Ondarea zaintzen ikasi
Ondarea zaintzen ikasi –
Atzo poz handi bat eman zidaten: nire ezagun batek kezka agertu zidan bere lagun batek sare sozialetan zintziklikatutako argazki bati buruz: Euskal Herriko zutarri edo harri baratz bateko harlauza handien gainean ageri zen ekilibrioak egiten. Galdetzen zidan ez ote zebilen gure ondarea hondatzen, gutxi bada ere. Erantzun nion, horrelako gauzak egitearen poderioz eror zitezkeela monumentua (gertatu da, Araban bertan) eta gero agian ez dago zaharberritzerik (ez dagoelako dirurik edota besterik gabe ezinezkoa delako apurtutakoa konpontzea). Erantzun nion ere, oso sasoian egonagatik, berak ere min har zezakeela eta hori ere garrantzitsua zela.
Poztu nintzen batez ere, pertsona horrek garatu duen sentsibilitateagatik, zeren aurretik garrantzia kendu izan dio gure historia ondo zaintzeari eta kontatzeari buruzko nire “mitinak” bota izan ditudanean. Barkatuko dit, bere istorioa zuekin partekatzen ari naizelako.
Horretarako Sardiniara joan behar izan da. Handik etorri omen da oso kontzientziatua. Horrek pena eman dit eta azalduko dizuet zergatik: Sardinia zoragarria da eta, beti asmatuko ez duten arren, ondarea zaintzeko hainbat ekimen oso interesgarriak dituzte. Besteak beste, herritarrak dira kooperatiben bidez, kasu batzuetan, beren udalerrian dagoen ondarea zaintzen eta erakusten dutenak, oso modu txukunean: bai museoen bidez, bai monumentu bisitagarrien bidez, bai horietan saltzen dituzten bertako artisautza produktu eta lurraren produktuen bidez. Haiengandik ikasteko moduan gara.
Orduan, pena zergatik? Ba, Euskal Herrian daukagun ondare inmaterial eta material bikaina izanda, euskaldun batek Sardiniaraino joan behar izan duelako gure ondareaz kezkatzen eta arduratzen hasteko. Argi dago, dibulgazio onean lan asko dugula egiteko, beraz, eta zaintzan, jakina.
Une ona da gogoratzeko, zeren orain ari dira gure herria banatzen duten erakundeetan aurrekontuak prestatzen!
Ez dadila gertatzen jarraitu, Espainiako komunikabide batean argi adierazi dutena: inoiz baino diru gehiago jarri dela kulturan aurten Espainiako gobernuaren eskutik, baina zaharberritze eta zainketa lanetan gutxitu egin dela (2008ko krisitik jaisten joan da) eta bakar-bakarrik legez babesa argi izendatuta duten ondare elementuetan hazi delako eta, beraz, babesik gabe dauden hainbat eta hainbat elementu ahazturan geratzen ari baitira…