OBABA FILES (eta 6): Esteban Werfelli elkarrizketa
Leihoa parke bati begira dago. Hiri bateko parkea. Ez da Obaba. Hanburgo ere ez; itzuli berria da aitaren sortiria lehen aldiz bisitatzetik. Hiri honetara, berriz, 17 urterekin iritsi zen, Unibertsitatera. Bertan lan egin du gerora, Geografia irakasle. Zer hiri den, nahiago du ez esatea. Zergatik ote? Eman badu bere haurtzaroko herria –Obaba-, eta bere aitaren hiria –Hanburgo-.
Nago ezkutatzen ari dela. Norengandik? Hiri honengandik, lehenbizi, esango nuke. Zergatik?
“Zure aitaren sortiria ezagutu nahi zenuen, aspalditik. Baina bidaia atzeratzen ibili zinen. Aitarekiko sentimendu kontrajarriengatik, Bigarren Gerraren ondoren hiria oso aldatuta egongo zelako… Azkenean animatu egin zinen. Negu gorrian. Hamar egunez aitak kontatutako lekuak ikusi dituzu, zeure begiez. Eta jendea? Aitaren lagun onenaren berri bazenuen. Ez zenuen bisitatzeko asmorik?”
“Vogel jauna? Egia esan, ez. Aspaldi da aita hil dela, eta laguna ere hilik egongo zela pentsatzen nuen. Gainera, ez nuen haren helbidea.”
“Johamesholf kalea.”
“Johamesholf kalea? Orain badakit Vogel jaunaren helbidea zela hori. Baina lehen uste nuen Maria Vöckelena zela.”
“Ez zenuen inoiz, aita hil eta gero, edo bidaia prestatzean, haren korrespondentzia irakurri? Lagunak Hanburgotik bidaltzen zizkion albiste eta informazioak…”
“Aitaren gutun pribatuak? Bere bizitzan muturra sartu? Ezta pentsatu ere.”
“Eta ez zegoen igorlearen helbidea, zorroan, behintzat?”
“Ez. Agian Vogel jaunak beldurra izango zuen, norbaitek bere gutunak zelatatuko ote zituen, Eichendorf elkartea debekatua izan zenez.”
“Aitaren diskoei ere ez zenien ikustaldi edo entzunaldirik eman, Hanburgora joan aurretik? Aitak ezagututako antzoki eta operetara joateko asmoa izanda. Haien karatula askotan agertuko zen Maria Vöckelen izena.”
“Obaban daude, aitaren gutunak bezala. Eta ez nuen Obabatik pasatzeko asmorik. Gogoan neukan aitak bere hiriaz kontatutako guztia, eta aski nuen horrekin.”
* * *
“Maria Vöckelek gutun batean bere argazki bat bidali zizun, ezta?”
“Ez, Vogel jaunak bidali zidan, aitak hala eskatuta.”
“Baina elizan agertu zitzaizun neska bera zen, argazkikoa?”
“Ez dakit. Elizan ez nion oso ongi bereizi ahal izan, aurpegia.”
“Baina benetako argazki bat zen. Benetako neska batena. Gorde duzu, oraindik?”
“Hautsi egin nuen, gutun gehienekin batera, Manfred harena kontatu zidanean.”
“Dena den, dezente arriskatu zuen zure aitak. Pentsa, argazkia ikusi eta konturatu zinateke: hau ez da elizan ikusi nuen neska bera.”
“Bai, baina badakizu nola itsutzen garen, liluratzen garenean. Batez ere gaztetan. Agian proba bat izan zen, jakiteko noraino iritsi zitekeen, engainuarekin.”
“Engainuaren amaiera prestatzen hasteko modu bat ere izan zitekeen. Dena den, ni Theodor Vogel –edo Steiner- jaunaren ilobaz ari naiz. Agian bera zen argazkiko neska. Zure aitaren gutunak transkribatu zituena. Ehun gutunetik gora kopiatu zituen, zuretzat. Hiru urtetan. Ez zenuen ezagutzeko gogorik sentitu?”
“Ez. Nire adineko emakumea izango da. Ezkonduta, seme-alaba handituekin. Edo hilik. Neu alargundu berria naiz. Gainera, galduta sentitu nintzen, aitaren gutuna irakurri eta gero. Eta ordu batzuk baino ez ziren falta etxerako trena hartzeko.”
* * *
“Beraz, berrogei urte dira Obabako elizakoa gertatu zenetik, 14 urte zenituenean. Baina Vogel jaunak esan dizu zure aitaren azken gutunak 30 urtez itxoin behar izan duela. Hau da, 1928 aldean bidali zion zure aitak.”
“Agian ausaz bota zuen urte kopuru hori; 25 edo 35 urte izan zitezkeen.”
“Maria Vöckelek bere lehen gutunean idatzi zizun Hanburgon zinema jada ez zela mutua. Alemanian 1929an hasi omen zen zinema soinuduna.”
“Gutun haiek aitak idatzi zituen, bere asmakeria izan zitekeen.”
