‘Millenium’ euskaraz, hemendik hogei urtera…

“Lisbeth Salander da azkenaldian ezagutu dudan emakume interesgarriena”, idatzi nuen Urola Kostako HITZAko blogean duela zenbait aste. Bai. Ni ere Stieg Larsson suediarraren Millenium trilogiak Europa osoan harrapatutako ehunka mila irakurle horietako bat naiz.

Liburu salduena bihurtu da hainbat herrialdetan Millenium trilogiaren liburuki bakoitza. Baita gurean ere. Lagunak, senideak eta lankideak ez ditut inoiz liburu bati buruz hainbeste hitz egiten ikusi. Ez ditut ingurukoak liburu batzuei buruz halako pasioarekin inon hitz egiten entzun.

Eta guztiek gazteleraz irakurri dituzte trilogiaren lehen bi liburukiak.

Gaur, kiosko.net webgunean egunero bezala bateko eta besteko egunkarien azalak ikusten ari nintzela, Kataluniako Avui egunkarian honakoa ikusi dut:

avui1

Gaur banatzen dute lehen kupoia, eta denak osatzen dituztenen artean Millenium trilogiaren hirugarren liburukiaren 50 ale zozkatuko dituzte. Ez dago esan beharrik lehen biak ere irakur daitezkeela katalanez.

Euskaraz ez, noski.

Nire inguruko guztiek gazteleraz irakurri dituzte lehen bi liburukiak, nik neuk bezala. Akaso hemendik 20 urtera irakurri ahal izango ditugu euskaraz… Literatura unibertsala euskarara ekartzeko ekimena egundokoa da, beharrezkoa inolako dudarik gabe, baina ezinbestekoa iruditzen zait best-seller garaikideak ere euskaraz irakurri ahal izatea.

Horretarako, liburu batek zer eskaini behar duen, literatura ona zer den, salduenen morrontzan erortzeak duen arrisku larria, zer eta zergatik itzuli behar den, irakurlegoa zabaltzeko modua zein den eta abar luzea hartu beharko genuke hizpide, baina hori beste kontu bat da, mamitsua izan arren, argitaletxeek liburuak itzultzeko zer-nolako laguntza jasotzen duten, ala ez duten jasotzen, eta antzekoekin batera.

Bien bitartean, ordea, ezin izan dut Millenium euskaraz irakurri, espainiarrek gazteleraz, frantsesek frantsesez, suediarrek suedieraz edota kataluniarrek katalanez bezala, batzuk soilik aipatzearren. Nire alabak beharbada hemendik hogei urtera irakurri ahal izango du euskaraz, baina bitartean euskarazko literatura zenbat irakurle galtzen ari den eta irakurlegoa zabaltzeko zenbat aukera galtzen ari garen hausnartu beharko genuke behintzat.

ZuZeuko erredakzioko kazetariak eta editoreak gara.

3 pentsamendu “‘Millenium’ euskaraz, hemendik hogei urtera…”-ri buruz

  • edorta jimenez 2009-07-07 13:08

    Bart amaitu nuen trilogiako lehenengo liburua irakurtzen. Bigarrena noiz eskuratuko lotu nintzen, hemen, Ingalaterran, lehenengo biak agortuta baitaude. Harrigarri egin zait gazteleraz duen tituluak eta ingelesezkoak elkarrekin zerikusirik ez izana. Ingelesez “Dragoiaren tatuiadun neska” da. Are harrigarriagoa, gaztelerazko “Los hombres que no amaban a las mujeres” hori ere okerreko itzulpena dela ikustea, oker ez banago “Emakumeak gorroto dituzten gizonak” edo izan beharko litzateke eta. Suedieraz titulua jakin dezakeen norbaiten bila nabil. Bitartean editorialen politikaz oharra: titulu itzultzean liburuaren edukiari traizio egitea zilegi zaie, antza, trazioak liburu gehiago saltzen laguntzen baldin badu. Imajinatu ahal dugu nork erosiko lukeen “Los hombres que odiaban a las mujeres”. Suedieraz dakien balizko horren bila, laster arte, Gari.
    Edorta Jimenez

  • Iban Zaldua 2009-07-09 01:47

    Gari, Edorta: seriotan ari al zarete?

  • Edorta Jimenez 2009-07-10 10:37

    Iban, irakurri al duzu liburua? Honi erantzun ostean esango dut nire iritzia, gehienbat neure buruari egiten diodan galdera mordoa dena, iritzia barik. Bitartean tituluen kontu horrek kezkatzen nau. Ez daki inork lehenengo liburuaren titulua euskaraz zein litzatekeen?