Pedro Almodovarrek Donostia Saria jaso du
Pedro Almodovarrek Donostia Saria jaso du –
Pedro Almodovarrek Donostia Saria jaso eta askatasunaren defentsa sutsua egin du Zinemaldian debuta egin eta 44 urtera
…
Pedro Almodóvar zinemagileak Donostia Zinemaldiaren 72. edizioko bigarren Donostia Saria jaso du gaur Kursaal auditoriumean, Tilda Swinton antzezlearen eskutik. Bertan askatasunaren defentsa sutsua egin du, fikzioan zein errealitatean, Errealizadore Berriak sailean debuta egin eta 44 urtera. Ekitaldiaren amaieran The Room Next Door proiektatu dute, Veneziako zinema-jaialdian Urrezko Lehoia irabazi duen filma.
Bere hitzaldian, Almodovarrek esan du bere “zinemarekiko pasioak” norabide bat eman diola bere bizitzari, eta, ziurrenik, arrisku askotatik salbatu duela. “Nire adinean, Donostia Sariak adieraz dezake bide baten amaiera, bide hori egin izanagatik emaniko aintzatespena, baina nik ez dut horrela bizi. Niretzat zinema bedeinkazioa da, edo madarikazioa. Ez zait bururatzen bestelako bizimodurik, ez bada idaztea edo zuzentzea”, adierazi du, eta horren aurkako alternatiba “ezereza” dela azpimarratu du.
“Nire bokazioa indartsuagoa izan da ni neu eta inguratzen nauen guztia baino, eta halaxe jarraitzen du izaten”, esan du honakoa gaineratu aurretik: “Lanbide hau munduko onena da eta merezi zuen ni lanbide horri lotzea, inolako mugarik gabe. Inoiz baino gehiago da zinema nire bizitza, eta nire bizitzak ez luke zentzurik zinemarik gabe”. Bere irudiko, “bizitza, fikzioan zein errealitatean, konplexua da, eta makina bat arrisku ditu, baina askatasunik gabe, bizitzak ez du merezi”.
Atzo 75 urte bete zituen zinemagileak aholku bat emanez bukatu du hitzaldia: “Egin dezagun ahal dugun guztia fikzioaren munduan uzteko eguneroko mina, ulertezintasuna, gezurra, enpatia falta, injustizia soziala, gorrotoa, imajina daitekeen ezezkotasun guztia, eta, aldiz, modu bidezkoan eta bakean eraiki dezagun bizitza erreala, biziki entreteniturik gure pantailetan bakarrik existituko diren fikzioekin. Badakit gehiegitxo eskatzen dudala, baina beti izan da horrela, 1970ean filmak zuzentzera dedikatu nahirik Madrilera iritsi nintzenetik. Eskerrik asko sari honengatik eta eskerrik asko entzuteagatik”.
Juan Diego Bottok, Victoria Luengok, Raúl Arevalok eta Melinga Matthewsek Tilda Swinton eta Almodovar bera lagundu dituzte oholtza gainean. “Nire filma egunero ikusten eta entzuten ditugun gorroto-mezu guztiei emaniko erantzuna da. Gorrotoa orain arte sekula ez da antolatu, gaur egun antolatzen den bezala, modu anonimoan, inolako zigorrik gabe. Nire filmak kontrakoa egiten du: enpatia, laguntzea eta lagun egitea. Eta hunkituko ahal zaituzte, hura egin dugun guztiok hunkitu gaituen bezainbeste!”, adierazi du.
Munduko kulturari eginiko ekarpen paregabea
Julianne Moorerekin batera amaieran The Room Next Door filmeko protagonistetako bat den Swintonek ziurtatu duenez, “Almodóvarren zinemak kontsolamendua eskaintzen du, baita giza argitazpena eta familiarra ere”. “Ia mende erdiz liluratu, dibertitu, hunkitu eta lagundu gaituzu. Eta ez da ageri amaierarik”, adierazi du Mantxako zuzendariaren filmografiari buruzko aipamenez jositako hitzaldi batean.
“Gaur gauean, zorionak ematen dizkizugu munduko kulturari egin diozun ekarpen paregabeagatik eta gugan hain maitasun leiala pizteagatik. Altxor-lorategi bat landatu duzu gutako bakoitzarengan. Zure lana ona da munduarentzat, bihotzez eskertzen dizugu. Betiko biziko zara. Zorioneko gizakiak gara: eta zuk erraztu egiten duzu, arazoak arazo. Zorionak, maitea. Merezi duzun bezala ospa dezazula! Maitasunez eta adeitasunez, Tilda”, amaitu du.
Eneko Sagardoy aktoreak aurkeztu du gala, eta “zinemagintzako maisu ausart, original eta oso pertsonal” gisa deskribatu du sariduna. Ekitaldian bi bideo proiektatu dira. Horietako baten irudiek Almodóvarren filmografiako une ikoniko ugariak bistaratu dituzte, estilo bisual ezagun batek markatuak. Oscarretan, Urrezko Globoetan, BAFTA sarietan, Goyetan eta beste zenbaitetan aintzatetsi dituzten ia hogeita hamar lanek osatzen dute bideoan jasotako filmografia.
Beste bideoak, berriz, Almodóvarrek azken 44 urteetan Donostia Zinemaldia zenbatetan bisitatu duen jasotzen du. Zehazki, Errealizadore Berriak sailean aurkeztu zuen lehenbiziko lana: Pepi, Luci, Bom y otras chicas del montón (1980). Ondoren, Sail Ofizialean lehiatu zen Laberinto de pasiones (1982) filmarekin, eta lehiaketaz kanpo ere izan zen La flor de mi secreto (1995) lanarekin. Zinemaldiak omenaldia ere egin zion 1993an, La noche Almodóvar izeneko jai batekin, eta berak eman zien Donostia Saria Al Pacinori (1996), Woody Alleni (2004) eta Antonio Banderasi (2010).
Zinemaldian parte hartzeaz gainera, bere filmetako asko agertu dira Donostia Zinemaldiaren programazioan, Made in Spain sailean, Cannes eta Venezia eta beste zenbait zinema-jaialditan egon ondotik: Carne trémula (1998); Todo sobre mi madre (1999), FIPRESCI Sari Nagusiaren irabazlea Donostian; Hable con ella (2002); La mala educación (2004), Canneseko zinema-jaialdia inauguratu zuena; Volver (2006), hark ere FIPRESCI Sari Nagusia eskuratu zuen Donostian; Los abrazos rotos (2009), Los amantes pasajeros (2013), Julieta (2016) edo Dolor y gloria (2019), garrantzitsuenetako batzuk aipatzearren.
Gaurtik aurrera, Almodovarrek parekide ditu Donostia Zinemaldiaren ohorezko saria duten Espainiako zinemagintzako beste figura batzuk, hala nola Fernando Fernán Gómez (1999), Paco Rabal (2001), Antonio Banderas (2008), Carmen Maura (2013), Penélope Cruz (2019), Víctor Erice (2023) eta Javier Bardem (2023).
Donostia saria jaso du Javier Bardemek 72. edizioaren inaugurazio-galan