Musika eta sentimendua
Musika eta sentimendua –
2009-5-27
Eztabaida sakona baino entretenigarria zen. Gilmour goratzen zuenaren argudiorik errepikatuenak ‘sentimendua’ berba zuen muinean. Ez omen dago zeru-lurretan sentimenduen hariak hain maisuki mugitzen dituen besterik. Sarritan entzun dut arrazoi bera (aldizkarietan, Interneteko foroetan…) Gilmourren inguruan.
Ematen du eremu hori lantzeko eskuduntza berea bakarrik dela, baina musikari guztiena da; musikak, oro har, horixe du helburu. Musikari bakoitzak sentimenduak transmititzeko zer baliabide aukeratzen eta jorratzen dituen, hortxe dago gakoa.
Gilmourrek ukitu melankolikoa, diafanoa, samurra, neurtua, zerutiarra nahi bada, ematen zion (eta dio) bere musikari. Arma horiek darabiltza bere mezua helarazteko, Jimmy Page jaunak bere propioak darabiltzan moduan; eta bien helburua entzuleengan eragitea da, besoko ileak tentetzaraino eta bihotza gustuz inarrosteraino, posible bada. Mozartek asmo berarekin konposatu zuen eta Ramones taldekoak ere ideia horrexekin sartzen ziren estudiora. Askotariko bideak, baina helburu bera.