“Lehen gutunean Mariak barkamena eskatzen zizun, ez zuelako zuk bezala gutuna bidaltzeko proba egin. Ez al zitzaizun arraroa iruditu? Nora bidali zezakeen berak, bere gutuna. Zuk ez zenion zure helbidea eman, elizan.”
“Ez dakit, haur inozoa nintzen. Ziria sartu zidan aitak, horretan ere.”
“Kontuak kontu, Hanburgorako planetan ez zegoen Johamesholf kalea bisitatzea. Denbora izanez gero, soilik.”
“Denbora, eta adorea. Ez naiz sobera pertsona soziablea.”
“Alta, etxera itzultzeko bezperan, trena hartu baino ordu batzuk lehenago, barruko harrari amore eman zenion. Damutu egingo zinelakoan, bestela. Zergatik, damutu?”
“Azken aukera zelako. Ez nuen Hanburgora berriz joateko asmorik.”
“Baina aurretik ere bazenekien hori. Zure lehen eta azken bidaia zela, Hanburgora, naski. Norbaiti abisatu zenion, postaz, edo telefonoz, bazihoazela?”
“Ez. Ez nuen konpromisorik hartu nahi. Ezta inor konpromisotan jarri ere.”
“Baina urte asko paseak ziren. Hanburgo suntsitua izan zen, St Georg auzoa barne, Bigarren Gerran, Gomorrah operazioan. 35.000 bat hildako, 250.000 etxe gabe…”
“Horregatik ere atzeratu nuen hainbeste bisita. Berreraikita egon arte.”
“Berreraiketan kale askoren distribuzioa aldatu da. Aitaren planoa baliatu zenuen? Ez zenuen arazorik izan Johamesholf kalea topatzeko?”
“Hoteletik hurbil zegoen, eta arazorik gabe iritsi nintzen.”
“Sankt Georg auzoak ez du Sankt Paulik bezain fama txarra, baina ez omen dabil oso atzetik ere, merkatu beltzean eta sexu trafikoan.”
“Ez dakit. Oso urduri nindoan, eta ez nion inguruari erreparatu.”
“Johamesholf 2 helbideko eraikinak hiru balkoi dituela diozu. Hiru pisuko etxea dela esan nahi duzu? Edo familia bakarreko etxea zen? Esan nahi dut, ez zenuen dudarik izan, zein ate edo pisu zen Maria Vöckelena?”
“Han ez zen Maria Vöckel bizi. Aitaren lagun zahar bat baizik, Theodor Vogel.”
“Edo Theodor Steiner… Steiner judu jatorriko abizena da, Werfell bezala. Agian zure aitaren lagunak beste deitura bat hartu zuen, nazismoaren garaian.”
“Zer esan nahi duzu? Aitak ez zuen bere abizena aldatu, eta Vogelen oso laguna izaten segitu zuen. Debekatutako elkarte bereko kideak ziren, gainera.”
“Eichendorff elkartea. Zergatik zegoen debekatua? Joseph Eichendorff bohemio famako poeta erromantikoa zen, ez zen ideologikoki nabarmendu. Eta, batez ere, noiz debekatua. Naziak ez ziren 1933 arte nagusitu, Hanburgon.”
“Barkatu, baina horretan ezin dizut lagundu.”
“Etxeko ateak aldaba berezia duela diozu, sinbologia berezikoa. Logia hermetiko batena izan liteke. Bakarrik bizi da, Vogel jauna? Bere 80 urteetan. Berak ireki zuen?”
“Utzi gogoratzen. Balkoi batera atera zen. Ez, agian agurtzerakoan izan zen hori.”
“Zer egin zenuen Vogel jaunaren etxea utzi eta gero?”
“Ezer apartekorik ez. Hotelera itzuli, ekipaia prestatu… Biharamun goizean goiz hartu behar nuen itzulerako trena.”
“Oinez itzuli zinen, hotelera?”.
“Ez. Oso berandu egin zen, Vogel jaunak taxi bat eskatu zidan.”
“Telefonoz? Telefono zenbakia eskatu zenion, Vogel jaunari?”
“Ez zitzaidan bururatu. Oso adineko gizona da, eta ez diot enbarazurik egin nahi.”
“Werfell jauna, St. Georg auzoan jada ez dago familia bakarreko etxerik. Ez dago Johamesholf kalea ere. Zegoen lekuan orube huts handi bat baino ez da geratu.”
(Gaur egun Hanburgoko Unibertsitatearen eskola eta ikasle egoitza batzuk daude. Eta ez dut esan nahi Werfell kasuarekin zerikusirik duenik, baina 1947. urte hasieran lau hilotz agertu ziren inguruetan, toki ezberdinetan, lepoa bihurrituta, biluzik: adineko gizon bat, bi emakume eta neskatila bat. Poliziak ez zuen inoiz identifikatzea lortu, ezta hiltzailea harrapatzea –ikusi Cay Rademacher, Der Trümmermörder (Hondakinetako hiltzailea)-.)