Parapsikologia Euskal Herria ondo ezagutzeko. Jon Mirande
Parapsikologia Euskal Herria ondo ezagutzeko. Jon Mirande –
Jon Miranderekin oraindik zorretan dago Euskal Herria. Seguruena, orain artean behar besteko arretarik ez zaio eskaini. Areago esango nuke nik; sekulan oso errespetatua izan ez den pertsonalitate politiko eta literarioaren aurrean gaudela. Bai bere garaian, kristau giro oso hertsian bizi izan zeneko Euskal Herri hartan. Baina bai eta ordutik gaur egun arteko urteetan. Ziurrenik, besteetan beste, berehalakoan, bera kasu moral edo psikologiko zeharo erdeinagarri bilakatu izan dugulako aurrez. Agian, ez batzuek, ez bestetszuek, bere pentsamolde politiko eta nazionalari ez diotelako probetxugarri iritzi. Nolanahi ere den, Jon Mirande, bere buruaz beste egin zuen hori, guk bere gainean inongo epai zorrotz bota aurretik, jada gutaz aski trufatu zitzaigun huraxe dugu. Pertsonaia inkomodoa maizenean edo gehienetan, dudarik ez, marxismoaren, sozialismoaren eta anarkismoaren etsai amorratu, pagano, esoterismo zale, sorginzale… Nola bizi zen, nola hil zen, esan eta idatzi zituen guztiak, horrek guztiak beldur eta lotsa sortarazi izan ditu molde bakarreko gure Euskal Herri beti-batekoan. Oso ezberdina zatekeen bestela bere obraren tratamendua. Halere, literato handi-handia dugu Mirande. Gurea bezalako herri txiki batek ezin dio inolaz honelako pertsonalitate karismatiko zein genialari muzin egin. Nietzschearra, pagano peto-petoa, antikristaua, igurtzi faxistako ideiak ere ibili zituena… baina, horrekin guztiarekin ere, geniala, disruptiboa, eta sekula santan gurean berriz ere errepikatuko ez den pentsonalitatea. Pentsalari gisa, bere ideiak gustoko izan zein ez, ez dugu ez gutxiesteko modukoa. Euskal Herriak, bere tamaina tarteko, ez du itzal honetako hainbeste pentsatzaile bikain eta interesgarri izan, honelako bat hala-hola ahanzturan gera dakion.
Oraingo lerrotan baina, bere pentsamoldearen geruza bati besteri ez diot erreparatuko, bere esoterismo zaletasunari. Hori ekarri nai dut hizpidera. Esoterismoa, besteetan beste, bere pentsamoldearen erdi-erdigunean egon zen. Parapsikologia oso aintzat hartu zuen Mirandek bere pentsamodea jorratze aldera:
“Lehenago, izpirituak sor ditzakeen fenomenuok, «mirariok» (deabruaren) parte gaiztozkotzat jotzen ziren. Gero, zientziak esplikatu ezinik, ukatu edo baztertu egiten ziren. «Oraingo garaian, ordea», Miranderen ustez, bada zientzia bat misterio hauk argitzeko: parapsikologia. Jakintza berri bat: psikologi gaindikoa deritza, saio llabur zalearen daukagun saio luzeen eta sakonenak. «Psikologiaren sail bat dugu, eta oraindar jakintsu gogo argi bat ezin egon liteke hartaz arretatzeke», deritza Mi-randek. Izan ere, metafisikak utzi eta «orain» mintzo gindezke (AZURMENDI, J., Mirande eta kritautasuna, 106. or.).
Gizakiak, Herriak, errealitatea bere guztizkoan, zinez eta sakonki ulertze aldera parapsikologiak zer esanik asko du, Miranderen ustez:
“Miranderentzat fenomenu parapsikologikoak ez dira fenomenu harrigarri eta esplikatu beharrezkoak bakarrik, zientziaren soil. Batez ere gizona zer den, gizatasuna zertan datzan azkenean eta funtsean, hiltzea zer den, problemak plantearazten dizkioten fenomenuak, dira. Mirande arranguratzen eta antsiatzen duena, ez da fenomenuon misterioa; fenomenuok iztil bat dastatzen uzten duten gizonaren misterioa da” (AZURMENDI, J., Mirande eta kritautasuna, 116. or.).
