Oteizaren urteurrena: Bisita gidatuak

Oteizaren urteurrena: Bisita gidatuak gaur –

Museoak Jorge Oteizaren urteurrena gogoratu du, eta ateak zabaltzeko jardunaldiak eta bisita gidatuak antolatuko ditu egunotan.

Urteurrena dela eta, zenbait ekintza izanen dira urtean zehar, Esther Ferrerren proiektu espezifiko bat barne.

Oteizaren urteurrena: Bisita gidatuak gaurOteiza Museoak Jorge Oteiza (1908-10-21 / 2003-4-9) gogoratuko du haren heriotzaren 20. urteurrenean; horretarako, programa berezi bat antolatu du, ateak zabaltzeko jardunaldiekin eta doako bisita gidatuekin, artistaren figuran eta legatuan sakontzeko eta herritarrak parte hartzera gonbidatzeko.

Ateak zabaltzeko jardunaldiak apirilaren 7an, 8an eta 9an izanen dira, eta doako bi bisita gidatu ere eginen dira igandean, hilak 9 (11:00etan euskaraz, eta 12:30ean gaztelaniaz. Plaza mugatuak. Ezinbestekoa da aurrez erreserba egitea recepcion@museooteiza.org helbidean).

Ateak zabaltzeko jardunaldiotan Oteiza Museoko bilduma bisitatzen ahalko da, zeinak ibilbide sakon bat proposatzen baitu artistaren ibilbide eskultoriko osoan barna. Era berean, ikusgai izanen dira artistaren lantegi-etxea, baita “Estratuarteak / Interestratos” izeneko aldi baterako erakusketa ere. Proiektu horretan, eskulturagintza formalizatzeko bestelako moduak bistaratzen dira, Nora Aurrekoetxea, Miren Doiz eta Marina González Guerreiro artisten esku-hartzeetatik abiaturik.

Esku-hartze eskultorikoen proiektu hori Jorge Oteizak utzitako legatuarekin alderatzeko proposamen gisa dago pentsaturik, artistaren heriotzaren hogeigarren urteurrenarekin loturik. Hala, urte berezi honetarako aurreikusitako ekintza-programaren parte da, kontuan harturik museoak berak ere aurten betetzen dituela hogei urte.

Urtemuga bikoitz horrekin loturik, Esther Ferrer artistak ekintza performatibo jakin bat eginen du Oteiza Museoan, urriaren 21aren inguruan, Oteizaren santuaren egunean. Hori horrela, Ferrerrek denbora-erreferentzia hori aktibatuko du Altzuzako zentroan aurkeztuko den proiekturako, eta, egitasmo horri esker, berriro elkartuko da Oteizaren figurarekin, zeinarekin harreman estua izan baitzuen 1960ko hamarkadaren hasieratik. Esther Ferrerren esku-hartzearekin hasiko dira urte amaierara arte izanen diren ekintzak, urteurrenaren inguruabarra ardatz nagusi gisa harturik. Programa hau Karlos Martinezek komisariatutako PLAN proiektutik abiatzen da eta Huarteko arte Garaikide Zentroaaren lankidetzarekin egiten da.

Aurretik, testuinguru horretan bertan bada ere, Oteiza Museoak Xabier Salaberria artistak egindako Frisoa izeneko erakusketa-interbentzioa aurkeztuko du, zeinaren abiapuntua Aita Donostiari omenaldia baita, hau da, Jorge Oteizak 1959an egindako harrizko erliebea, artistaren horma-sorkuntza garrantzitsuenetako bat. Frisoa Tabakalerarekin izaniko lankidetzaren emaitza da, han izan baitzen iaz proiektu horren lehenbiziko erakusketa. Era berean, laguntzaile ditu Banco Sabadell eta Artingenium ere.

Bestalde, Oteiza Museoak Jardun Artistikoentzako Institutua (JAI) programan parte hartzen duten artisten beste egonaldi bat hartuko du abuztuan. Uda-parteko arte-eskola hori sortzaileei zuzendua da, eta Tabakalerak eta Artium Museoak sustatzen dute.

Oteizaren urteurrena: Bisita gidatuak gaur