Naia Laka: “Zinemiran sartzea lorpen itzela da, atal horrek euskal zinemagintzan duen pisua eta eragina kontutan hartuta”

Naia Laka –

‘Zortzitik infinitura’ Benito Ansola zinemagilearen ibilbidea jarraitzen duen lana da, Miren Agur Meabe idazlea bidelagun duela, baita euskal zinemaren eta euskarazko zinemaren historia ere. Naia Laka zuzendariarekin hitz egin dugu Zinemaldiaren 72. edizioko Zinemira sailean parte hartuko duen dokumental honi buruz.

‘Zortzitik infinitura’

Nola sortu zen dokumental hau filmatzeko ideia?

Benito Ansola abade lekeitiarrak bere bizitzan zinemarekin izan duen erlazioaren inguruko ikus-entzunezko bat sortzeko ideia beti izan dut bueltaka. Urteen joanean, proiektu hura gordea izanik, euskal zinemari buruzko euskarazko ikus-entzunezko bat sortzeko aukera suertatu zenean, Benitoren istorioa kontakizun horretarako hari perfektua zela ikusi genuen, eta hala sortu zen ‘Zortzitik infinitura’. Benitoren istorioa jarraituz, euskal eta euskarazko zinemak izan duten bilakaera kontatzen da lan honetan.

Izan al zen oztopo nabarmenik proiektuaren hasierako fasean?

Proiektu honen hasierako lanik zailena kontakizuna sostengatzen duten protagonistak hautatzea eta horien elkarrizketak gure grabaketa planera egokitzea izan zen. Egun zehatzak genituen elkarrizketak burutzeko, eta ez zen jarduera erraza izan protagonisten agendek gure grabaketa baldintzekin bat egitea.

Zer irizpide erabili zenituzten antzezle-zerrenda hautatzeko?

Protagonista edo haria Benito Ansola izango zela eztabaidaezina zen eta dokumentalaren gidaria Miren Agur Meabe izango zela ere hasieratik izan genuen argi. Lekeitiarra, Benitoren ezagun eta laguna, eta euskal kulturan pertsona oso esanguratsua da bera. Protagonisten hautaketa-irizpidea ere argia izan zen. Elkarrizketatuen zerrenda euskal zineman eta euskarazko zineman eragina izan duten figurek osatu behar zuten, zinemaren bilakaera bizi izan dutenak eta bere arrastoa utzi dutenak. Euren bizipenek eta pasarteek janzten dute kontakizuna.

Nolakoa izan da lana filmatzeko esperientzia?

Esperientzia berezia, aberasgarria eta paregabea izan da, bere erronka eta zailtasun guztiekin. Dokumental honen sorkuntzak erakutsi dit “euskal zinemaren loraldia” deitzen dugun garai honetara heltzeko zein oztopo eta zailtasun igaro behar izan duen bertako zinemak. Eta zein garrantzitsua den euskararen eta euskal kulturaren sustapenean euskarazko zinemari ere bere lekua ematea, gure kulturaren funtsezko erakusleiho izanik.

‘Zortzitik infinitura’ Donostia Zinemaldiko Zinemira sailean proiektatuko da. Nola jaso zenuen albistea?

Sorpresaz hartu nuen albistea, sorpresaz eta poztasunez, Zinemira sailean sartzea ez baita edonolako saria. Lorpen itzela da, Zinemirak euskal zinemagintzan duen pisua eta eragina kontutan hartuta. Dokumentalarekin lortu genezakeen saririk handiena izan da, dudarik gabe.

Zure ustez, zer harrera emango dio publikoak?

Ezin jakin nolako harrera izango duen. Errespetu handia sortzen duen publikoa da Zinemirakoa. Nire desira bakarra euskal zinemari eta euskarazko zinemari buruz zertxobait gehiago ikasteko balio izatea da, eta Benito Ansola eta bera bezalako figurek eta Euskal Zine Bilera bezalako jaialdiek bertako zineman egin zuten ekarpenaren kontzientzia piztea.

Zinemaldiaren ondoren, zer ibilbide izango du obrak?

Aurtengo egutegiari dagokionez, Zinemiraren ondoren beste jaialdi batzuetan aurkeztuko dugu dokumentala, Lekeitioko Euskal Zine Bileran eta ZINEBIn, besteak beste.

Baduzu beste proiekturik esku artean?

Proiekturen bat badut esku artean, baina oraindik gauzatzeko moduak behar ditut. Zaila da aurrera eramaterik lortuko dugun jakitea, baina ‘Zortzitik infinitura’ lanak horretarako bultzadatxoa ematea espero dugu.

Naia Laka

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude