Negu hurbilak, Negu Kolektiboaren lana, otsailaren 23an estreinatuko da
Negu hurbilak, Negu Kolektiboaren lana, otsailaren 23an estreinatuko da –
“Negu hurbilak” otsailaren 23an estreinatuko da zinemetan
Euskal Herriko gatazkaren amaieran kokaturiko ihesaldi baten erretratua, Jone Laspiur du protagonista nagusia
…
Isolamenduari, itxaroteari eta nortasun irrikari buruzko filma da Negu Hurbilak, eta ihesaldi baten historia kontatzen du. Zubietan (Nafarroa) burutu dituzte errodaje lanak eta, hain zuzen, bertako herritarrak aritu dira antzezle lanetan. Haiekin batera, Jone Laspiur -2021eko Emakumezko aktore berri onenaren Goya sariduna- izan da aktore profesional bakarra, neska protagonistaren azalean.
Ekain Albite, Mikel Ibarguren, Nicolau Mallofré eta Adriá Roca zuzendariek osaturiko Negu Kolektiboaren lehen fikziozko lana da honakoa, eta Maluta* films eta Cornelius Films izan ditu ekoizle. Locarnoko (Suitza) Nazioarteko Zinema Jaialdiko Cineasti del Presente sailean (mundu osoko zuzendari hasiberrien lehen eta bigarren filmei eskainitako lehiaketa) izan zuen filmak mundu mailako estreinaldia, Epaimahaiaren Aipamen Berezia eskuratuta. Ordutik, beste hainbat zinemalditatik igarota osatu du bidea: SEMINCI-Valladolideko Nazioarteko Zinemaren Astean esaterako, non film luzeei eskainitako Punto de Encuentro sailean aritu zen, gaikako edo estiloko balioagatik garrantzi berezia duten fikziozko beste hainbat lehen edo bigarren filmekin batera.
Halaber, Epaimahai Gaztearen saria eskuratu zuen Madrilgo Márgenes Zinemaldian, eta Bartzelonako L’Alternativa jaialdiko Sail Ofizialeko lehiaren parte izan zen. Aurrera begira, Atenasko KINO – Zinema Independentearen Nazioarteko Jaialdian izango du hurrengo hitzordua.
Hori baino lehenago, Begin Again banatzailearen eskutik estreinatuko da filma otsailaren 23an, Hego Euskal Herriko zein Espainiar estatuko zinema-areto komertzialetan.
Negu Kolektiboko kideen zuzendaritzarekin, Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék, Xalba Ramirezek eta Adrià Rocak idatzi dute gidoia; Ekain Albite eta Edu V. Romero arduratu dira edizio lanez. Javi Sevak egin ditu argazki-zuzendaritza lanak, eta Justina Monserrat aritu da arte-zuzendari. Talde artistikoari dagokionean, Jone Laspiur da aktore profesional bakarra, eta Zubietako herritarrak gainerakoa protagonistak: Beñardo Mutuberria, Ana Hualde, Markos Juanikorena, Ibai Juanikorena eta Bautista Santesteban.
Maluta* Films (Euskal Herria) eta Cornelius Films (Herrialde Katalanak) ekoiztetxeen babesarekin, Ritxi Lizartza eta Mikel Mas dira filmaren ekoizleak. Halaber, Carlota Darnell eta Roos Van den Heuvel aritu dira ekoizpen exekutiboan; eta Guille Ortuño ekoizpen-elkartuan. Fimak EiTBren parte-hartzea, Otxoa de Barandika Fundazioaren babesa eta Navarra Film Industry erakundearen laguntza izan du.
NEGU KOLEKTIBOA. Ekain Albitek, Mikel Ibargurenek, Nicolau Mallofrék eta Adrià Rocak osatzen dute Negu Kolektiboa. Kataluniako Zinema eta Ikus-entzunezkoen Goi Eskolak (ESCAC) elkartutako ikasle-taldea da, jatorri desberdin eta oso urrunekoak. Eskolarako proiektuak garatu eta sortu ahala, sorkuntza horiei ekiteko orduan antzeko kezkak eta ikuspuntuak partekatzen zituztela sinetsita elkartu ziren orain lau urte. Bere lehen proiektuak, Euskal Herrian errodaturiko Erroitz filmak, jarri zuen gaur egun eraikitzen ari den sorkuntza eta konplizitate-bidearen hasierako harria. Urtebete geroago ekin zioten bigarren proiektuaren ekoizpenari: Uhara, 16 mm-tan errodaturiko metraje erdiko pieza, izandako gaztaroa eta orduko energia irrikatzearen ingurukoa. Era berean, bi proiektu horien artean, Kataluniako errealitatearen inguruko sorkuntza batzuk landu zituzten ere, hala nola 16 mm-tan filmatutako A rabassa morta. Bidean aurrera, konplizitatea, esperientzia eta baliabideak pilatzearekin bat, kolektiboa handitu eta zinemaren esparruko kide berriak batzen hasi ziren, baita ingurune akademikotik kanpokoak ere. Orain, kolektiboa inoiz baino indartsuago dagoela azaldu dute, “gogoa eta grina batzen jarraitzen dugu, bizitzaren konplexutasunaz eta benetakotasunaz hitz egiten duten proiektuak eraikitzen eta sortzen jarraitzeko”.