Adarra Saria jaso eta ordainetan Donostian jo
Adarra Saria jaso eta ordainetan Donostian jo –
Berri Txarrak taldeak jasoko du aurten Adarra Saria.
Berri Txarrak taldeak Adarra Saria jasoko du Donostiako Udalaren partetik, eta ordainetan kontzertu bat joko du hiriko Victoria Eugenia Antzokian ekainaren 21ean, Nazioarteko Musikaren Egunean. Sarrerak 30 euro balio dute eta salmenta gaur 11.30ean irekiko da, www.donostiakultura.eus atarian (gehienez 6 sarrera pertsonako). Aretoaren edukiera 900 lagunekoa dela kontutan izanda, eguerdirako sarrerak zenbat minututan agortu diren jakitea aurreikusten da, zerbitzariak ez badira lehenago eskegitzen.
Orain arte, Lekunberriko hirukotearen Ikusi Arte agur birak ez zuen hitzordurik Gipuzkoako hiriburuan, eta beraz, hauxe izango dute zale donostiarrak agurtzeko modua, Donostiako antzoki xarmangarrian joz. Horraitio, zukutzen ari dira Berri Txarrak!
.
Adarra Saria
Eneko Goiaren eskutik eguerdian jasoko du taldeak Adarra Saria -ekainaren 21ean bertan, eguerdian-, Marijose Recalde eskultoreak egindako brontzezko adarra; “musikaren jatorria iradoki nahi duena, adarrak naturarekin eta jatorrizkoarekin duen zerikusia dela medio”.
Euskal musikaren arloan garrantzi edo eragin bereziko ibilbidea egin duen edo egiten ari den artista bati urtero omen egiteko 2014an sortua, hauxe da Adarra Saria talde bati ematen zaion lehen aldia. Iaz, emakume batek jaso zuen lehen aldiz, Anarik (2018). Aurretik, jasoa zuten Fermin Muguruzak (2017), Benito Lertxundik (2016), Ruper Ordorikak (2015) eta, aurrenekoa, Mikel Laboak (2014).
Egun Gorka Urbizuk, Galder Izagirrek eta David Gonzalezek osatutako Berri Txarrak taldeak, “bere ibilbide artistiko eta profesionalagatik eta euskal nahiz nazioarteko publikoarengan duen eragin izugarriagatik” jasoko du Adarra Saria; Juan Gonzalez Andres kazetariak, Irene Larraza Etxepare Institutuko zuzendariak eta Jaione Askasibar Donostia Kulturako Komunikazio zuzendariak osatu duten Aholku Batzordearen esanetan.