Intuizio berezi bat eskaintzen digu parapsikologiak, Miranderen esanetan, intuizio oso ahaltsua, jada gure egunetan tamalez arbuiatua, guztiz baztertu eta galdua ez bada, baina oso ahalmen finekoa errealitatearen sakonean zin-zinez murgildu ahal izateko:
“Intuizio naturala, ikusi dugu, ia galdua dizu gizon modernoak, kristautasuna eta razinalismoa mediante. Harekin batera mitologia ere, gauza sinestu eta, beraz, ezagupide mota baten iturri bezala, galdu samarra dugu. Intuizio poetikoa geratzen zaio halere gizonari errealitatearen barnera iristeko. Eta, laugarren ezaguera iturria, bide parapsikologikoak ere geratzen zaizkio, banaka batzuei bederen.
Intuizio poetikoa eta intuizio parapsikologikoa agian ez dago arras berdintzerik, baina azken-azkenean biek sustrai bera dizute. Antzinako herrien intuizio naturala, «jakintza goragoa»’, hala nola sorginen ahalmen bereziak ere, eta basajaunaren ikustea, etab., Mirandek espreski jartzen ditu parapsikologiarekin erlazioan…«gogozko edo izpirituzko ahalmen berezi batzu zeduzkaten jendeak ziren sorginak, eta sorgintza, beraz, parapsikolo-giak ikertzen dituen gertakarien alorrean barna sartzen da” (AZURMENDI, J., Mirande eta kritautasuna, 36. or.)
… eta, gurera etorrita, Euskal Herriaren gainean Mirandek zuen begirada parapsikologiak guztiz baldintzatua zegoen; euskal nortasuna, euskal mitologia, besteetan beste, galbahe horretatik paseak zituen. Euskal Herriaren benetako izaera argitu dezake gertakari paranormalen azterketak,uste zuen. Gertakari honelakoen ikerketak Euskal Herriak modernitatearen eta kristautasunaren azpian duen zoru espiritual eta mistiko argitu ditzake, Miranderen ikusian.
“Haren izpiritualismoaren ezaugarri da interes hau, eta interesaren tankera «zientifikoa», parapsikologian. Parapsikologiak eta izadi edo araugaindiko fenomenuon ikerketan enplegatzeak, duda gabe, zirrikitu bat irekitzen zion, sorgin eta Mari eta lamia eta basajaun ipuinez beteriko «Euskal Herriaren Jakintza» misteriotsua ulertzeko, haren barren-barreneko zentzu sakona atzemateko (gustora aipatzen du Azkue).”. (Mirande eta kristautasuna, 110 or.)
Areago ere, Miranderen ikusirako, parapsikologiak euskal balore, sinesmen eta ohiturak sakonkiro ulertu ahal izateko marko gotor bat luzatzen digu. Gure kulturaren osagai askotara hurreratu ahal izateko eskema-marko bat eskain diezaguke, eta, hartara, sorgikeria gertakaria, esaterako, seriotasunez aztertu:
“Horixe ere interesgarri izan arren. Mirandek beste zerbaitetan ikusten du sorginkeri fenomenuaren balioa: sorginak ez dira gaurko edozein teologo edo kristau fededun baino «euskaldun jatorrago», denboraz lehenagoko fedea praktikatzen zutelako soil; bai, ordea, Miranderen ustez, euskaldunaren erlijio sentiera berezko eta naturalari hobeto dagokiolako haien fedea, kristaua baino (orientala, semita)” (AZURMENDI, J., Mirande eta kritautasuna, 102. or.)
“Interesgarriago da —jarraitzen du Mirandek— sorginek egiten zituzten «mirariak» —orduko hauzi-agiriei sinetsi behar bazaie— ukatzen ez dituzten beste zenbait jakintsuren pentsaera. Ez dute naski uste de-ako mirariak Debru txarraren edo gizagaindiko beste izaki batzuen laguntzaz egiten zirenik; baina, jakintsu horientzat, gogozko edo izpirituzko ahalmen berezi batzu zeduzkaten jendeak ziren sorginak, eta sorgintza, beraz, parapsikologiak ikertzen dituen gertakarien alorrean barna sartzen da: sorginek, beren nahi hutsez, edo erabiltzen zituzten droga eta gantzugailuen bidez, beren burua trance bezalatsuko izaera batean ezartzen zuten, eta orduan metagnomia, psikokinesia eta horrelako beste fenomenuak agertzen zituzten” (AZURMENDI, J., Mirande eta kritautasuna, 103. or.).
