Muted-en lan berria: melodikoagoa, baina izaeari eutsiz
Taldeak hartu duen norabidearen argigarri da abeslariaren ahotsa: “ahotsari dagokionez aldaketatxoa badago: disko honetan ez dago garrasi bat bera ere, dena da melodikoagoa. Aurreko diskoarekin eta lehenengoarekin daukan alde nagusia horixe da: ahotsarena”. Hala ere, “lehenago Muted entzun duenak jakingo du Muted entzuten ari dela”, diote aldaketak taldearen sustraei ez diela hainbeste eragin aditzera emanez.
Musikalki ez ezik, taldekideen artean eta euren estetikan ere aldaketak egon dira. Batetik, Aitzolek eta Anderrek taldea utzi dute eta Tito baxujolea gehitu zaie. Orain sei kidek osatzen dute Muted. Bestetik, musikalki hartu duten norabidearekin bat, taldearen estetika ez da lehen zen bezain iluna.
Diskoa Berrizko Lorenzo Recordsen grabatu eta Madrilen nahastu dute Sober taldeko kidea izan zen Carlos Escobedoren laguntzarekin, besteak beste. Platerueneko aurkezpenari buruz zer diote: “Asko landu dugu aurkezpena: hainbat sorpresa izango dira, eta Aitzolek ere parte hartuko du. Aurkezpeneko espektakuluak emango du hizpiderik, bai”.