Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak Nosferatu 2025eko programazioan
Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak Nosferatu 2025eko programazioan –
Datorren urtarrilaren 15ean, bihar eta Tabakaleran, Nosferatu ziklo berria hasiko da: Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak. Ziklo hau ikuspegi femenino eta feministatik hurbiltzen da zinemaren historiara, eta bere 130 urteak errepasatuko ditu garai eta jatorri guztietako emakume sortzaileek zuzendutako filmen bitartez.
Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute zikloa, Tabakaleraren eta Institut Valencià de Cultura – La Filmotecaren lankidetzarekin, eta 2025eko urtarriletik abendura bitartean garatuko da.
1896tik, Alice Guy aitzindari frantsesaren lanekin hasita (bera izango da lehen saioan protagonista eta bere hiru film proiektatuko dira Mabel Normanden film batekin batera) gaur arte, ziklo honek emakume zuzendari, gidoilari, ekoizle eta aktoreen lana berrikusi, proiektatu eta aldarrikatu nahi du; haietako batzuk azken urteetan aitortuak eta erreibindikatuak izan dira, eta beste asko, berriz, ahaztuak eta zinemaren historiatik ezabatuak.
Bertan, emakume zinegileek sortutako 30 film baino gehiago proiektatuko dira. Zikloak abiapuntutzat duen izenburu bereko Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine liburuan, Colección Nosferaturen 21. zenbakian, Elisa McCausland eta Diego Salgado koordinatzaileek hiru kategoria (klasikoak, modernoak eta bitxiak) osagarritan kokatu dituzte filmak, elkarri galde egin eta elkarren arteko lotura etengabea erakusten.
Horrela, ibilbideari hasiera emateko, aitzindarien lana erakusten da, besteak beste hauena: Lois Weber, Frances Marion, Musidora, Leni Riefenstahl, Dorothy Arzner, Ana Mariscal eta Ida Lupinorena. Klasiko haiek “askatasun osoz jokatu zuten, zinema abenturazaleentzat, ekintzaileentzat eta hizkuntza berri baten sortzaileentzat erreserbatuta zegoenean, eta feminismoaren lehen olatuak emakumeei ohi ez bezalako agentzia eman zienean gizartean eta lan munduan” (aipu hau, hurrengoak bezala, aipatutako liburuko Elisa McCauslanden eta Diego Salgadoren hitzaurretik aterata dago).
Ibilbideak aurrera jarraitzen du, beste askoren artean, Agnès Varda, Chantal Akerman, Lorenza Mazzetti, Lina Wertmüller, Larisa Shepitko eta Barbara Lodenekin. Zinemagile moderno haiek “bigarren olatuko feminismoaren eta olatu filmiko berrien lorratzari jarraituz jardun zuten Europan eta Estatu Batuetan (eta beste zenbait lekutan) monopolio industrial eta formal tradizionalen kontra”.
Uda ostean, hauekin osatuko da zikloa, “emakume sortzaile sailkaezinak, bitxiak, izugarriak; bai masa-zinema artikulatzen duten kode generikoetan bai haiek bezain zurrunak diren kodifikazioetan nekez sar daitezkeenak, zinema independentea, alternatiboa edo esperimentala eta feminismo hegemonikoak bideratzen dituzten horietan”. Besteak beste, Susan Seidelman, Naomi Kawase, Kathryn Bigelow, Jane Campion, Marina de Van eta Isabel Coixet agertuko dira udazkenean TBKko pantailan zikloari azkena ematera.
Zikloarekin batera, ohi denez, bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehen aipatutako Clásicas, modernas y extrañas. Historias feministas del cine liburuaz gain, 2025eko urtarrilean argitaratuko dena, Nosferatu Bildumaren 13. zenbakia, euskaraz, Iratxe Fresnedak koordinatuko du, eta datorren urtearen amaieran aterako da argitara.
.
Lehen hiruhilekoaren programazioa:
Urtarrilak 15
El hada de las coles (La Fée aux Choux, 1896). Alice Guy
Falling Leaves (1912). Alice Guy
Charlot en el hotel (Aventuras extraordinarias de Mabel). (Mabel´s Strange Predicament, 1914). Mabel Normand
The Ocean Waif (1916). Alice Guy
Urtarrilak 22
El borrón (The Blot, 1921). Lois Weber
Urtarrilak 29
The Love Light (1921). Frances Marion
Otsailak 5
Sol y sombra (La española) (Soleil et ombre, 1922). Musidora & Jaime de Lasuén
Das blaue Licht (1932). Leni Riefenstahl & Béla Balázs
Otsailak 12
Hacia las alturas (Christopher Strong, 1933). Dorothy Arzner
Otsailak 19
Segundo López, aventurero urbano (1953). Ana Mariscal
Otsailak 26
Meshes of the Afternoon (1943). Maya Deren & Alexander Hammid
Together (1956). Lorenza Mazzetti & Denis Horne
Martxoak 5
Ultraje (Outrage, 1950). Ida Lupino
Martxoak 12
La Pointe Courte (1954). Agnès Varda
Martxoak 19
La ciudad perdida (1954). Margarita Alexandre & Rafael Torrecilla
Martxoak 26
Araya (1959). Margot Benacerraf
Klasikoak, modernoak eta bitxiak. Zinemaren istorio feministak Nosferatu 2025eko programazioan