hartu zuen forma: “Gaur egungo antifaxismoaren zati esanguratsu bat inuzentea, inozoa, iheskorra edota borondate txarrekoa da. Jada lurperatuta dagoen fenomeno baten aurka egiten du borroka, edo borroka planta. Oso antifaxismo eroso eta lasaia da. Guztiz konbentzituta nago benetako faxismoa soziologoek “kontsumo gizartea” deitzen dioten hori dela“.

Petroleo izeneko eleberri batean aritu zen lanean bere bizitzako azken hiru urteetan, eta agian, horrexegatik hilko zuten. Emanuele Trevik Petroleoren genesia argitu zuen Pasoliniri dedikatutako saiakera batean, Quelque chose d´écrit: “1969ko abenduaren 12an Milanen gertatuko sarraskiaren erantzuleen izenak dakizkit. 1974ko lehen hilabeteetan Brescia eta Boloniako sarraskien arduradunak nortzuk diren badakit”. Pasolinik burgesia amorru biziz gorrotatzen zuen: “La borghesia è il diavolo”. 

Pier Paolo Pasolini, santu heretikoa

Pasolini ulertzeko bere amaren presentzia ulertu behar da, Susanna Colussirena; Kristoren amaren papera egiten jarri zuen Il Vangelo secondo Matteo filmean. Bere burua “fetu heldu” gisa definitu zuen, eta Italian abortua legalizatzeko eman zen borrokan hartu zuen posizioa ez zen erraza izan ulertzen: metafisikoki aurka eta politikoki alde. Harrapazank. Bi elementuren arteko talka zegoela argudiatzen zuen: batetik, kontsumo gizarteak bizitza sexualaren anexioa egiten zuela iruditzen zitzaion; bestetik, legalitateak klase artean ezartzen zuen ezberdintasun eta bidegabekeria ikusten zuen (aberatsek abortatu zezaketelako eta langileek ez).

Lapaqueren arabera Pasoliniren posizioa ulertzeko bere amaren gorputzarekin zeukan harremana konprenitu behar da. Zaila egiten da barneratzea bere mailako norbaitek ez konpartitzea emakume batek nahi duena egin dezakeela bere gorputzarekin. Urteak eta amarekin zeukan harremanak zabaltzen dute amildegia. Ama beti izan zuen alboan, baita 1949an irakaskuntzatik eta Alderdi Komunistatik kanporatu zutenean ere, “adingabeak perbertitzeagatik”.

Pasolini ez zen beti espero zen lubakian jarri. 1968ko maiatzean poliziaren alde zegoela esatera heldu zen, ikasleak burges kume batzuk zirelako eta poliziak, aldiz, proletarioak. Ño.

Decameron, Canterburyko ipuinak, Salo (sentsible samarrak bazarete azken hau ez ikusi)… Sekulako lanak, sekulako obra, dastatu eta gozatzeko; horretarako ez da zertan Pasolinik esan eta egindako guztiarekin ados egon behar.

 

Pier Paolo Pasolini, santu heretikoa
Pasolini Espainiako enbaxadaren aurrean protestan, 1975eko irailaren 24ean (Txiki eta Otaegi hil baino hiru egun lehenago)

 

Pier Paolo Pasolini, santu heretikoa Pier Paolo Pasolini, santu heretikoa

 

Mairua naiz behelaino artean. ZUZEUko erredakzio kide; Bertsolari.eus aldizkarian koordinatzaile. Estellerria.