Oscar sarien ezintasunak

Ez gara hasiko Oscarrei zilegitasuna ematen, eta ezta kentzen ere. Beste baterako eztabaida da hori. Baina filmei –eta aurtengoan film on eta oso onei-  buruz hitz egiteko aitzakia ematen dute. Aitzakia, besteak beste, ez dutelako onenek irabazi, askotan bezala. Aitzakia hori baliatuko dut nik hemen.

The King’s Speech ez nuke esango gaizki dagoenik, kontrakoa, film ederra da, baina horixe, besterik gabe ederra. George VI. erregek hitz toteltasunagatik bizi duen drama, edo bizi izan duen dramagatik duen hitz toteltasuna gainditzeko ahalegina film klasiko batena iruditzen zait, interpretazio bikainekoa –bai Colin Firthena eta baita Geoffrey Rushena ere-, baina besterik gabe. Amablea. Eta lau sari jaso ditu: film onenarena, zuzendari onenarena, gizonezko aktore protagonista onenarena eta gidoi original onenarena.

Gizakia bere ezintasunei aurre egiten eta edertasuna eta drama nahi baziren, saritu zezaketen The Blcak Swan. Meriturik ez zaio falta. Natalie Portmanek –bikain, eta merezimendu osoz saritua- muturrera darama ikuslea, edertasunaren atzean dagoen drama sufritu egiten du batek, min emateraino.  Perfekzioa obsesio duen film latza da Aronofskyrena, nire ustez. Ikaragarria.

Emakumezko aktore onenaren sariarekin ados, gizonezkoenean  Colin Firthen aurretik Jeff Bridges sarituko zitekeen, Coendarren True Gritengatik. Film gogorra, are gogorrago egiten du Bridgesek. Bigarren mailako aktoreen artean, esanda bezala, Geoffrey Rush ere ederto dago, baina neuk ere Christian Baleri emango nioke, The Fighterrek duen onenetakoa da, izan ere protagonistaren historia baina hobea da Balek interpretatzen duen anaiarena. Eta emakumezkoen artean, ados Melisa Leoren sariarekin.

Arriskua saritu nahi izan balute, bazegoen non aukeratua ere. Dudarik gabe, Toy Story 3 sarituko nukeen nik. Gozada bat da benetan filma, irribarrea eta harridura film osoan galtzen ez dituzuna. Edo Origen saritu zezaketen, Christopher Nolanek itzelezko ahalegina egin du filma diferente kontatzeko. Ametsetan sarturik, istorio nahaspilatsua kontatzen du –gidoi onenaren saria gutxienez, ondo merezia zuen-, ikuslea zalantzan jartzen du, baina bukaeran bere lekura eramaten du, zientzia fikzioan barrena ametsetazko bidai bat egin izan balu bezala. Edota 127 hours ere saritu zezaketen arriskuagatik izan balitz, nahiz eta nire ustez, narratzeko era berritzailea horretantxe gelditzen da, historiari gehiegi aportatu gabe.

Natalie Portman The Black Swan filmean

Irudia | Natalie Portman The Black Swan filmean | z | LGPL

3 pentsamendu “Oscar sarien ezintasunak”-ri buruz

  • Jesus Mari Intxauspe 2011-02-28 13:49

    Oscar sarien ezintasuna are sakonagoa da. Zinemagintza independientetik etorritako pelikulek, izendatzeetan, zirrikitua topatu dutela egia da. Baina pelikula onenaren saririk ez zutela jasoko arrisku handirik gabe esan ahal izatea ezintasun horren adierazle da. Zure iruzkinean ere aurkitu ez ditudan bi adibide: Lisa Cholodenko-ren “The kids are all right” eta Debra Granik-en “Winter’s Bone”. Bereziki azken hori bezalako filmeei pelikula onenaren saria emateko gai inoiz bihurtuko ote dira? Hori bai litzatekeela arriskatzea eta ezintasunei aurre egitea.

  • Hementxe Aitor Abaroa GAZTEZULOko zinema adituak ‘The King’s Speech’ filmari buruz eginiko iruzkina.

    http://www.gaztezulo.com/berriak_view.php?uuid=1582

  • Eli Goikoetxea 2011-02-28 18:05

    Kaixo Jesus Mari: “The kids are all right” oraindik ez dut ikusi, beraz, ezin ezer esan. “Winter’s Bone” ezin esan ez denik arriskutsua, bai guztiz, baina ni ito egin nintzen pelikula hori ikusten, ilunegi egin zitzaidan. Filma ikustean otu zitzaidan izenburu berbera jarri zion Gontzal Agotek Berrian egin zuen kritika honetan: Amesgaizto amerikarra: http://paperekoa.berria.info/plaza/2011-02-22/034/002/amesgaizto_amerikarra.htm