Miyazakiri Donostia saria emateak eman dio hasiera Zinemaldiaren 71. edizioari
Miyazakiri Donostia saria hasiera Zinemaldiaren 71. edizioa –
“Eskerrik asko izen handiko sari honengatik”, adierazi du maisu japoniarrak animaziozko zinema goraipatu duen zeremonian
Claire Denis: “Zinema-jaialdi bat sormenerako leku bat da non lehia ez baita garrantzizkoena”
Hayao Miyazaki zinemagile japoniarrari Donostia saria ematea izan da Donostia Zinemaldiaren 71. edizioaren inaugurazioaren ardatza. Irekiera-galan, bada, programazioaren berri eman da eta animaziozko zinema goraipatu da. Eva Hachek eta Gorka Otxoak aurkeztu dute zeremonia Kursaal auditoriumean, eta, agindu dutenez, zinemaren jai handia egingo da bederatzi egunez. Guztira, 232 film emango dira sail ezberdinetan.
“Eskerrik asko, Donostia Zinemaldia, izen handiko sari honengatik. Une honetan, egunero nago estudioan, Ghibli parkerako erakusketak sortzen. Espero dut filmarekin gozatzea”, esan du Miyazakik Zinemaldiari igorritako bideo batean. Horretan, Donostia sariaren estatuatxoarekin batera ageri da. Jarraian, ikusleek Kimitachi wa do iki ruka / The Boy and the Heron inaugurazio-filmaren Europako estreinaldiaz gozatu dute; alegia, Japoniako animazioaren maisuaren azken lanaz.
Zinemaldiko zuzendari José Luis Rebordinosek Hayao Miyazakiri emandako saria aurkeztu du. Haren ustez, “bere istorioek eduki sakona dute, maisua da eszenaratzean eta bere proposamen artistikoa edertasun handikoa da”. “Gainera, sortu dituen munduek eta pertsonaiek amesteko eta bere buruaren barrualdera bidaiatzeko bide ematen digute. Gizon azkarra da, bere irudimenak ez du parekorik eta gu, bere zinemari esker, pixka bat hobeak gara”, nabarmendu du.
Edizio honetan, animaziozko beste bi film lehiatuko dira Sail Ofizialean: Isabel Hergueraren El sueño de la sultana / Sultana’s Dream (Sultanaren ametsa) eta Fernando Truebaren eta Javier Mariscalen They Shot the Piano Player. Hori horrela, Mireia Gabilondok zuzendutako eta Bob Popek idatzitako galan, bere garaian Zinemalditik igaro ziren animaziozko film batzuen irudiak jasotzen dituen bideo historiko bat eman da. Film horien artean daude One Hundred and One Dalmatians (1961), Kalabaza tripontzia (1985), Vals Im Bashir (2008), Futbolín (2013), Chihiroren bidaia (2001), The Boy and The Beast (2015) eta Black is beltza (2018).
Sofía Otero, Ane Gabarain, Kepa Errasti, Dolores Fonzi, Telmo Irureta, Bob Pop, Cayetana Guillén Cuervo eta beste artista batzuek parte hartu dute galan. Gainera, Dominic West aktore britainiarrak FIPRESCI Sari Nagusia aurkeztu du. Hirugarrengoz, Aki Kaurismäkik jaso du saria, Kuolleet ledhet / Fallen Leaves filmarengatik –Perlak sailean dago–. Avalon ekoizpen- eta banaketa-enpresaren zuzendari nagusi Stefan Schmitzek jaso du saria, haren izenean.
“SORMENEKO LEKU BAT”
Urrezko Maskorra eta palmareseko gainerako sariak emateaz arduratzen den Epaimahai Ofizialeko kideak ere ikusi ditugu agertokian: Claire Denis frantziarra, epaimahaiburua; Fan Bingbing aktore txinatarra; Cristina Gallego ekoizle, zuzendari eta idazle kolonbiarra; Brigitte Lacombe argazkilari frantziarra; Robert Lantos ekoizle hungariarra; Vicky Luengo aktore espainiarra; eta Christian Petzold zinemagile alemaniarra.
Bere hitzaldian, Claire Denisek esan du epaimahaiburua izatea “erronka bat” dela. “Zinema-jaialdi bat oso zirraragarria den zerbait da, sormenerako leku bat da non lehia ez baita garrantzizkoena. Zinearekiko konpromisoak mugitzen gaitu epaimahaikide guztiok, eta espiritu horrek gidatuko gaitu. Eskerrik asko eta Zinemaldi zoriontsua opa dizuet”, esan du.
Art Déco estiloko eszenografiaz Cesc Calafell arduratu da eta Audience talde gernikarrak ilustratu du gala bere zuzeneko abestiekin. Gaueko unerik hunkigarrienetako bat iritsi da María Berasartek Luis Eduardo Auteren Al alba kantatu duenean, zendu berri diren pertsonen omenez. Aurtengo edizioa honako pertsona hauei eskainita dago: Manolo Pérez Estremera, Guadalupe Echevarría, Tito García Camino, Berenice Reynaud, Jose Luis Rubio eta Seve Sánchez.