Nola esan behar da GULA euskaraz?
Nola esan behar da GULA euskaraz? –
Asteburu honetarako Hara! sailera ekarri genuen Xolomo Sapiens-en beste idatzi bat, 2011an sukaleku.net blog-erako idatzitako sorta baten parte zena. Gozatu eta on egin! 🙂
…
Nola esan behar da GULA euskaraz?
…
Euskaraz idazten ibiltzen garenoi sarritan gertatzen zaigu tradizioan bilatzen duguna ez zaigula iruditzen aski edota hiztegiek ematen digutena ez dela hain egokia ere. Zirt edo zart egin behar izaten dugu halakoetan, filologoentzakoak diren kontuetan katramilatuta ibili nahi ez badugu. Horixe gertatzen da GULA esateko orduan, aukera asko dagoela. Hala ere nik JATUNKERIA terminoaren alde egin dut, esango dizuet zergatik.
Ibon Sarasolak [1] ematen dituen hiru izenetatik, hara hor GULA euskaraz esateko hautatu dudana: JATUNKERIA. Proposatzen dituen beste bietatik ere edozein izan zitekeen arren: JALEKERIA edota SABELKERIA.
Hala ere, JATUNKERIAren alde egingo duk nik, izan ere SABELKERIA ondo egongo da Sarasolak hala baldin badio, baina sabela ez ezik, ahoa ere garrantzizkoa da GULAri buruz hitz egiteko orduan. Areago, Sarasolaren hiztegian ikusi ez ditudan AHOKERIA edota AHOGOZOKERIA nahiago nituzke SABELKERIA baztertzaile hori baino. Gaurko gaiarentzat, izan ere, garrantzi handikoa da AHOA.
Halaxe aitortzen dute neurofisiologoek: “Ahoa tartean dagoen zerbait da. Kanpoa eta barruaren arteko zubi-lana egiten duen lekua da, berez. Hobeto esateko, ahoa aldi berean da kanpo eta barru”.
Bestalde, JATUN hitzaren bigarren silaba hori, TUN, borobilagoa egiten zait belarrira JALE horren LE silaba mehea baino. Ez esan niri ezetz. TUN danborra da, edo bonboa. LE, ostera, TXIMELETA arin eta hegalariaren silabetako bat. TUN, beraz. TUN eta TUN. Borobilagoa askozaz ere, eta borobiltasunak ere badu zer ikusirik gaurko mintzagaiarekin. Zinez.
Elhuyar entziklopedia [2] motzago dabil Sarasolaren ZEHAZKI hiztegia baino: SABELKOIKERIA dio. Baina, lasai, gehiago ere aurkitu ditut UZEIren sinonimoen hiztegian [3]: Golotonia, jalekeria, sabelkeria, salokeria, tripazainkeria, zintzurkoitasun (Ipar), sabelkoikeria (Elhuyarrek bezala), Gormandiza (Ipar. Zah.), sabeldarraio eta sabeldarraiotasun (biak Ipar.zah.). Hauek denak ikusita, esan liteke Iparraldean aski katramila dutela TASUNAK eta KERIAK bereizteko orduan.
Alabaina, “Ipar.Zah.” horrek esan nahi du “Iparraldekoak eta zaharkituak” direla termino horiek, baina ez dira hain zaharkituak izango Baiona Tipian joan zen igandean aterako argazkiari erreparatzen badiozue: CHILOA GURMENTA izeneko jatetxe baten aztarnak dira. Chiloa, Zuloa da eta Gurmenta ez dabil oso urruti Gormandiza horretatik eta, zer esanik ez, frantseseko Gourmand terminotik…
Erotzekoa, beraz, terminologia kontu hau, nire antzera hizkuntzalari ez den edonorentzat. Halatan jo dut Real Academia Españolaren hiztegira[4], eta han: GULA-Exceso en la comida o bebida y apetito desordenado de comer y beber.
Izanak izan, zerbait bada Espainiako Academiak ematen didana JATUNKERIAren korapilo honen haritik tiratzen hasteko, ezen eta EXCESO eta DESORDEN biak dira horiek gauza txarrak, TASUNen artekoak baino, KERIEN artean sartzeko modukoak. Iparraldekoek bestela iritzi diezaieketen arren.
Nola esan behar da GULA euskaraz?
sukaleku.net bloga – 2011
Bibliografia: [1] ZEHAZKI. Ibon Sarasola. ALBERDANIA 2006. [2] HIZTEGI ENTZIKLOPEDIKOA. Elhuyar.1993 [3] SINONIMOEN HIZTEGIA. Uzei. 1999 [4] DICCIONARIO DE LA LENGUA ESPAÑOLA (21 ed.) RAE 1992
Nola esan behar da GULA euskaraz?
Nire ustez GULA hitza ezarri beharko litzateke egoki bezala. Ohiko hitza da eta erabilera naturala du. Jasota dugun ondarea balorean jarri behar da hitz zaharrak ontzat joz, baina hzkuntzak praktikoa izan behar du erabiliko bada. Ondo izan
RAE?
Eta Frantziako Akademiak dioenak ez al du balio?
GOURMANDISE n. f. XVe siècle. Dérivé de gourmand.
1. Goût excessif pour les plaisirs de la table. La gourmandise est un des sept péchés capitaux. Une gourmandise insatiable. Satisfaire, freiner sa gourmandise. 2. Aptitude à apprécier la qualité et la délicatesse des mets. Ce mets flattera sa gourmandise. 3. Généralement au pluriel. Mets fin et délicat, le plus souvent sucré. On servit au dessert de délicieuses gourmandises.
Gurean SABELDARRAIO baliatzen da ORAINDIK
gula, gormandiza edo sabeldarraiotassuna.
Dena dela, GULA da egoquiena nire ustez.
Bi hitzen berri emaiteco profitatuco dut leku hau:
sulia: furor
suliatsu: furioso
Duvoisinec erabili arren, bi hitzoc ez dira aguercen “Orotariko Euskal Hiztegian”.
Ne senide ataundarrak “GULA” hitzei, “IXIE” otxeiten die. Zerbaitt bakizue horren ingurun?
Kanti,
Ataundarren IXIE hori HISIA dateque:
pasión, anhelo; capricho, antojo
Jococo hisia, jan eta edateco hisia…
Eskerrik asko Josu!
Gipuzkoako Gaztelun “enasa” esaten zaio nazka ematerainoko neurrigabeko tripazaiari. Bizi-bizi dago oraindik.
Axularrek honela esaten zuen (gaurkotua):
“Gerla handia dute elkarren artean bertuteek eta bizioek. Urguilutasunak gerla handia egiten dio umiltasunari, abariziak liberaltasunari, haragiak kastitateari, inbidiak karitateari, gulak abstinentziari, kolerak pazientziari, nagitasunak dilijentziari”.
Zergatik ez ote zituen erabili guk jatortzat ditugun, harrokeria, apaltasuna, zekenkeria, e.a.? Geroztikako asmazioak dira guk jatortzat jo arren? Gaurkoa ez bezalako esanahia zuten? Eliz kontuak izanda, sakratutasunari zor zaion errespetuaz orijinalari ahalik eta gehien atxikitzeagatik? Kontu hau aztertuta dagoela inork baleki estimatuko nuke erreferentziaren bat.
Honeçaz iracurriac ditut raçoin batzuc Kepa Altonagaren Back to Leiçarraga liburuan.