Memoria lesbikoa eta ultraeskuinari erresistentzia, Zinegoakeko aurtengo sarien protagonistak
Memoria lesbikoa eta ultraeskuinari erresistentzia, Zinegoakeko aurtengo sarien protagonistak –
Tzeli Hadjidimitriou zuzendariaren Lesvia dokumentalak irabazi du Zinegoak 2024 Sari Nagusia, EITBren babesarekin. Lillah Hallaren Levante filmak Aniztasun eta Giza Eskubideen eta Lesbianismo eta Generoaren sariak irabazi ditu. Publikoaren saria, bere aldetik, Elsa Aloisioren Au bord de nos nuits blanches film laburrak irabazi du.
Bilboko LGTBIQ+ 21. Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiak, Zinegoakek, edizio honetako sariak iragarri ditu gaur, Bilborock aretoan antolatutako itxiera ekitaldian. Memoria lesbikoak eta ultraeskuinari erresistentzia izan dira palmaresaren protagonistak. EITBk 4000 eurorekin babesten duen Zinegoak Sari Nagusia Tzeli Hadjidimitriou zuzendariaren Lesvia lanak lortu du. Epaimahaiak baloratu du “dokumental hau beharrezkoa da bizikidetzari espazioa eman eta jende arruntari ahotsa emateko. Ez ahazteko urte luzez lesbianismoak ez duela ikusgarritasunik izan, bazterketa pairatu duela, eta hau guztia kontuan hartuta ultraeskuinaren gorakada eta herrialde askotan neurri lesbofoboak hartzen ari direla”.
Lesvia izan da irabazlea DOK kategorian, eta bertan epaimahaiak aipamen berezia egin nahi izan dio Joris Lachaiseren Transfariana lanari, “ezinbestekoa baita pelikula hau ikustea, maisutasun handiz erakusten digulako FARC taldearen borroka marxista eta militarizatua borroka transfeministarekin, bat eginda sistema eraldatzeko”.
FIK kategoriari dagokionez, pelikula irabazlea Levan Akin zuzendariaren Crossing izan da, “Estambul zaratatsuaren erretratu bikaina egiten duelako. Pertsonaia guztiak elkarren artean bilatzen ari direla ematen du, baina batik bat, euren buruaren bila ari dira. Bere begirada zinematografikoagatik, gureak izan daitezkeen bizitza-bidaia horiekiko enpatia arraro bat sortzen duelako”.
KRAK sailean, narratiba berriekin lotutakoa, saria Lisa Gerig zinegilearen The Hearing, “Suitza/Europaren eta errefuxiatuen arteko immigrazioari aurre egiteko oso ondo antolatutako narrazioa delako. Gure europar ingurunean milaka pertsonak, kuir edo ez kuir, bizi duten drama soziala islatzen du”.
Lesvia pelikulaz gain, sari gehien jaso duen lana Lillah Halla zuzendariaren Levante filma da, “genero-aniztasuna irudikatzeagatik eta zaintza-sarea erdigunean jartzeagatik, eskubideen galerari erantzuteko eta faxismoak aurrera egin ez dezan”. Sari nagusi bi jaso ditu: Aniztasuna eta Giza Eskubideen saria (3000 euro, Bizkaiko Foru Aldundiko Lankidetzarako eta Dibertsitaterako Zuzendaritza Nagusiaren babesa duena) eta Lesbianismo eta Generoaren Saria (1500 euro, Bilboko Udaleko Berdintasun Sailaren eskutik). Aniztasun eta Giza Eskubideen epaimahaiak ere aipamen berezia eman nahi izan dio Jorge Cadenaren Flores del otro patio lana, “hizkuntza bisual indartsuarekin erakusteko sexu- eta genero-disidentziek LGTBI borroka gainditzen dutela, jatorrizko herrien lurraldearen eta eskubideen defentsarekin lotuz”.
Publikoaren saria, 1000 eurorekin, Elsa Aloisioren Au bord de nos nuits blanches lanarentzat izan da, sexu langileen eta trans emakumeen erresistentzia eta sororitate istorioa.
Senior epaimahaiaren sari nagusia Tomas Caliren L’esquisse pelikularentzat izan da, “artea komunikazio-bide unibertsal gisa planteatzen duelako” eta aipamen berezia Jone Arriolaren Dena asmatuta dago-rentzat, “gazte bi ikusten ditugulako elkarrizketa luze batean, berba perfektua bilatzen dute elkarrekin abiatzen ari diren bidea definitzeko”.
Gazte epaimahaiak, bere aldetik, Shuli Huang zuzendariaren Dang wo wang xiang ni de shi hou lana saritu du, “bakoitza bere aldetik artelantzat har daitezkeen irudiak eta esaldiak nahastuz narratiba bat sortzeko moduagatik”. Afioco Gnecco eta Carolina Yusteren Ciao Bambina lanari aipamen berezia eman diote, “gure ustez, historia errealista eta hurbila da, pertsona askok igarotzen duten errealitatea azaltzen duena, eta sentiberatasun eta naturaltasun handiz tratatzen dute”.
Euskal Aktoreen Batasunaren epaimahaiak Fikziozko Film Luzeko Antzezpen Nagusirik Onena Mzia Arabuli aktoreari eman dio, Crossing pelikulakoa, “bere begiradaren boterearen bidez publikoa bere emozio guztietatik bidaiarazteko duen gaitasun handiagatik”. Antzezpen Sekundariorik Onena Todo el silencio pelikulako Ludwika Paletarentzat izan da, “entzumen-aniztasuna duen pertsona bat egiazkotasun handiz interpretatzeko duen gaitasunagatik”.
ZG PRO Laborategia saria Bella Cintra eta Laurent López de Gardey lanarentzat Los Siento proiektuarentzat izango da, 1000 eurorekin, “ideiak duen originaltasuna eta freskotasunagatik”. Music Library ZG PRO Raul Villalbaren Las niñas de Canchas lanarentzat izan da, “euren film luzean musika urbanoaren erabileragatik”. Eta SSIFF ZG PRO saria Daniel Alegreteren High proiektuarentzat izan da.
Memoria lesbikoa eta ultraeskuinari erresistentzia, Zinegoakeko aurtengo sarien protagonistak