Munduko argazki lehiaketarik handiena martxan da: #WikiLovesMonuments

Xibarta balea heganWikiLovesMonuments –

2010ean Herbehereetako wikilari talde batek “Wiki Loves Monuments” lehiaketa jarri zuen martxan. Helburua, herrialde horretako monumentu eta ondarearen inguruko argazki libreak jasotzea zen, mundu guztian zehar libreki erabili ahal izateko. Lehen urte horretan 12.500 argazki jaso zituzten eta, arrakasta ikusita, antolakuntza hedatzen hasi ziren: Europa mailan 2011n eta mundu mailan 2012tik aurrera.

Geroztik 76 herrialdetan antolatu da lehiaketa, 1.500.000 monumentu ezberdin identifikatuz eta 1.700.000 argazki jasoz. Orain arte 60.000 pertsonek hartu dute parte irailero antolatzen den lehiaketa honetan.

Aurten Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak, lehen aldiz, Euskal Herrian antolatuko du lehiaketa hau, gure ondarea dokumentatzeko aukera ederra emanez. Euskal Herrian dugun ondorearen zerrenda zabalak osatu ditugu sarean, eta bertan agertzen den edozein monumenturen argazkiak bidal daitezke lehiaketan parte hartzeko. Gurean hautaturiko argazkirik onenek, gainera, nazioarte mailan ospatuko den lehiaketan parte-hartzeko aukera ere izango dute.

Aurreko bi urteetako irabazleetako batzuk:

Argazki lehiaketan sari handiak izango dira, hilabete honetan zehar argitaratzen joango garenak Wikipediako orrialde berezian. Hasteko, Azkue Fundazioak sakeleko telefonoarekin argazkiak egiteko ekipamendua eskainiko du, baita bi Tablet ere. Baina aurrerantzean izango dira sari bereziak, argitaratuko ditugun lehia zehatzak.

Gainera, edizio lehiaketa bat antolatu dugu, ondareari buruzko artikuluak osatzeko asmotan. Edizio lehiaketa honetan edukiak du garrantzia, sortutako eta hobetutako artikuluak puntuatuz. Koldo Mitxelena Liburutegiak eskainitako 10 liburu izango dira lehiaketa honetan.

Wiki Loves Monuments lehiaketan mundu osoko 42 herrialdetako argazkiekin har daiteke parte. Aukera paregabea da, beraz, udako opor horietako argazkiak igo eta munduarekin partekatzeko. Irailaren 1etik 30era egongo da tartea parte-hartzeko eta helbide honetan duzue horretarako behar den informazio guztia: https://eu.wikipedia.org/wiki/Wikipedia:WikiLovesMonuments_2017

Gehiago jakiteko

Helbide orokorra
https://www.wikilovesmonuments.org

Proiektuaren inguruko lotura ugari eta aurreko urteetako irabazleak
https://commons.wikimedia.org/wiki/Commons:Wiki_Loves_Monuments_2017

Euskal Herriko argazkien gunea
https://commons.wikimedia.org/wiki/Category:Images_from_Wiki_Loves_Monuments_2017_in_the_Basque_Country

WikiLovesMonuments