Michel Houellebecq paradigmatiko?
Paradigmatiko hitzak horixe esan nahi ei du: eredugarri. Baina bai ote? Bai ote dago esaterik Michel Houellebecq, gaur eta hemen eredugarria dela gainerako idazleentzat?
Bistan da gauza batzuetan baietz: irakurle andana pozten eta sutzen ditu aldi berean, nahi adina liburu saltzen du, sariak trumilka, artikuluak ehunka, lteratura munduko biztanleen ahotan dago beti… Alabaina, iruditzen zait, bere testu askoren oso zalea naizen arren, ez dela hain errazki defendatzeko moduko morroia.Batez ere Intervenciones bere artikulu bilduma irakurri eta gero diot hau guztia.
Alde batetik oso urruti geratzen zait Houellebecquek daukan jakintza maila ikaragarria. Nik ez diot hurrik ere ematen ahal bere motxila beteari. Gai da edonori aurre agiteko dialektikan, berdin da filosofo, politikari, idazle edo kazetari den, Houellebecquek gordin botako ditu bota beharrekoak: “Harritu egiten nau Bourdieuk edo Baudrillardek euren txorradak argitaratzen dizkieten egunkari eta aldizkariak nola aurkitzen dituzten hain errazki…”, “(Zientzia-fikzioaren generoari buruz diharduelarik) Aipatu ditudan zientzia-fikzio idazle horietako edozeinen ipuin bakar batek, gehiago ekarri dio literaturari, nouveau romaneko egile guztiek batera baino, edota polizi-eleberri eta beltzaren idazle gehienek baino”.
Bai, baliteke zinismoaz gain, boutade huts izatea Houllebecquen baieztapen asko, baina lagun bi ditut haren lagun direnak eta badakit dioena ez dela axalkeria soila. Ezin da koldarra izan “Musulmana da erlijio guztien artean estupidoena” idatzi eta gero, jaso dituen mehatxu eta zalaparten aitzinean gordetzen jakin duen kategoria. Plataforma eleberrian izan zen hori, nik sekula irakurri dudan eleberri on eta gogorrenetako batean.
Bai, badakit Houellebecqu ez dela inorekin ezkontzeko modukoa, ez eta bere buruarekin ere: “Ez zait neure burua atsegin. Sinpatia oso gutxi diot eta esker onik bat ere ez; gainera badakit ez naizela batere interesgarria. Aspaldi ezagutzen ditut nire berezitasun handienak, eta nazkatuta naukate…”. Hala ere, berari irakurri dizkiot azken urteotan irakurle naizen aldetik gehien eskertzeko moduko lerroak. Esate baterako Lanzarote liburuak asko lagundu zidan turismoan han-hemenka aurkitzen dudan jendea ezagutzen… Bere beste eleberri batzuk edo Bernard Henry Levyrekin egindako beste hura, gogoangarriak zaizkit…
Bestalde ezin ukatuko dut kolokan jartzen nautela bere baieztapen arranditsuek (hau ez dut gazteleratik itzuliko): “Personalmente, siempre he considerado a las feministas unas amables gilipollas, en principio inofensivas, pero a quienes,por desgracia, su desarmante falta de lucidez vuelve peligrosas”. Bai, badakit edonor haserretzeko modukoa dela hori guztia, ezkerrari buruz esaten duenean bezala: “Laburbiltzeko: ezkerreko jendeak, ezkerreko hankarekin hasi zuen pausoa”.
Kontua da, ordea, iritzi borobildua ematen duela gero, oso originala gehienetan eta zer pentsatua ematen duena beti. Ironiaz betea, gordina, indartsua… baita bere idazle izaera deskribatzeko ere gaztelaniaz uzten dudan hau: “El escritor de éxito se beneficia de ciertos productos de lujo, que la sociedad reserva a sus miembros eminentes o ricos: pero, para un hombre, el mejor regalo de la gloria es eso que se ha dado en llamar, utilizando el término anglosajón, las groupies. Son chicas jóvenes, sensuales y bonitas, que queieren ofrecerete su cuerpo en aras del amor sólo porque tú has escrito unas cuantas páginas que les han llegado al alma. Ahora me parece posible cansarme de las groupies y de la gloria; sería muy triste, pero posible. E incluso en tal caso creo que seguiría escribiendo”.
Zenbat halako lerro neurrigabeko? Hala ere, ez beza inork pentsa itsu-itsua naizenik haren lanekiko, ikusi dizkiodan zinema lanak, esaterako, ez gustatzeaz gain, txar-txarrak direla esango nuke.
Idazterakoan baina, beste bat da kontua. Gogoan dut, esaterako, joan zen azaroan, La carte et le territoire irakurtzen hasi eta ustegabeki jaso nuen irakaspenaz idatzi nuena. Gutxi egon dira halako eleberri-hasierak nire irakurle bizitzan, gutxitan halako irakur-mina.
Frantsesez, ordea, ez dut behar bezala gozatzen ikasi oraino, eta bertan behera utzi nuen irakurketa Mapa eta lurraldea horren itzulpena euskaraz edo gaztelaniaz argitara dezaten arte. Galdera aspaldi egin nuen Anagraman eta badakit Irailean argiataratuko dutela, kurtsoa hastearekin. Irrikitan nago.
Ez dakit Michel Houellebecqu paradigmatikoa izango den ala ez, baina badakit oraindik irakurri ez diodan liburu horrek, itzal egiten diela uda honetan irakurtzen ari naizen beste irakurgai guztiei. Ez da meritu makala.