Nafarroa Oinez 2012ko abestia eta bideoklipa
Nafarroa Oinez 2012ko abestiaren hitza Julio Sotorena da, San Fermin Ikastolako ikasle ohia eta Nafarroako Bertsolarien Txapelketako txapelduna, eta kantuaren bidez adierazi nahi da hizkuntzek mundua kolore anitzez margotzen ahal dutela eta Nafarroa Oinezen eta ikastolen koloreak euskararenak direla eta euskararen bidez ere, euskara erabiliz, mundu desberdinak margotzen ahal direla. Musika Trikidantz talde nafarrak egin du eta hautatu zen lehiaketatxo baten ondoren. Aire alaia eta sarkorra da, dantzatzeko modukoa.
Bideoklipari dagokionez, San Fermin Ikastolako pilotalekuan gehienbat gertatzen den istorio bat kontatzen da, hau ere margoei eta koloreei lotuta. Irudietan jende pilo bat dabil hormirudi bat margotzen eta margoekin jolasten, baina emaitza bukaerara arte ez da ikusten eta azkeneko eszenan agertzen dena da aurtengo logotipo koloretsua horma batean margotua.