Patxi Ezkiagari

Patxi Ezkiagari –

Patxi Ezkiagari,

Gaurko egunez (2024/06/28) hil zinen duela jada sei urte, eta benetan kolpatu nau zuri buruzko albisteak, asko ezagutzen ez bazintudan ere. Zuk egin zenituenak lur honen gainean ez dago ongi eta ez da zuzena, mingarria da eta zuk mindutakoak ditut bihotzean. Haien lekuan jartzen naiz eta mina sentitzen dut. Zeruetako Jaunak seguruenik epaituko zintuen jada eta hark irakurriko zizkizun zuren delituak. Beraz, ni ez naiz nor zu epaitzeko.

Bestalde, lurtar poeta lotsati eta minbera honek sentitzen du zuganako errukia eta enpatia ere. Ez nago ados nola epaitu zaituzten euskal gizarte honetan eta euskal hedabideetan, ardura osoa zure gain botatzea alegia. Zure inguruko jendeak eta gizarteak, oro har, bazekien egiten zenituen bekatuen berri, eta, hala ere, denak isildu ziren, gizartean ekintza normalizatua izango balitz bezala. Egia da beste garai batzuk zirela eta ez daudela gaur egungo legeak eta ohiturak. Beste era batera ere bizi ginen eta beste era batera ere pentsatu, agian. Agian une hartan zu zinen laguntza gehien behar zuen pertsona eta zure poesiarekin adierazten zenigun laguntza behar zenuela, bestela ezin zenuelako?

2000. urtean Hatsaren Poesia olerki-liburuan zure lau olerki daude. Era berean, poesiaz definizio bat eskatuta, hauxe idatzi zenuen: “Poesia sinboloa da, itzala, tximista, ahots isila, paradoxaren erritmoa, ezerezaren taupadaren bipolaritatea; erbesteratze kanta eta itzulerarako oihua”.

Zuk egin zenituenak ez daude ongi, baina aspaldi epaitu zintuen Zeruetako Jaunak. Agian Zeruetako Giltzariak ere ateak ireki zizkizun eta han goitik ikusten, irakurtzen eta entzuten gaituzu.

Argi daukat poeta sentibera eta minbera zinela, eta zure poesiarekin laguntza eskatzen ari zinen, beharbada, baina inork ez zintuen irakurtzen, entzuten. Agian…

Ni ez naiz nor zu epaitzeko, epaitua izan baitzinen jada Zeruan 2018an, eta lur honetako bekaturik gabekoak bota dezala lehen harria. Wikipedian ere ez dute denborarik galdu zure bertuteak estaltzeko zure eraso sexistak zerrendatzen; Koldobika Jauregi bat-batean eskultorea hil denean, ezer gutxi agertzen da bere “Arbolaren egia”z. Non dago “Arbolaren egia”? Baionan? Non da egia? Garrantzia handiagoa ote dute eraso sexualek eraso politikoek baino Euskal Herri puta honetan, Niko Etxartek zioen bezala?

Ildo horretatik euskal herri askotako sarreretan “herri honetan ez da eraso sexistarik onartzen” kartela jartzea zilegi al da? Kartel hori irakurtzean beste galdera hau datorkit: gainerako erasoak onartzen dira? Eraso batzuk ez dira besteak baino garrantzitsuagoak, denak dira eraso eta erabat gaitzesgarriak.

Patxi Ezkiaga, beti iruditu izan zait iluna zure begitartea, baina pentsatzen nuen asko sufritzen zenuen poeta bat zinelako izango zela, eta zeure mina goxatzeko idazten zenuela. Beharbada besteak mintzen zenituelako min zenuen?

Zuk mindu zenituenak ondoan behar gaituzte orain gizarte osoko pertsonak, beharbada zuk gizartetik jaso ez zenuen laguntza horren damua ere badut nik. Agian zu zinen laguntza gehien behar zuena eta ez zenuen jakin laguntza nola eskatu eta gizarteak ezin izan izan zuen (edo ez zuen nahi) eman.

Damuak mudatzen dira garaiz eta tokiz, baina damuak ditugu orain. Inork ez digu galdetzen poetoi nola sentitzen garen, zergatik egiten ditugun gaizki dauden eta besteentzat zentzugabeak diren gauzak? Inork irakurtzen al ditu gure bihotzeko egiak?

Damuak ditut

eta mudak aldatu ditut

damutzen naiz

egin dudanaz

baita egin ez dudanaz ere,

baina mudatu naiz tokiz

mudatu dira garaiak.

Hala ere, ni naiz

beti ni hau

bere damuekin eta minekin.

Maitasunez,

Ainara

(2018an Maiatz argitaletxean ene aita zenaren biografia argitaratu nuen: Pepito, maiteminaren eta biziminaren txinparta. Ene aita zenak Patxi ezagutzen baitzuen…) Patxi Ezkiagari

Azaleko argazkia: Goierriko Hitza.

Patxi Ezkiagari Patxi Ezkiagari

Ainara Maia Urroz - XORINO - Irun, 1976. Ekainaren 6an sortua... Igandea zen, udaberria. Enara airos baten moduan sortu nintzen mundura. Ainara bat zerura. Igande distiratsu batean udaren iragarle fina. Eta bizitzan barna nabil geroztik, enara bakar batek zergatik bada ez dakarren uda asmatu nahian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude