Neugan bizi gabe biziz
Neugan bizi gabe biziz –
Luis Baraiazarra karmeldar idazle, itzultzaile eta olerkariak agur esan digu. Ekarpen ederrak eman dizkio euskal kulturari, euskal iturrira ekarri izan ditu obra klasiko handiak, besteak beste, azken urteotan egindako Avilako Teresa eta San Joan Gurutzekoren lan guztien itzulpenak.
Karmel aldizkarian, euskal hiztegietan, olerkigintzan, bertsolaritzan eta lan ainitzetan, euskal kulturan goi mailan geratu izango den lan oparoa izan da berak egindakoa, benetan zor dioguna. Neronek ere berari diot zor San Joan Gurutzekoren poemak musikatzearena.
«Itzulpen lanak, tentu handiz hartu behar dira», hala zioen. Eta halaxe egin zuen, Avilako poeta handiaren olerki guztiak metrika, errima eta zentzu berean itzultzean, benetan meritua duen lan bikaina.
Jakin badakigu, orain urte batzuk, Teresa Jesusen idazlan guztiak erdaratik euskaratzeagatik sari potoloa eman ziotela Madrileko ministeriotik, «Premio Nacional de Traducción», baina handik lasterrera, ministeriotik bertatik deitu eta bertan behera utzi zioten.
«Padre Luis, queda anulado el premio concedido porque las bases del premio eran de lengua española a lengua extranjera, y como Ud. comprenderá, el euskera, no es lengua extranjera». Hala izan ziren gauzak, eman eta kendu; lotsagarria eta ulertu ezina hartu zuten erabakia eta portaera, iskanbilatsua.
Urteetako ahalegin handiko lana zeukan atzean, baina Luisek modurik onenean hartu zituen gauzak. «Istilu honi esker nire lanaren kalitatea nabarmenago geratu dela esan zidaten Euskaltzaindiko lagunak ere».
Meñakan jaio, tartean Zornotzan karmeldarretan ikasi, eta bizitza erditik gora Markina-Xemeinen bizi izan da Luis. Bere mintzalekuak, Bizkaiko hiru herri hauek. Euskal Herriko bertsolari txapelketan ere epaile gisa izana da, eta Jagoba Arrasatek sarritan aipatu izan du, Luis izan zela berari bertsotan irakatsi ziona. Ziur futboleko gidaritzapean ere, bertsoen metrikak eta errimak erabili izango dituela Jagobak.
Hemen Jagobak Luisi eskainitako koplak: «Berakruz ikastolan, Markinan, lehenengo golak, baita ere, lehenengo koplak Luis Baraizarrarekin, Aitte Luis guretzat, berari egiten genion kasu, berari eskerrak deskubritu genun Ama begira zazu…».
Nabarmentzekoa baita, euskaltzain urgazle izan den Luisek, bere oroitzapenezko liburuxka ederrak eskaini izan zizkion bai jaioterriari, Meñakari, eta ia bizitza osoan egon den Markina-Xemeingo herriari.
Avilako poeta aipatu dut eta halakoxea izan da Luis, haren parekoa, umila eta bere lanetan artisaua. Biziki arduratu izan da itzulpen ederretan ederrena egiteaz, eta San Joan Gurutzekoren historiarako bizi-giroa urte horietan nolakoa izan zen agertzen diguten biografiaren beste liburu erraldoi baten itzulpenetan ari izan da orain.
Avilako poeta handiak Toledoko kartzelan idatzitako poema, Luisek hain hiztegi aberatsez itzulitako zati bat, honako hau:
…
Gau iluna
Gau ilun batez barnea
maitasunetan sutan zegoela,
oi zorion unea!
inork ez nakusela
irten naiz nire etxea bakez zela.
Gau txit dohatsu hartan,
ezkutuan inork ikusi barik,
bista jartzeke ezertan,
ez nuen beste argirik
ez gidarik, barnean zena baizik.
Oi gau, bai gidari fin!
ez da ez goiza zu bezain atsegin!
zuk zenuen eragin
hor zedila bat egin
maitea bere maiteñoarekin.
Giza existentzia guztia iragankorra eta hauskorra dela zenekien, Luis, eta zeure herriari eskainitako azken letratxoak hauexek: «Bizi zati bat han gelditu jaku, abiada baten urtuz joan jaku, eskuan harturiko edurra urtzen dan antzera eta lurrera isurtzen / Baina bizitzak bere joanean hainbat lorratz itzi ditu bidean, oroimenean gelditu diranak, denborak ondo gorde dituanak».
Eta zeuk itzulitako honek: «Bidean hor direnak, zutaz ezin hobeki mintzo dira, zauria handituz denak, hiltzen utzi nau ia, ahopeko hitz gordeen harira». Ondo azaltzen du izan zaren hori.
Poema eder horien sintonian jarri ninduzun eta zeuri eskainia: «Zeugan bizi gabe biziz, hain zaude goi bizi minez, hiltzen bazara, hil ezinez».
Mila-mila esker, Luis, langile nekaezina, poeten poeta. Ez da makala egin duzuna. Sentipenetan erne diren barne gogoetako hitzezko txirlorak utzi dituzu. Zeruan sortzen eta itzultzen jarraituko duzu. Betiko izango zaitugu gogoan.