Bai eta bestelako hainbat euskal kontu ere ulertu ahal izateko, hala nola, istorio mitologikoak zein Mari eta Basajaun bezalako pertsonaia mitologikoak konpreni ahal izateko marko bat:
“Mirandek agian ez zuen lamietan edo Basajaunetan zuk baino gehiago «sinesten»; baina guziz benetan hartzen zituen lamia eta Basajaun ipuinak. Honez gero gehienok ez dugun errealismoz eta benaz. Eta «jakintza gorago batez» mundu honen tranzenditzeari eta izadigaindiko bestaldea «ikusteari» buruz, ustekizunen batzu bazituen batere ez ohizkoak. Arimak badituela tranzendentziaren esperentzia bakanak, iruditzen zitzaion. Esoerentzia guziz errealistak” (AZURMENDI, J., Mirande eta kritautasuna, 102. or.)
Halaber, euskal jakintza-edo, behialako harako euskal jakintza ahaztuxea berriz ere geurera ekartzeko parpsikologiak bide eman diezagukeelakoan dago Mirande, eta gaur egun justu-justuan mitologia aztarna urri batzuetan eta folklorean besteetan iraun ez duen horren sakona geurera ekartzeko bide eman :
“Edonola ere, izpirituak, egoera mistiko berezi horretan, hau da, berari dagokionez diharduenean, gorputzak lotu gabe, es-perentzia tranzendental batzu izaten ditu.
Mediuma transan dagoela, bere gorputz, bere beriakintzaz ezaxolatzen da. Orduan bere berjakintza-lekoreko izanean da, eta bera eta oro batetan izaki, den guzia badaki: horregatik da garbi ikusle edo araugaindiko ezagutzale.
Mirandek ez du inoiz argitu, euskal sorgin-mediuiotatik euskal mitologiara, jainkoetara, zehatz nola ematen den pausoa. Baina hain erlazionatzen ditu beti sorginak eta euskal jainkoak, horixe pentsarazten bait du: sorginon izpiritu izaerari, berez eta jator dagozkien iainkoak, haiek zirela. Hau da, mitologia hartan espresatzen dela egokienik, euskal izpirituak, «bera eta oro batetan izaki», dakiena eta ikusten duena. Hura da, beraz, «geure Ieinuak asmaturiko theologia zaharra» (AZURMENDI, J., Mirande eta kritautasuna, 105. or.)
Parapsikologiak mitologiara behar besteko arretaz hurreratu ahal izateko baliabidea ez ezik, mitologia bera autentikotzat, balekotzat, jotzeko laguntza ere eskaintzen digula diosku behin eta berriz Mirandek. Azken-azkenik, giza espiritua xehe-xehe ulertzeko gakoa berak eskaintzen digula uste du Mirandek, eta espero izatekoa denez, bai eta euskal arima ezagutzeko ere. Materialismo itsu edo ikusmen laburrekoak ezer askorik ez ikus dezake bista-bistako ukigarri duen horrez harago. Horren jakitun zen oso Mirande. Kontuak honela, izadiz gaindikoan sinestea ez dela inondik txorakeria, pentsatzen zuen Mirandek, eta horretarako bide parapsikologiak eman diezagukeela. Aurren-aurrenik, gizaz gaindiko zein beraren peko arazo zenbaiti aurre egite aldera mitoek luzatzen diguten ezaupidea azpimarratuko digu, ondo azpimarratu ere. Izanez ere, mitoak eta eite horretako ipuinak gure psikearen arketipoak baino ez ditugu, bere esanetan. Baina ezin gara inondik horretan geratu. Harago egin behar dugu. Eta urratu beharreko bide zail horretan parapsikologiaren gidaritza joko du ezinbestekotzat Mirandek. Euskal Herriaren zinezko esentzia azalaretze, argitara ekartze ahaleginean, parapsikologiaren laguntzarik ezean ezinarekin besterekin ez dugu topo egingo, esango digu behin eta berriz Jon Mirandek.
Parapsikologia Euskal Herria ondo ezagutzeko Parapsikologia Euskal Herria ondo ezagutzeko