Kritika Zinematografikoa: “Perfect Days”
Kritika Zinematografikoa: “Perfect Days” –
Zuzendaria: Wim Wenders
Urtea: 2023
Herrialdea: Japonia
-Bizitzako plazer txiki hilezkorrak-
Kamustuta azaldu zaigu Wim Wenders azken urteotan. 70eko eta 80ko hamarkadetan zuzendu zituen filmekin ikus-entzuleen eta kritikarien miresmena lortu ostean, kostata egokitu da mende berrira, eta belaunaldi gazteak bere proposamenetara erakartzen lanak izan ditu. Zinemagile alemaniarraren gainbeherak atzera bueltarik ez zuela zirudien, baina ia 80 urterekin ezusteko opari bat ekarri digu, zentzu batean zein bestean, gaur arteko filmografia guztia ukitzen duen obra baita PERFECT DAYS.
Bere film arrakastatsuenetan lez, munduan bere tokia bilatzen ari den gizon bakarti bati segika jardungo dugu berriz. Hala, Philip Winter kazetariaren (Alice in den Städten, 1974), desertuan noraezean doan Travis Hendersonen (Paris, Texas, 1984) edota Bruno Ganzek interpretatutako aingeruaren (Der Himmel über Berlin, 1987) arrastoari segika aurkeztuko digu Wendersek Tokioko komun publikoak garbitzen dituen Hirayama; Kôji Yakushok interpretatu du eta aktore onenaren sariarekin aitortu zuten 76. Cannesko Nazioarteko Zinema Jaialdian.
Japoniari eta Yasujir? Ozu zinemagileari dion maitasunak bultzatuta -hari buruzko Tokyo-Ga dokumentala ere zuzendu zuen 1985ean- hiriburuan bertan girotu du istorioa, protagonsita, hain zuzen ere, Ozuren T?ky? Monogatari (1953) klasikoko pertsonaia nagusiaren izenez bataiatuz. Bada, Hirayamaren egunerokotasunari buruzko behaketa ariketa xamurra da PERFECT DAYS, eta oker gabiltza maisu japoniarraren lanekiko aurreiritziekin parekatuz, ezer berezirik kontatzeko ez duela uste badugu. Izan ere, filma behar baino gehiago luzatzen duen azpitrama familiar hutsala kenduta -iloba agertuko zaigu bat-batean etxean-, azaleko narratiba errepikakorraren atzean ezkutatuta zoriontsu izatea ahalbidetzen diguten praktika umilen aldeko aldarria ekarri digu Wendersek, bizitzako plazer txikiez goza dezagun erregutuz: lo hartu aurretiko irakurraldiak edota etxeko landareen ureztatzea, kasu.
Apenas adituko diogu hitzik protagonistari, behar beharrezkoak soilik ahoskatuko ditu, nahiz eta askotan pertsonaiaren isiltasuna desatsegina egin dakigukeen, karikatura bilakatzeraino. Ordainetan, eta Wendersen musikazaletasunaren adierazle –Buena Vista Social Club (1999) lan entzutetsua gogoan-, Tokioko komun publiko batetik bestera furgonetarekin toki-aldatzean Hirayamak entzungo dituen audio-kasete zaharrek adieraziko digute zer nolako gogo-aldartean dagoen. Eta guk berarekin batera abestuko ditugu Lou Reed eta The Velvet Underground, Nina Simone, Van Morrison, Patti Smith, The Animals edota The Rolling Stonsen kanta ederrenak.
Kritika osorik irakurtzeko, sartu ZINEA atarian!
Kritika Zinematografikoa: “Perfect Days”